2008.07.10

Luis Maria Zuluaga “Zulu”, gogoan zaitugu!


Luis Maria Zuluaga erbestean

Zulu 1994.07.13an hil zen Venezuelan erbestealdiaren baldintzen ondorioz. Horretara, datorren larunbatean 12 urte. Erbestealdiaren eta denboraren distantziak astunak badira ere, ez daukagu ahaztutzeko Zuluren duintasuna eta justizia sozialaren alde bizitza osoan egindako burruka.

Zulu Zornotzan jaio eta Pinueta auzoan bizi zen, Erromon, 1985ean emaztea eta biok alde egin behar izan zutenean. Geroago Argeliara deportatuta bidali zuten eta handik Venezuelara. Bere errautsak Venezuelan daude, kutxa batean, Euskal Herrira noiz etorriko zain, berak horrela esanda utzi baitzuen: “ez naiz Euskal Herrira itzuliko, azken errefuxiatua itzultzen ez den bitartean, ezta hilda banago ere”.

Hemen badauzkazu Luis Mari Zuluetaren argazkiak, biografia, bere heriotzaren eta Itzubaltzeta/Romon egindako omenaldiaren kronikak, bai eta Zuluren gorazarrez Iñaki Olazaranek idatzitako artikulua ere.

Zulu gogoan, iheslari guztiak gogoan: Euskal Herriak askatasuna behar du!!!

2008.05.30

Andoni Hernandez iheslariaren urtebetetzea da gaur


Andoni Hernandez (Leioa)

Andoni Hernandez Leioako iheslari politikoaren urtebetetzea da gaur, maiatzaren 30ean.

Aukera ona agur bat bidali eta zorionak emateko, bere bizitza guztian erakutsi duen konpromiso eta duintasunagatik. Eta bide batez gorantziak Piliri ere!

Euskal Herriak askatasuna behar du!

Helbidea:

Andoni Hernandez Ibarluzea
M. et Mme. HERNANDEZ IBARLUZEA
Résidence Artzaïna
Chemin de Mestelan behera
Bâtiment B – Logement nº 10
64.210 – ARBONA (LAPURDI)
EUSKAL HERRIA

2008.04.29

Alfontso Etxegarai deportatuaren amari azken agurra emango diote gaur Plentzian

ukberri.net

Antonia Atxirika Bilbao, Afrikako Sao Tome irlan deportatuta dagoen Alfontso Etxegarairen ama atzo, astelehenena, hil zen Plentzian, 74 urte zituela. Piztu! Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalearen ahotsa izeneko bitakorako kideek jakinarazi dutenez elizkizunak gaur arratsaldeko 7etan egingo dituzte, Plentziako elizan. Alfontso Etxegarai 1986ko abuztuko 14tik dago munduko herrialderik txiroenetakoa den Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan, Ginea Golkoko 1.001 kilometro kuadroko eta 160.000 bat biztanleko herrialdean. Horra, Ekuadorreko Poliziak indarrez eta inolako lege-izapiderik egin gabe eraman zuen. Gainera, zazpi hilabete lehenago, bertako Poliziak metraileta buruan jarrita bahitu zuen, Espainiako zerbitzu sekretu edota segurtasun indarretako kideek bahituta zegoen Juan Pedro Guzman Athleticeko zuzendaritzakideari buruzko informazioa lortzeko torturatu zezaten.

Gerra zikineko operazio horretan, “El Mundo” egunkariak urte batzuk beranduago esango lukeen bezala, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta erailketarekin “antzekotasun asko” izan zen. Mugaren bestaldean errefuxiatu zegoela, Etxegarai 1985ko uztailaren 12an Baionako suprefekturan egoitza baimena berriztatzerakoan atxilotu zuten Frantziako poliziek eta hilaren 27an eraman zuten Ekuadorrera, non urte bat baino ez zuen egingo. Erbesteratuari Jose Lipperheide Henke industria gizonaren bahiketan parte hartu izana leporatu zioten. 1990etik Christiane Etxaluz bere bikotekidea berarekin bizi da Sao Tome uhartean.

