Ibai eta Guti 01:30 aldera iritsi ziren Leioako gasolindegira, bidean elkartu ondoren. Bertan ziren lagunak agurtu ostean bakoitzak bere herrira jo zuen, Guti Leiora, Kurkudi tabernan zain zituen herritarren harrera jasotzeko eta Ibai Algortara, herriko sarreran, ertzainek ere euren motako harrera egiteko Euskal Herria kalean jarritako kontrolean gelditu egin zutelarik.
Algortako Amnistia tabernan 80 lagun inguruk harrera beroa egin zioten Ibairi. Lagunak agurtu, loreak eskaini, aurreskua, bertso bat eta amnistiaren aldeko mugimenduaren eta bertan zeuden guztien izenean batek agurtu ondoren, Ibaik berak eskerrak eman zizkien bertan zeuden guztiei eta bera eta etxekoak lagundu dituztenei. Barruan gelditu direnak gogorarazi zituen, eta aipatu zuen goizean Joseba Elorriagarekin gimnasia egin eta arratsaldera arte ez zuela izan kaleratzeko abisua. Irtetea ere gogorra egin zitzaiola esan zuen eta denak animatu zituen aurrera segitzeko. Gero tabernako argazkia kendu, brindisa egin eta Ametsen zain gelditu zen lagunekin batera.
Amets ordu bat beranduago edo iritsi zen, bere bila joandako etxekoen eta lagunekin batera. Ordurako 100 bat lagun bilduta zeuden tabernaren atarian bere zain, Leioako lagunak Guti etxean utzi eta bertara joan ziren-eta. Ibai eta Amets biak batera izateak are hunkigarriago egin zuen berari eskainitako harrera beroa. Lagunak agurtu eta Ibairekin egindako zeremonia guztia errepikatu zen, baina kasu honetan, Ametsen pozerako, Ibaik berak eman zizkion loreak. Gero aurreskua, bertsoa, eta agurraren ostean Ametsek ere eskerrak eman zizkien bertan bildutakoei, presoak gogorarazi zituen eta horiek guztiak kaleratzeko lan handia egin beharko dugula esan eta jendea animatu zuen lanean jarraitzeko. Argazkia kendu, brindisa egin eta poza eta algaren artean pixkana-pixkanaka jendea erretiratzen joan zen…
Gaur Iker Rodrigo (Erandio) eta Eli Zubiaga (Algorta) ere kaleratuko dira, 6.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Arratsaldean kaleratzea espero da, eta ateratzen diren orduaren arabera iritsiko dira herrira ere.
Ongi etorri, Ibai, Guti eta Amets!
Preso guztiak kalera!
Amets Ladislao (Algorta) Ibai Egurrola (Algorta) Javier Gutierrez (Leioa)
Gaur jakin denez, epaileak 18.000 euroko fidantza jarri die Amets, Ibai eta Gutiri. Horretara, behin fidantza hori ordainduta, bihar kalera irtengo direla espero da.
Amets Valentziako espetxean dago; Ibai Navalcarneron eta Guti Alcala-Mecon.
Bihar zein ordutan irten edo herrira noiz iritsi jakin orduko argitaratuko dugu hemen.
Ongi etorri, Amets, Ibai eta Guti!
Euskal preso guztiak kalera!
Debeku guztiak gaindituz, 70 bat auzokidek omenaldia egin diote gaur iluntzean Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre”ri. Ekitaldia, arratseko 19:30ak aldera abiatu dute Leioako “Tigre” enparantzan eta txalaparta, bertsoak, aurreskua eta lore eskaintza egin diote bere urteurrenean orain dela 25 urte GALek eraildako errefuxiatu leioaztarrari, oroitarriaren ondoan Gutierrezen erretratua paratuta. Bertaratutakoek salatu egin dute GALen atzean zegoen alderdi berak, PSOE, pasa den igandean Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko Eloy Velasco magistratua erabiliz, omenaldia debekatu eta eragotzi izana, EAJ eta Ertzaintzaren babesarekin. Dena den, gerra zikineko biktimak eta Euskal Herriaren alde lan egin dutenak ez oroitzeko haina Polizia ez dela inoiz Euskal Herrian izango azpimarratu dute.
