Anton Fernandez eta Jose Murueta gogoratzeko hainbat ekitaldi izango dira Erandion

2009.10.28 | atalak: 

ukberri.net


Argazki gehiago HEMEN

Egitaraua

Gaur, asteazkena. ‘Beste biktimak’ bideo-foruma, Astrabuduko Josu Murueta aretoan, 19:00etan.

Bihar, osteguna. ‘Memoria egin, Justizia egin’ hitzaldia emango dute Ahaztuak elkarteko kideek, Erandioko Udaletxean, 19:00etan.

Larunbata. Omenaldi ekitaldi nagusia, Erandioko Josu Murueta plazan, 13:00etan.

Urriaren 28an eta 29an 40 urte beteko dira polizia armatuak Altzaga eta Astrabudua auzoetako herritar bi hil zituela, Erandion bertan. Garai horietan erandioztarrak itotzen ari zen kutsaduraren kontra protestan ari ziren Anton Fernandez eta Jose Murueta, heriotza aurkitu zutenean. Gertaera horiek gogoratzeko, larunbat honetan, urriak 31, omenaldi ekitaldia izango da Astrabuduako Josu Murueta plazan, LAB sindikatuak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak deituta. Hitzordua 13:00etan jarri dute. Hala ere, aurreko egunetan beste hainbat ekitaldi izango dira. Argazkian, LABeko Iratxe Azkuek eta Ahaztuak elkarteko Martxelo Alvarezek eman dute gaur prentsaurrekoa, Mari Pili Arenaza eta Idoia Murueta (Josu Muruetaren emaztea eta alaba), Josu Cerrato (Astrabuduako auzokideen elkarteko presidente eta HBko zinegotzi izandakoa), Manolo Castrillo (Erandioko gertakizunetan balaz zauritua), Urtzi Ostolazaga (LABeko kidea) eta Kontxi Fernandez (Anton Fernandezen alaba) lagun zituztela.

Bihar bertan, “Las otras victimas” izenburuko bideo-foruma egingo dute Josu Murueta kultur areto astrabuduarrean, 19:00etatik aurrera. Ekitaldian parte hartuko dute Martxoaren 3ko Biktimen Elkarte gasteiztarreko hainbat kidek. Etzi, berriz, “Hacer memoria. Hacer justicia” izeneko hitzaldia eskainiko du Ahaztuak elkarteak, 19:00etan, Erandioko udaletxeko etxabeetan. Bitartean, Ekologistak Martxan taldeak ere babesa adierazi die LABek eta Ahaztuak elkarteak antolatutako ekitaldiei. Bere aldetik, “500 ejemplos de no violencia. Otra forma de contar la historia” liburuaren aurkezpena antolatu du talde ekologistak, Anton Fernandez eta Jose Muruetari gorazarre egiteko asmoz. Solasaldia ostegunean, hilak 29, izango da Bilboko Ekoetxean (Pilota kalea, 5), 19:30etik aurrera, liburuaren egile Sabino Ormazabal bertan izango dela.

Erandioko gertakizunak

Oraindik ere, Erandio, Euskal Herrian airerik kutsatuena duten hamar herrien artean dago. Baina hori ez da albiste berria erandioztarrentzat. Izan ere, 50 urte baino gehiago dira Erandiok kutsadura atmosferikoa sufritzen duela. Erandion, 60eko hamarkadan, kaleetan ezin zitekeen arnasarik ere hartu, bertokoek aipatzen dutenez. Fabrikaz inguratuta zegoen udalerria. Egoera horrek bultzatuta, herri mobilizazio indartsuak sortu ziren, 1969ko udazkenean amaituko ziren mobilizazioak, hain zuzen ere. Urte horretan, urriaren 28ko gauean, auzokideek errepide nagusia eta trenbidea moztu zituzten. Polizia armatuak tiroka agertu ziren eta Anton Fernandez hil zuten, lehiotik begira zegoela. Manolo Castrillo eta beste lagun bi ere tiroz zauritu zituzten. Hurrengo eguneko eguerdian, ehunaka erandioztar batu ziren plazan, aurreko eguneko istiluengatik protesta egiteko. Adin guztietako herritarrak batu ziren, baita fabriketako beharginak ere. Mobilizazio horretan hil zuten Josu Murueta gaztea tiroz eta zauritu ugari egon zen.