1986an Manuel Pinto da Costa, herrialdeko presidenteak esan zuen Etxegarai bere herrialdean izateko arrazoiak “gizatiarrak baino ez” zirela eta plentziarra “Estatuko apopilotzat” zutela. Horrela, ukatu nahi izan zuen deportazioa Espainiarekin hitzartua izatea, nahiz eta hilbate bat beranduago Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuaren presidentearekin bildu eta nekazaritza alorrerako hainbat laguntza eskuratu.

Alfontso Etxegaraik, bestalde, ez du Euskal Herriko ikuspegia galdu eta hainbat komunikabideetan kolaborazioak egin ditu, tartean “Punto y Hora” edo “Gara”n, besteak beste Sao Tome eta Principeko hauteskundeei buruzko hausnarketak eginez. Era berean, literaturan hainbat lan egin ditu, tartean “Regresar a Sara” liburua, 1995ean argitaratu zuena edo Ataramiñe bildumarako egindako hainbat testu. 2002an bai Europako Batasunak eta baita Amerikako Estatu Batuek haien zerrenda beltzetan sartu zuten.

2008.02.18

Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” gogoan


Eugenio Gutierrez “Tigre” (Leioa)

Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” Mendin (Zuberoa) hil zuten Espainiako Gobernuaren agintepeko GALeko mertzenarioek 1984ko otsailaren 25ean.

Hedabideek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperako erreflexio eguna nabarmentzen zutelarik, eta Enrique Casasen kontrako atentatuaren inguruko erreakzioak oraindik ozenak zirelarik, GALek bere atzapar beltza luzatu zuen berriro Ipar Euskal herrian. Maule inguruko Mendi herrian, oraingo honetan. Bertako baserri batean errefuxiatu talde bat euskara ikasten ari zen. Ehun metroko distantzian ezkutatuta zegoen tiratzaile adituarentzat baserriko errefuxiatuetatik edozein zen diana egokia. Baina une horretan Eugenio Gutierrez Salazar Tigre-ri etxeko atarira irtetea bururatu zitzaion, eta konturatzerako bala batek bularra zeharkatu zion.

Tigreren biografia eta argazkiak hemen ikus ditzakezu.

Tigre, gogoan zaitugu!!!

2008.02.03

Agur hunkigarria egin diote Iztuetari Santurtzin

gara.net

“Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen alde. Gogoan zaitugu” lelopean ekitaldia egin dute gaur santurtziarrek Endika Iztueta, iragan astean hildako euskal deportatuaren omenez.

Txalaparta doinuekin eman diote hasiera Santurtzin Endika Iztuetaren omenez egindako ekitaldiari.

Mamariga auzoko lagunek, Cuba eta Venezuelan deportatuta dauden beste hainbat euskaldunek, eta abar luze batek Iztuetak Euskal Herriaren alde erakutsitako konpromisoa azpimarratu nahi izan dute hainbat mezuren bitartez.

“Endika gogoan zaitugu” edota “Euskal presoak etxera” oihukatu dute bertan parte hartu dutenek ekitaldian zehar.

Amnistiaren aldeko mugimenduak, militante eta pertsona bezala Iztuetak balio zuena gogorarazi du eta eskerrak eman nahi izan dizkio Cabo Verdeko herriari, Iztuetak azken 22 urteak pasa dituen herri afrikarra.

22 urtez Cabo Verden

Endika Iztueta 1985ean atxilotu zuen Polizia frantsesak, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta zegoela. Parisek Cabo Verdera deportatu zuen. Afrikako herrialde horretan egin zituen 22 urte, eta joan den urtarrilaren 24an hil zen, lantoki zuen Praiako ospitalean.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren mezua

Anitz dira herri honetan belauniko bizitzeak merezi ez zuela oharturik, herri bat eraikitzeko bakoitzak bere baitan duen hoberena emateko prest diren seme-alabak. Horien artean zaitugu Endika, Iparraldean erraiten den gisan, fiertasunez (harro).
Horietakoa zinen, sasi-demokraziaren garaietan zure ingurumen hurbilean, Santurtzin, egoera hori aldatzeko eragin zenuenean. Eta horren ondorioz ezagutu behar izan zenuen herbestea, Santurtzitik Ipar Euskal Herrira lehenik eta frantses administrazioak bahiturik Cabo Verden deportaturik ondotik.