Gaur bete dira 25 urte GALek Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” errefuxiatu leioaztarra erail zuenetik. Hori gogoratzeko, hainbat herritarrek agerraldia egin dute, eguerdian, Leioako Tigre plazan Gutierrez omentzen duen oroitarriaren inguruan. Igandekoa bezalako debekuen bidez, “errepresioaren memoria ezabatu” nahi izatea leporatu dio “orain 25 urte estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen” PSOEri Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). “Orduan bezala orain ere horien konplizetzat” jo du EAJ; “nahiz eta azken hauen programa elektoralean terrorismoaren biktimei euren elkartasuna adierazteko prestutasuna adierazi”, errepresioaren aurkako erakundeak kritikatu duenez. Bada, “inposizioekin, debekuekin eta zigorgabetasunarekin amaitzeko errepresioaren aurkako borrokan jarraitzera” deitu du euskal jendartea AAMk; baita “behingoz herri honek behar duen demokraziaren alde borrokatzera” ere. Igandeko hauteskundeak “horretarako urrezko aukera” da euren iritziz. Gauzak horrela, hautestontziak “urrezko bozez betetzera” deitu dute. Argazkian, Leioako Tigre plazan gaur izandako agerraldia.
Dignidad y Justicia talde ultra eskuindarrak horrela eskatu eta Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak debekatu ostean, Gutierrez omentzea eragotzi zuen igandean Ertzaintzak. Azkenean, “Gerra zikinari babesik ez!” lelopeko manifestazioa egin zuten Leioan zehar. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, “25 urte geroago, PSOEren gobernuak Euskal Herriaren aurkako estrategiarekin bete-betean jarraitzen duela agerikoa da”. Euren hitzetan, “GALen garaiak atzean gelditu baziren ere, oraindik orain torturak, legez kanporatzeak, espetxe politika ankerra, atxiloketa masiboak eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu herri honetako sektore handi baten aurka, GALekin zituen helburu berdinekin, hau da, Euskal Herriaren independentziaren aurka aritzea”.
Leioako AAMk irakurritako adierazpena:
Egunon eta eskerrik asko etorri zareten guztioi.
Hemen bildu garen leioztarrak, gure herrikidea izan zen Eugenio Gutierrez “Tigre” gogoratu nahi dugu. Gaur, bere erailketaren 25. urteurrenean bera eta berarekin batera Euskal Herriaren alde borrokatu zutenak, orain borrokatzen dabiltzanak zein borrokatuko dutenak gogoratzeko asmoa eta beharra daukagu.
Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoelarik. Euskara ikasketen atsedenaldian, baserriaren atarira irten zenean, buruan tiro bat jaso zuen eta bertan hil zuten.
29 urte zituen leioaztar gaztea, beste Euskal Herritarrekin batera “GALen ekintza terroristen” biktimatzat hartua izan zen, nahiz eta bere erailketagatik gaur egun arte inor akusatua ez izan. Gaur betetzen dira 25 urte “Tigre” erail zutela. Orduan gobernu espainolean zegoen PSOEk sortutako GAL taldeak bereganatu zuen erailketa, eta hau, zoritxarrez ez zen bakarra izan. PSOEren gobernuak GALen bidez, estatu terrorismoa burutu zuen, guztira 23 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu zituelarik. Estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen PSOEren gobernuak, eta bertan zuzenean parte hartu zuten, gaur oraindik orain, alderdian ardura handiak dituzten politikariek. Ezin dugu ahaztu PNVk garai hartan GALen jardueraren aurrean izandako jarrera hipokrita zein izan zen, inolako arazorik gabe, PSOErekin eskuz-esku elkarlanean aritu baitzen, GALek euskal herritarrak hiltzen ari zen momentuan. PSOEren gobernua izan zen GAL sortu eta bultzatu zuena, PNVren konplizitatearekin eta 25 urte geroago PSOEren gobernua da, GALek hildako herritarrak omentzea debekatzen duena PNVren konplizitatearekin, nahiz eta azken hauen programa elektoralean terrorismoaren biktimei euren elkartasuna adierazteko prestutasuna helarazi.
