EUGENIO GUTIERREZ SALAZAR "Tigre"
(Leioa 1955.01.14, Mendi 1984.02.25)

Hedabideek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperako erreflexio eguna nabarmentzen zutelarik, eta Enrique Casasen kontrako atentatuaren inguruko erreakzioak oraindik ozenak zirelarik, GALek bere atzapar beltza luzatu zuen berriro Ipar Euskal herrian. Maule inguruko Mendi herrian, oraingo honetan. Bertako baserri batean errefuxiatu talde bat euskara ikasten ari zen. Ehun metroko distantzian ezkutatuta zegoen tiratzaile adituarentzat baserriko errefuxiatuetatik edozein zen diana egokia. Baaina una horretan Eugenio Gutierrez Salazar Tigre-ri etxeko atarira irtetea bururatu zitzaion, eta konturatzerako bala batek bularra zeharkatu zion.

Leioako errefuxiatua  1955eko urtarrilaren 14an sortu zen eta 1984eko otsailaren 25ean hil. Udondo auzoko Domini eskolan eta derioko Institutuan burutu zituen ikasketak. hamalau urte zituela aita hil zitzaionean, Eugenio Gutierrezek lanean hastea deliberatu zuen. Berangoko Alkonza enpresan egin zuen eskaria eta handik gutxira torneru lanetan ikasten zuen bitartean lanari ekin zion.

Hauxe izan zen bere garapen pertsonal eta politikoaren abiapuntua. "Torneru ona zen -dio Institutan ezagutu eta berarekin batera enpresa berean lanean hasi zen kide batek-. Alaia zen, lasaia, eta aldamenean zeukanari laguntza eskaintzeko prest agertzen zen beti".

Garai hartan inguru hartako giro politikoaren gunea Algorta zen. Bertan egiten zituzten asanblada, bilera eta manifestatietarako deiak. Leioan ez zen mugimendurik sortu 1975era arte. Poliziak martxoaren 3an Gasteizen bost langile hil zituenean, irteerako txanparen ordua heldu zitzaion Gutierrezi. Tigrek -besoan zeraman tatuaiagatik jarrio zioten ezizen hori- aktiboki parte hartu zuen protestaldietan. "Ausartenetariko bat zen, manifestazioetako lehenengo iladan ibiltzen zen beti. Handik aurrera -azaltzen du beste lagun batek- Herri honen alde borrokatu behar zela sinetsi zuen eta behin eta berriro errepikatzen zuen. 78-79 urteak bitartean, bolada bat langabezian pasatu ondoren, Labe Garaietako kontrata batean jarri zen lanean".



Euskalerritar tipikoa

Leioako etxea 1983an utzi zuen. Egun hartan arrebaren etxean zegoen Irene bere andregaiarekin. "Udondoko tren geltokiraino lagundu genion. Bertan zain zittuen mugaz bestaldera pasatzeko. Niri ez zitzaidan sekula burutik pasa ETAko militantea izan zitekeenik", azaltzen du arrebak. "Harritzekoa egiten zitzaidan antolamendu horretan zebilenik imajinatzea. Gai horietaz ez zen sekula mintzatzen eta ez zuen inoiz antzekorik ere aipatu".

Tigre ezagutu zuen errefuxiatu ohi bat bere izaeraz mintzo zaigu: "Eugenio euskalerritar tipikoa zen. Lagunekin irtetea gustatzen zitzaion, basoerdiak hartzen ibiltzea... Ez zen intelektual horietako bat, asko irakurtzen baldin bazuen ere. Egunerokoari loturiko gaiak gustatzen zitzaizkion eta menderatzen ez zituen gaietan zailtzen saiatzen zen. Azkenengo boladan drogaren arazoarekin kezkatuta ikusi nuen, luze jarduten zuen bere burutapenei buruz hizketan... Eztabaida eta debateetan parte hartzen zuen, baina lasai, ez zen sekula berotzen. Ez zituen inoren iritzi pertsonalak zentsuratzen; denak garela pertsonak eta denok huts egiten dugula, azkenean nork bere bidea egin behar duela esaten zuen. Hark oso garbi zeukan jorratu beharreko ildoa eta horren ondorioak ere onartuak zituen. Ez zen beldurtzen".

Urtebete besterik ez zuen egin Ipar Euskal Herrian. Donibane Lohizunen eta Ziburun bizi izan zen. Donibane Lohizunen errefuxiatu bikote batekin eta Titinekin, bion seme gaztearekin bizi zen. Titin istripu batetik sortutako hemiplejia txar batek jota zegoen. Zirenak eta bost egin zituen mutikoaren alde. "Aita balitz bezala zaintzen zuen haurra eta ahalegin guztiak egiten zituen Titinek une atseginak pasa zitzan".



Hutsetik hasi beharra

1983ko urrian, euskara ikasteko antolatutako ikastaro trinko harekin batera heldu zen Tigreren azken hatsaren ordua. "Hiru mailatan antolatu zuten barnetegia", dio bertan ikasitako batek. "Eugeniok hutsetik hasi behar izan zuen". Bertan ezarritako lege bakarraren arabera hitzik ere ezin zen erdaraz egin. "Hasi berrientzat, Eugenio kasu. oso gogorra egiten zen eguna eta oso egoera barregarriak sortzen ziren agindu hori zela medio. Imajinatzen ere zailak diren keinuak erabiltzen ziren ondokoak ulertzeko. Alta, Eugeniori ez zitzaion horren gaitza egin, eta ikastaroaren bukaera alderako, gainerakoek ulertzeko moduko maila lortua zuen".

Mendiko barnetegi hartako ikasleek parrandak egiten zituzten tarteka, baserrian bertan nahiz Maulen. "Zirian ari ginen gau batean, Eugeniok balei beldurrik ez ziela esan zigun. "Benetan berdurtzen nauena zera da: balek daramaten abiadura".

Mikel Goikoetxea Txapela-ren kontrako atentatuaren berria 1983ko abenduan heldu zen Mendira. "Luze aritzen ginen hizketan gure gorpuak erretzeari buruz. Tigre erabat ados agertzen zen. Pausu logikoa iruditzen zitzaion, borrokari eskainitako bizitzarekin bat zetorren erabakia. Bere ustez denok utzi behar genuen garbi hiltzen ginenerako gure azken asmoa zein zen. Egoera horretara heltzea egokituko balitzait -esan zuen- nere gorpua erre dezaten nahi dut, baina arrazoiak oso garbi azaldu behar zaizkio familiari". Ziur zen familiak ulertuko zuela".

Mendi inguruan auto susmagarriak antzeman zituztenen usteak egia bilakatu ziren. Eugenio Salazar Tigre hilzorian zerraldo erori zen baserriaren atarian, 1984eko urtarrilaren 25ean. Bere gorpua erre egin zuten, berak erakutsitako gogoari jarraiki. Eta Maulen, Donibane Lohizunen eta Leioan eskaini zitzaizkion omenaldiei beste bat erantsi behar zaio, jolaskide izan zuen mutikoaren gutuna: "Entzun dut albistea, baina ez dut ulertzen. Hil egin zaituzte. Gizon zoragarri hura, nire laguna, nire anaia, nire bigarren aita, eskolara bila etortzen zitzaidan adiskidea, erratz jokoan nirekin aritzen zen hura, ni arinago ibil nendin paseora eramaten ninduena, guztiz osatzeko animoak eta laguntza eskaini zidana... guzti hori garbitu dute".

(testoa eta argazkiak: "Euskadi eta Askatasuna" Txalaparta)





David Alvarez, Bilbon jaioa (26 urte) 1978; Lemoizen aurkitzen


: : : : : : : :