Zure konpromezu politikoari tinko eutsi zenion, eta hauek ez dira hitz hutsalak, ezin baita hitzez adieraz sorlekuaren urruntasunak, proiektu zapuztuak eta iheslarien kolektiboaren kontrako erasoek sortzen duten mina. Eta hori izan zen laster ulertu genuena: su eten hitzak zoritxarrez gerra hitzera eramaten gaituen bezala, errefuxiatu hitzak gatazka politiko kontzeptura eramaten gaitu.

Gatazka horren ikur biziduna bilakatu ginelako, ondorioak ezabatzen saiatu ziren, ondorioak desagerraraziz arrazoiak desagerrarazi egingo zituztelakoan. Eta egoera horretan kokatzen dugu gerra likitsa (GAL eta beste). Ildo horretatik doa ere frantses gobernuaren politika erasotzailea: deportazioak, estradizioak, euroaginduak, paperik ez, eguneroko behin behinekotasuna eta gaineratikoak.

Baina lehen aipatutakoaren harian, norbaitek erabaki zuen gu iheslariok ez genuela tokirik gure herrian, eta zuk horren berri ere pairatu izan behar izan zenuen: Cabo Verde izan zen halabeharrezko diasporaren geltoki eta iraganbide. Baina denbora horretan, ez duzu inoiz zure burua ukatu, ez duzu inoiz amore eman, zure atxikimendu politikoan bururaino tinko eta zutik atxikiz. Inork ez dezala pentsa zurea bezalako heriotzak “normalak” direla horrelako lurraldetan. Zuk bezala beste ehundaka iheslari eta deportatuek bizi duten egoera kriminalak baditu erantzule politiko zuzenak: frantses eta espainol agintariak dira, eta egun batez ardurak hartu eta zorrak kitatu beharko dituzte. Euskal Herriak ez du ahaztuko!

Badira bizitzan mota guztietako uneak, baina gure memorian zalantzarik gabe une atseginetan kokatuko zaitugu. Ez bakarrik adiskidetasuna lantzen zenuelako, adiskide izate horrek bazuelako zuretzat balio berezia, oinarri sendoena bailitzan.

Baina mugaz gaindi ezagutu zaitugunok zugandik beste balore batzuk ere jaso ditugu: abertzaletasuna, tinkotasuna, jatortasuna eta gizatasuna besteak beste. Eta horregatik eskerdun izango gara beti.

Euskal Herritik urrun zendu zara, Cabo Verdeko agintariek ez bezala, bertako herritarrek beraien elkartasuna eta berotasuna eskaini digute beti, eta horretan bai Euskal Herria beti izango dela eskerdun eta zordun.

Utzi gaituzu, baina zorionez gure artean zaitugu beti.

BIBA ZU, ENDIKA, GARAIPEN EGUNEAN GUREKIN EGONGO ZARA!

2008.01.28

Endika Iztuetari harrera eta omenaldiak

endika kartela

Endika Iztueta euskal iheslari politikoari egingo zaizkion omenaldi eta harrerak:

- Praiako ospitaleko zuzendaritzak omenaldia antolatu dio bihar arratsalderako. Omenaldia arratsaldeko 16:00etan egin zaio eta bertan urte guzi hauetan ospitalean egindako lana eta erakutsitako jarrera eskertu nahi zaizkio euskal iheslariari, ospitaleko zuzendari, langile eta Kabo Verdeko herritarren eskutik. Cavo Verdeko zenbait politikarik ere omenaldi honetan parte hartuko dutela aurreratu dute.

- Gorpua asteazken gauean iritsiko da Loiuko aireportura, bere senideekin batera. Amnistiaren aldeko mugimendutik herritarrei deia luzatzen diegu gorpuari harrera egitera hurbildu daitezela gaueko 22:30etan Loiuko aireportura.

- Azkenik, Santurtziko herritarrek eskainiko dioten omenaldian parte hartzeko deia luzatzen dugu. Omenaldia datorren larunbatean egingo zaio.

2008.01.25

Agur eta ohore, Endika!


endika iztueta
Endika Iztueta (Santurtzi), gazteago eta azken abenduan Cabo Verden.