25 urte geroago, PSOEren gobernuak Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiarekin bete betean jarraitzean duela agerikoa da. GALen garaiak atzean gelditu baziren ere, oraindik orain torturak, legez kanporatzeak, espetxe politika ankerra, atxiloketa masiboak eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu herri honetako sektore handi baten aurka, GALekin zituen helburu berdinekin, hau da, Euskal Herriaren independentziaren aurka aritzea. Herri honetako gertaera ilunenak ezabatu nahi dituzte modu honetako debekuen bidez. Errepresioaren memoria ezabatu nahi dute, eta horri erantzuten dio omenaldiak debekatzeak, honen azken adibidea, pasadan igandean Leioan pairatu genuena, non Tigreren aldeko omenaldia debekatu zuten. Errepresioak hildako euskal herritarren izenak daramatzaten plaza eta kaleei izena aldatzeak ere errepresioaren memoria ezabatzeari erantzuten dio. Errepresioaren memoria egitea eta errepresaliatu guztiei dagokien aitortza politikoa onartzea garrantzia berezia hartzen du errepresioaren aurkako borrokan.
Hemendik dei egiten diogu Euskal gizarteari, inposizioekin, debekuekin eta zigorgabetasunarekin amaitzeko errepresioaren aurkako borrokan jarraitzera, eta behingoz Herri honek behar duen demokraziaren alde borrokatzera. Honetarako urrezko aukera daukagu hurrengo igandean, zeinetan urrezko bozez bete behar ditugun hautestontziak, besterik gabe… Jo Ta Ke.
GALek orain dela 25 urte eraildako Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” errefuxiatu leioaztarra omentzea eragotzi du gaur goizean Ertzaintzak. Horren aurrean, 100 bat auzokidek “Gerra zikinari babesik ez!” lelopeko manifestazioa egin dute herrian zehar. Pasa den ostegunean Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko magistratuak debekatu egin zituen ekitaldiak Dignidad y Justicia talde ultra eskuindarrak horrela eskatuta. Gaur goizeko lehenengo orduan “Tigre” enparantzan Gutierrezen argazkia, ikurrina eta amnistiaren aldeko bandera ageri dira, Gutierrez omentzen duen oroitarriaren inguruan. Argazkiaren aurrean lore sorta ere bazegoen. Eguerdian, 13:00ak aldera, Ertzaintzako Brigada Higikorreko hainbat polizi Leioako udal hilerrirako bidea patruilatzen ibili dira, Gutierrez eta bere sendien horma-hilobian inork lore eskaintza egin zezan ekiditeko. Dena den, lekuko batek adierazi duenez, norbaitek ikurrina jarri egin du bertan. Argazkian, herritar bat gerra zikinaren aurkako kartel bat sostegatzen gaur goizean Leioan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
Ordu erdi beranduago “Tigre” plazan egitekoa zen bigarren ekitaldia hasteko prest 100 bat lagun bildu dira, baita istiluen kontrako materiala zuten dozenaka ertzain, kalez jantzitako polizi ugari eta hainbat telebista kamera ere. Ertzainen buruzagiek Velascoren aginduaren berri eman diete auzokideei, Gutierrez Salazar edozein modutan omentzea debekatzen duela gogoratuz. Era berean, plaza horretan edozein ekitaldi egitea ere galarazi diete, “GALen biktimak ez omen direlako ikusi behar diren biktimak” AAMko kideek egindako adierazpenetan (mp3) salatu dutenez. Gauzak horrela, herritarrek baimena eskatu dute gerra zikinaren aurka manifestazioa egiteko eta ertzainek ez diete oztoporik jarri, nahiz eta manifestazioari eskolta eman dioten. Ibilbidearen zehar, “Gerra zikina, Estatuaren ezina” izan da lelo nagusia. Martxan zehar independentzia, autodeterminazioa eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak ere bota dituzte, baita “PSOE-GAL, berdin da” eta “PNV Espainiaren morroi” leloak ere, alderdi horietako egoitzen aurretik igarotzean. Manifestazioa bukatuta, gaurko debekua bezalako neurriekin “herri honetan gertaturiko gauza ilunenak ezabatu nahi dituztela” salatu dute AAMko kideek irakurritako komunikatuaren (mp3, erdia espainolez) bidez.
Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek erreibindikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak. Argazkian, igandeko omenaldiko kartela / Etengabe.
2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 eukal herritarrak “GALen ekintza terroristen” biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955ko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.