>>Endika Iztuetari 1987an eginiko elkarrizketa.pdf

Oraindik argi ez dauden arrazoiengatik, gaur goizaldean, atzo gauean gaizki sentitu ostean, Endika Iztueta santurtziar iheslari politikoa hil egin da Praian, Cabo Verdeko hiriburuko ospitalean.

1985eko otsailean kanporatua izan zen Cabo Verdera, Ipar Euskal Herrian atxilotua izan ondoren, bertan errefuxiaturik zegoela. 22 urte eman ditu deportatuta Cabo Verden.

Egun, bikotekidearekin bizi zen, eta bere alaba Oihanarekin. Euskal Herrian bazuen beste seme bat, Aitor izenekoa.

Egun, erizain bezala egiten zuen lana hil den ospital berean. Hori dela eta, gaur sekulako mina zegoen ospitalean, hamarnaka eta hamarnaka izan direlarik Endikaren hilotza zegoen lekura hurbildu diren pertsonak. Bere Praiako etxea ere lagunez inguratuta egon da egun osoan.

Samina handia izan da ere Cabo Verden dauden beste lau deportatu eta haien senideen artean, bapateko heriotzak gogor kolpatu bai die.

Hilketa honen aurrean, argi eta garbi seinalatu behar da heriotza honen arduradun zuzena Espainiar Gobernua dela. Duela 22 urte deportatu, eta orain estradizioaren mehatxua ahotan ibili duen Javier Zaragozak Fiskal faxistak, zer esan behar du orain? Gorpua emango diogu estraditatzeko? Duela 6 urte Europako Terroristen zerrendan sartua izan zuten, inolako froga eta epaiketarik gabe. Ondoren Amerikar Estatu Batuetako Departamento de Estado delakoko zerrendan ere sartu zuten.

Ihesak, edo kasu honetan deportazioak, sekulako ondorioak utzi ditu deportatuak izan ziren kideengan. Kabo Berden, hiru dira jada bertan hildakoak, aurrez Juanra Aranburu eta Anjel Lete hil bai ziren. Deportazioa inon idatzi gabeko zigorra izan bazen ere, hamarnaka lagunei aplikatua izan zen eta herri txiroetara eramanak izan ziren. Bizitza izugarri zaila izan arren, deportatuek gogor borrokatu eta bertan bizitzea lortu izan zuten. Endikak beste kideekin batera 90ko hamarkadan lortu zuen Kabo Berdeko naziotasuna.

Espainiar gobernua Cabo Verden dauden deportatuen extradizioa lortzeko ahaleginetan ari denaren datuak ditugu. Gaur, Rubalcaba eta enparauei gure mesprezu osoa adierazten diegu, errepresioak herri honekin ezin izan duela eta ezin izango duela argi adieraztearekin batera.

- gaur eta bihar santurtzin manifestazioak eta zapatuan eskauldeko manifa
7etan santurtziko parketik…

Kronikak

gara.net
berria.info

2008.01.21

Iñaki Aurrekoetxea “Sope”, gogoan zaitugu!


Iñaki Aurrekoetxea Zubilaga “Sope” (Bilbo 1957.04.01 - Bordele 1996.01.24)

Iñaki Aurrekoetxea “Sope”, euskal iheslari politikoa, Bordelen gaixotasun baten ondorioz hil zela 12 urte dira aste honetan.

Gerra Zibilaren erbestealdia ezagutu zuen familia batean jaio zen Iñaki. Umetan, oso gustuko zituen mendia eta futbola. Athleticeko gazteen taldean entrenatzen aritu zen, eta Deustuko Arrako taldean jokatu zuen. Txiki-txikitatik, asko erakartzen zuen naturak. Helduagoa zenean ere, nahiago zuen asteburua mendian igaro, Bilbon poteatzen ibiltzea baino. Hala ere, noiz-behinka, Barrenkalen zehar gozatzen zuen, koadrilarekin. Ikasle ona izan zen, eta egindako ikasketa guztiak gainditu zituen, gutxiegi bakar batekin. Ikasketak bukatu ondoren, administrari laguntzaile gisa hasi zen lanean, altzairuen enpresa batean.

Ordurako hasia zen pintadak egiten eta manifestazioetara joaten. Manifestazioetan, beti egoten zen lehenengo ilaran, poliziari harriak botatzeko prest. hamasei urte zituela, euskara bere kabuz ikasten hasi zen. Euskaraz ondo jakitea lortu zuen, Arratiako lagun mendizaleen laguntzaz. 1979an, soldadutza Cartagenan egitea egokitu zitzaion. Baimendutako irtenaldi batean, guardia zibilek atxilotu zuten Bilbon. Kuarteleko eta epaitegiko aldi gogorra igarota, Martuteneko espetxean espetxeratu zuten. Eguberri egunean, Soriako espetxera bidali zuten. Sei hilabete geroago, fidantzapeko askatasuna eman zioten. Irten ondoren, kuartelera itzuli behar izan zen, eta etenik gabe jazarri zuten. Azkenean, Iñakik Frantziako Estatura alde egitea erabaki zuen.

Parisen geratu zen. Han, Kattalin ezagutu zuen, bere bikotea. Handik lasterrera Baionara joan ziren biak bizitzera. Kattalinek euskara ikasi zuen, eta Iñaki irakasle aritu zen AEKn. Hori guztia, GAL agertu arte.

Iñaki beti beldurrez eta tentsioan bizi zen, eta psikologikoki erasan egin zion. 1989an, izen faltsu batekin ospitaleratu zuten, sukar iraunkor baten ondorioz. Sarkohidosi izeneko gaixotasun arraroa diagnostikatu zioten. Tratamendu gogorra jarri zioten, eta oso gaizki pasatu zuen, nahiz eta haren ahotik kexarik ez irten. Azkenik, Iñaki ospitalean hil zen, 1996ko urtarrilaren 25ean, bere etxean koman zegoela aurkitu ondoren. Haren errautsak Meñakotzen -Sopelako kostaldea- eta Iratin -Nafarroako basoa- zabaldu zituzten.

Iñaki, zure borroka gure bizitza!
Iñaki, gogoan zaitugu!

2008.01.12

Aitor Elortza omenduko da urtarrilaren 18an

2008 omenaldia

Aitor Elortzari omenaldia egingo zaio Algortan datorren ostiralean, urtarrilak 18, Telletxeko plazan, 20:00etan.

Aitor gaztetik sartu zen Euskal Herria libre eta justu baten aldeko herri borrokan. Bide horretan Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izan zen. 1979an, 19 urte zituenean, poliziaren jazarpenetik ihesi Ipar Euskal Herrira joan zen. Bertan ere militantzia, poliziaren jazarpena, atxiloketak eta ezegonkortasuna izango zituen bere bizitzaren ildoan. Mexikon izan zen aldi batez, gero handik bueltatu eta kartzelan berriro… azkenik, gaixorik, hilik aurkitu zuten bere etxean 2006ko urtarrilaren 16an.

>> Algortako Portu Zaharrean 2006ko ekainean egin zitzaion omenaldia eta bere errautsak itsasora zabaldu ziren. Argazkiak: hemen eta hemen

>> ENTZUN : Mikel Urrizek 2006ko ekainean Aitor Elortzaren bizitza eta ibilbideaz egindako hitzaldia (37 m.)

>> Aitor Elortzari buruzko artikuluak: hemen

Aitor, gogoan zaitugu.
Euskal Herri libre eta justu baten alde burrukatu zenuen.
Euskal Herriak bere baitan gordeko zaitu!

2007.08.11

Agur eta ohore eusko gudaria

Bidegabe aritzen diren horiek ondo merezi duan omenaldia galarazi nahi ditek. Bihozgabeak eta ergelak. Bortxaz ekitaldi jakin bat oztopatuko ditek, baina ezingo ditek hire herrikideen begirunea eta esker ona eragotzi. Agur eta ohore, Sabin Euba Pelopintxo, eusko gudaria.

Lanbropean ikusi diagu Ziburuko kaia. Herioak langarraz bete dik itsasertza, baina hire oroitzapenak eguzki izpiak ekarri dizkik berriro ere laino artetik.

Izan ere, guretzat, hire heriotza baino gehiago, hire bizitza duk aipagarri. Horixe esan nahi zioagu ozen, garrasika, Euskal Herriari, denek entzun dezaten: Sabin Eubaren ibilbidea eredugarria izan da, aberatsa eta eskuzabala.