Orain dela 25 urte GALek eraildako Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre”ri etzidamu, igandean, Leioan egitekoa den omenaldia debekatu du gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiak. Efe albiste-agentziak zabaldu duenez, Eloy Velasco epaileak ezarri du errefuxiatu leioaztarra zena omentzeko debekua, ekitaldia Askatasuna erakunde ilegalizatuak antolatu duelakoan. Aintzat hartu du, horrela, Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaera. Velascok Herrizaingo Saila, Ertzaintza, Guardia Zibil eta Espainiako Polizia Nazionalari bere autoa betearazteko behar diren neurriak hartzeko agindu die. Gainera, debekua gainditzeko gerta litezkeen delituei aurrea hartzeko eta edozein gertaeraren berri emateko agindua eman die. Velascoren aburuz, GALen biktima den Gutierrez omentzekotan, “biktimak makurrarazi eta terrorismoaren gorazarre” egingo litzateke, Espainiako Kode Penalaren 578 artikuluaren arabera. Debekatutako ekitaldia 13:00etan da hastekoa, Leioako hilerrian lore eskaintza eginez. Ordu erdi beranduago, Tigre plazan dagoen oroitarrian loreak jarri eta ekitaldi politikoa bertan egitekoa da. Argazkian, Eugenio Gutierrez zena.
Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek erreibindikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak. Argazkian, igandeko omenaldiko kartela / Etengabe.
2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 eukal herritarrak “GALen ekintza terroristen” biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955ko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.
Pagoa Zulueta eta beste 11 euskal herritarren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egunotan burutzen ari den epaiketa luzatu egin dute. Ehun bat auzokidek torturaren aurka eta Zuluetaren alde gaur Leioako kaleetatik martxa egin ondoren eman dute albiste hori bertako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek. Zuluetari 7 urte t’erdiko espetxe zigorra eskatzen dizkiote ETAri laguntza eman ziolakoan. AAMko kideek Koska irratian egin dituzten adierazpenetan (mp3) esan bezala, epaiketa astelehenean, hilak 19, bukatu behar zen baina auzitegiak 20ra atzeratu du bukaera, nahiz eta oso gatz ikusten duten egun horretan amaitu ahal izatea. Izan ere, beste lekukorik ezean polizia asko dago deklaratzeko, lekuko gisa. AAMk salatu du horiek epaitegian botatako kontraesanak, auziperatu guztiek akusazioak era borobilean ezeztatu duten bitartean. Hain zuzen ere, “epaiketa-fartsatzat” jo dute Madrilgoa, froga bakarrak “torturapean” eta Poliziaren eskuetan egonik lortutako deklarazioak direlako, AAMko kideekin arabera. Gainera, inkomunikazioarekin amaitu arte tortura hor jarraituko duela ziurtatu dute, Algortan pasa den azaroan “torturaren aurkako protokoloa” ezarri arren sarekarada hartako lagun guztiak torturatuak izan zirela gogoratuz. Argazkian, 2005ean Zuluetaren alde egindako manifestazioetariko bat.
Zuluetari bezala, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 7 urte t’erdiko espetxe zigorra eskatu du Ixone Fernandez eta Maria Asuncion Alonsoren aurka, ETA erakunde armatuari laguntza eman izana leporatuta. Alaitz Artetxe, Asier Burjaleta, Eneko Perez, Mikeldi Diaz, Angel Alcalde eta Koldo Rosado ere laguntzailetzat jo ditu Fiskaltzak baina haientzat seina urte eskatu dute. Itsaso Guemes, Arkaitz Ormaetxea eta Anitz Eskisabeli, berriz, bederatzina urteko zigorra ezartzea nahi du fiskalak, ETAko kideak direlakoan.
Zulueta 2007ko urtarrilaren 24an irten zen kartzelatik 12.000 euroko fidantzak ordainduta, espetxean bi urte egin ondoren.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Pagoa Zulueta eta beste 11 lagun epaitzen ari da egunotan Madrilen. Epaiketa urtarrilaren 12, 13, 14 eta 19an egitea aurreikusita dago. Akusatuei erakunde armatuari laguntza ematea leporatzen diete, eta Pagoari 7 urteko espetxe zigorra eskatzen dio fiskalak.
Orain epaitzen ari diren lagun hauek “atxiloketa prebentiboetako” 6. sarekadan. Guztiek, Espainako Polizi Nazionalaren eskuetan inkomunikatuak izan ondoren, torturak salatu zituzten. Pertsona hauen kontra duten bakarra torturapean eginarazitako aitorpenak dira, ez besterik. Horretara, garbi dago hau ere beste epaiketa fartsa izango dela.
Horrexegatik:
1.- Espainiako Auzitegi Nazionalari epaiketa hau bertan behera uzteko eta atxilotuak tortura eta inkomunikazioa pairatu dituzten prozedura judizial guztiak artxibatzeko eskatzen dugu.
2.- Espainiako Auzitegi Nazionala salbuespen epaitegia den heinean desagertzeko eskatzen dugu. Izan ere, torturapean lortutako aitorpenak onartuta eta euskal disidentzia zigortzeko etsaiaren justizia aplikatuta ez dago inolako epaiketarako prozedura bermerik.
Leioako bizilagunek, Gasteizko Legebiltzarrak berak egin berri duen legez, aldarrikapen hauek bere egin eta mobilizatzera deitzen dugu.
Hamabi euskal herritarren aurkako epaiketa hasi da entzutegi nazionalean (askatu.org)
Frantzian aurkituriko paper batzuetan oinarriturik polizia operazio ugari burutu zituen espainiar poliziak, euskal herritar ugari atxilotuz, torturatuz eta espetxeratuz.
Urtarrilaren 12, 13, 14 eta 19an ospatuko da epaiketa hau, ETAren kaptazio aparatuko kide izatea egozten zaielarik bertan epaituak izaten ari direnei.
Altsasun errepresioaren aurkako topaketak deituta elkarretaratzea egin zen atzo eta 100 lagun bildu ziren, epaiketa honen aurreko protesta bezala.
Epaituak izango direnak:
Alaitz Artetxe, 6 urteko espetxe eskaera.
Asier Burjaleta, 6 urteko espetxe eskaera.
Itsaso Guemes, 9 urteko espetxe eskera.
Eneko Perez, 6 urteko espetxe eskaera.
Arkaitz Ormaetxea, 9 urteko espetxe eskaera.
Mikeldi Diaz, 6 urteko espetxe eskera.
Maria Asuncion Alonso, 7 urteko espetxe eskaera.
Ixone Fernandez, 7 urteko espetxe eskaera.
Pagoa Zulueta, 7 urteko espetxe eskaera.
Anitz Eskisabel, 9 urteko espetxe eskaera.
Angel Alcalde, 6 urteko espetxe eskaera.
Koldo Rosado, 6 urteko espetxe eskera.
MOBILIZAZIOAK:
PORTU (Anjel Alkalde): aste honetan egunero kontzentrazioa, datorren astelehenean 19an manifestazioa.
SANTURTZI (Anuntzi eta Ixone): bi astelehenetan 12(atzo) eta 19an manifestazioak.
LEIOA (Pagoa): Ostirala 16an manifestazioa.
TXORIERRI (Arkaitz eta Alaitz): Lezaman eta Zamudion. Egunero mobilizazioa 12an (Lezaman), 13an (Zamudion), 14an (Lezaman) eta 19an (Zamudion).
Amnistiaren Aldeko Mugimendua
Prentsaurrean irakurri den testua:
Egunon, eta milesker hurbildu zareten guztoi.
Pasa den astean atxilotu eta torturatu dituzten herritarren senideak, aste honetan atxilotu eta inkomunikatuak dituztenen senideak, abokatuak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak bildu gara gaur hemen.
Hasteko gure berotasuna helarazi nahi diegu azken egunetan atxilotuak izan diren euskal herritarrei, bai espetxean preso sartu dituztenei bai une hauetan guardia zibilaren eskuetan dituztenei ere.
Tortura testigantza izugarriak iritsi berri zaizkigu: Poltsa buruan estutu eta arnasarik gabe utzi, ordu luzez atxilotua biluzik eta begiak itxita mantendu, aluan jo listin batekin, bortxaketa eta heriotza mehatxuak egin. Teorian, Guardia Zibilak epailak agindutakoa egin izan balu, guzti honek grabatua egon beharko luke. Baina egun hauetan atxilotuek jasandako tortura basatiak ez daude grabatuak, gezurra esan digute, tortura ekiditeko protokoloa iruzur hutsa dela erakutsi digute. Baina, zer gertatuko litzateke benetan tortura hauek guztiak grabatuak baleude?
Demagun egun horietan gertaturiko guztia grabatua dagoela. Demagun grabazioak komunikabide guztietan botatzen dituztela, Euskal Herrian, espainiar estatuan, europan, munduan… imaginatzen al du norbaitek zer gertatuko litzatekeen? Eskandalo izugarria izango litzateke, mundu osoa astinduko lukeen eskandaloa, eta espainiak euskal herrian ezarri duen salbuespen egoera ageri agerian geldituko litzateke. Baina tortura kasu hauek ere isilean pasatu dira, herri honetako erakunde politiko nagusiak, komunikabide nagusiak itsu, mutu eta gor daudelako errealitate basati honen aurrean.