Ez du bizi erraza izan. Zornotzako etxeko suaren ondoan Euskal Herria eta askatasuna maitatzen ikasi zuen; ederki ikasi ere, konpromisoan eta ahaleginean gauzatu baitzuen, orduz geroztik eta etenik gabe, maitasun hori, azken-azken unera arte.

Frankismo garaian atxilotu zuten lehenik, eta jaioterria utzi behar izan zuen ondoren, frankismo ostean. Demokrazia hitzarekin Euskal Herria behin betiko desegiteko amarrua jarri ziguten orduan. Sabini eta bera bezala konpromisoa azken bururaino eraman zuten ehunka laguni esker, erronka hura gainditu genuen. Sabini eta gainerako euskal gudariei esker ondoko erronkak ere gainditu ditugu; herriarekin, herritarrekin, herri nortasunarekin… Horregatik guztiagatik gaude gaur egun Euskal Herria irabazteko bidean. Mila esker Sabin.

Makina bat arrazoi dugu Sabini eskerrak emateko. Iheslaria izan aurretik ere, iheslarioi babesa eman zigun. Gure artera etorri zenean, berriz, bizitza egin eta borrokan segitzeko adorea erakutsi zuen. Egoera latzak ezagutu ditu, gainerako iheslariek bezalaxe; baina, betiere, aurrera egiteko borondate eta indarrarekin. Horrelaxe gainditu ditugu, eta gainditzen ari gara, eraso eta txantaje guztiak. GALeko garaiak, kanporaketak eta asignazioak ezagutu zituen Pelopintxok. Haatik, Ziburun izan dugu azken urteotan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herrian bizitzeko hautuari jarraituz.

Hautua egin genuen, Euskal Herriaren eta askatasunaren alde. Horregatik, hain zuzen, kolpatzen gaituzte inposizioari eutsi nahi diotenek. Otzanak nahi gaituzte, baina gure eskubideen eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo mugarik gabe.

Bide horretan, Sabin Euba burkideak irakaspen ederra utzi digu. Bere hitzetan eta, batez ere, bere portaeran. Arazoak arazo eta egoerak egoera, Euskal Herri askea lortzeko norabidean konfidantza izan behar dugula, egindako lanak uzta dakarrela eta, ahaleginean, gure helburuak erdiesteko aukerak sortuko ditugula. Azken batean, lasaitasun estrategikoa izan behar dugula erakutsi digu Pelopintxoren ibilbideak.

Hiretzat dizkiagu azken hitzak, Sabin laguna: joan haizen larre horietan, lagun zahar asko topatuko dituk. Esaiek aurrera egin dugula, eta enbor beretik sortu direla jada besteak, ametsa zena egia bilakatzeko.

Izan zirelako gara, garelako izango dira

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa

Euskal Herrian, 2007ko abuztuaren 11

2007.07.09

Luis Maria Zuluaga “Zulu” gogoan!


Luis Maria Zuluaga erbestean

Zulu 1994.07.13an hil zen Venezuelan erbestealdiaren baldintzen ondorioz. Horretara, datorren ostiralean 12 urte. Erbestealdiaren eta denboraren distantziak astunak badira ere, ez daukagu ahaztutzeko Zuluren duintasuna eta justizia sozialaren alde bizitza osoan egindako burruka.

Zulu Zornotzan jaio eta Pinueta auzoan bizi zen, Erromon, 1985ean emaztea eta biok alde egin behar izan zutenean. Geroago Argeliara deportatuta bidali zuten eta handik Venezuelara. Bere errautsak Venezuelan daude, kutxa batean, Euskal Herrira noiz etorriko zain, berak horrela esanda utzi baitzuen: “ez naiz Euskal Herrira itzuliko, azken errefuxiatua itzultzen ez den bitartean, ezta hilda banago ere”.

Hemen badauzkazu Luis Mari Zuluetaren argazkiak, biografia, bere heriotzaren eta Itzubaltzeta/Romon egindako omenaldiaren kronikak, bai eta Zuluren gorazarrez Iñaki Olazaranek idatzitako artikulua ere.

Zulu gogoan, iheslari guztiak gogoan: KONPONBIDEAREN GARAIA DA, AUTODETERMINAZIOA ETA AMNISTIA!!!

«« MEZU ZAHARRAGOAK : : : : : : : :