Pasa den asteko testigantzak jaso ondoren, benetako kezka dugu une honetan guardia zibilaren eskuetan dauden herritarrengatik. Benetako tortura arriskuan aurkitzen dira, eta zoritxarrez konbentzituta gaude pasa den asteko testigantzen antzekoek astinduko digutela barrua.
Rubalcaba eta Zapaterok gerra tresna bezala erabiltzen dute tortura. Tortura sistematikoa da, torturak modu basatian erabiliak dira, torturak baimenduak dira. Benetako salbuespen egoera ezarri dute Euskal Herrian, eskubide guztien urraketa oinarri duen salbuespen egoera. Eta salbuespen egoera honen ezaugarrietako bat da torturaren erabilera sistematikoa eta basatia. Informazio politikoa lortzen dute torturaren bidez, autoinkulpazio eta inkulpazioak lortzen dituzte atxilotuak urte luzez espetxeratzeko, eta gizartean beldurra zabaltzen dute. Helburu argiak ditu torturaren erabilerak, ondo diseinaturiko errepresio estrategiaren baitan erabiltzen da tortura.
Tortura eguneroko ogia da Euskal Herrian. Urte honetan 60 tortura salaketa izan ditugu. Baina hemen, giza eskubideen deklarazioaren 60. urteurrena txanpainarekin ospatzen duten asko itsu, mutu eta gor daude basakeria honen aurrean.
PNVk eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten EA eta EBk txalotu egiten dituzte atxiloketa guztiok. Argi izanik atxilotuak torturatuak izango direla. Ertzaintzak torturatzaileekin zuzenean kolaboratzen du polizi operazio hauek egiterakoan. Miren Azkaratek positibotzak jo ditu azken atxiloketak, eta bera deklarazio hori egiten ari zen unean atxilotuetako bat aluan jotzen ari zen guardia zibila listin batetin. Tortura kasuetan erantzunkizun argiak ditu eusko jaurlaritzak. Eskubide urraketa batzuen aurrean nazka sentitzen duten moduan, isiltasuna eta erreakziorik eza da kasu hauetan ematen dena. Ondorioz, gure aldetik argi dugu Eusko Jaurlaritzak nolabait baimendu egiten duela euskal herritarrak torturatuak izan daitezen.
Espainiar poliziak eta guardia zibilak sistematikoki torturatzen dituzte euskal herritarrak eta euskal telebistako albistegiek sistematikoki isiltzen dituzte tortura kasuok. Asteburuan izan genuen azken adibidea. Tortura salaketak izan bazituzten arren euskal telebistako informatiboetako aurkezleek aipatu ere ez zituzten egin salaketa larriok, jendarteari torturaren errealitatea ezkutatuz. PNVk torturaren aurrean duen jarrera politikoaren logika berean ulertzen dugu ETBk torturaren aurrean duen jarrera informatiboa. Tortura salaketak isiltzen dituzte beste bortxakeria mota batzuen aurrean alarma soziala pizten duten bitartean. Pinturaz zikindutako batzoki batek tarte gehiago du ETBn torturaturik herritar batek baino. Hori da errealitatea.
Herri honetako beste alderdi politiko, gizarte eragile eta sindikatuei ere dei egin nahi genieke konpromiso gehiago hartzeko. Beste maila batean, baina azken hilabeteetan eman diren tortura kasuetan orohar egon den jarrera isilak ez du laguntzen torturaren ezabaketan. Badirudi herri honetan zerbaiten inguruko erreakzioa egon dadin komunikabide handiek markatzen dutela agenda politikoa, eta ez benetako gertaera larriek. Tortura salaketak asteak joan eta asteak etorri daude herri honetan, eta giza eskubideen defentsa aldarrikatzen duen orori dagokio jarrera aktibo bat izatea tortura kasu hauen guztien aurrean.
Torturarekin amaitzeko konpromiso argiak, zehatzak behar dira. Bakoitzak bere eremutik hartu beharreko konpromisoak.hitzetatik haratago torturaren aurkako jardun praktikoa behar dugu herri honetan.
Herritarrei dei egiten diegu, urte luzez herri honetan martxan den torturaren aurkako lanean jarrai dezaten, herri presioak beharrezkoa izango baita aurrerantzean ere torturarekin betirako amaitzeko.