Etorkizuna eraiki

Gertaera lazgarri horien 40. urteurrenean, Erandioko herritar guztiekin batera “etorkizuna eraiki” nahi dute LAB sindikatuak eta Ahaztuak elkarteak, “iragana ahaztu gabe”. Eskumaldeko LABeko kide Iratxe Azkuek adierazi duenez, “ezin ditugu ahaztu sasoi hartako borroka eredugarriak eta, orduko aldarrikapenak geureganatuz, bizitza duina garatu ahal izateko ingurumenean hainbesteko kaltea eragiten duen produkzio sistema kapitalistaren eta egungo bizi eredu kontsumistaren ondorioak borrokatu behar ditugu”.

Erandiokoa “borroka eredugarritzat” daukate, “herri mobilizazio parte hartzailea izan zelako, euskal mugimendu ekologistaren oinarriak jarri zituelako, langileek protagonismoa hartu zutelako bat-bateko lanuzte orokorrak deituta, errepresioaren aurrean erantzun tinkoa eman zutelako herritarrek, jendartean borrokaren kontzientzia sustatu zutelako, besteak beste”. Bereziki, emakumeen borroka horretan jokatutako papera azpimarratu du Azkuek, bere hitzetan, “beraiek izan baitziren seme-alabak eskolatik irteterakoan borroka honen aitzindari”.

>> berria.info: 1969ko Erandioko gertakarietan hildakoak | Ahanzturatik ateratzen
>> gara.net: 40 años después, Erandio sigue exigiendo justicia para Murueta y Fernández

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Aitor Bores hurbildu eta Aiboa Casares urrundu egin dituzte udan

2009.09.18 | atalak: 

ukberri.net

Espainiako Barne Ministerioak aurtengo udan 15 euskal preso politiko Euskal Herritik hurbilago mugitu izanak “disidentzia sustatzeko estrategia” barruan kokatu du Colpisa albiste agentziak. Horren arabera, espetxe aldaketa horien barruan egongo litzateke Aitor Bores sopeloztarrarena. Murtziako kartzelatik Zuerara (Zargoza, Espainia) eraman dute. Hala ere, Sopelatik 350 kilometro ingurura jarraitzen du Boresek. Beti ere Colpisaren hitzetan, Asturiasko Villabona eta, berriki, Pontebedrako A Lama eta Castelloko Albocasser herrian orain gutxi zabaldutako espetxea “laborategitzat” dauzka, kartzela aragoiarrarekin batera, Alfredo Perez Rubalcabak zuzentzen duen Ministerioak, “ETArekin apurtu dezaketen gatibuei arnasa emateko”. Aiboa Casares Astrabuduako preso gaztea, ordea, urrunago eraman dute; beste bost errepresaliatu politikoekin egin bezala. Colpisaren arabera, “ETAren diziplinara gerturatu direlako berriro”. Villabonako espetxetik Salamancako Topasera eraman dute Casares, Astrabuduatik 410 kilometro ingurura. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa eskualdean.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Garzonen aurrean izan dira gaur Iker Rodrigo, Eli Zubiaga eta Arantza Urkaregi

2009.09.10 | atalak: 

ukberri.net

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak gaur jakinarazi die Demokrazia Hiru Milioi (D3M) eta Askatasuna alderdi politikoetako 13 laguni, “ETAko kide edo laguntzaile izatea” egotzita auziperatuko dituela. Bitartean, Vicente Gonzalez Mota fiskalak horietako zazpiri martxoan jarritako 6.000 euroko fidantza mantentzeko eskatu dio magistratuari, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Egoera horretan egongo lirateke Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra eta beste lau lagun. Baldintzapean aske dira guztiak. Rodrigo, Zubiaga, Urkaregi eta beste bost herritar urtarrilaren 23an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Zortziak martxoaren bukaeran atera ziren kartzelatik. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





ker Rodrigo, Eli Zubiaga eta Arantza Urkaregi auzipetu ditu Garzonek

2009.09.07 | atalak: 

ukberri.net



>> auto de procesamiento.pdf

Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) eta Askatasuna alderdi politikoetako 13 kide auzipetu ditu gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Iker Rodrigo lutxanarrari, Eli Zubiaga algortarrari, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarrari eta beste sei laguni “talde terroristako kide” izatea leporatzen die magistratuak. Autoaren arabera, Garzonek ez ditu auzipetu beste 12 pertsona, 10 haien aurkako froga nahikorik ez dagoelako eta bi jada auzipetuta daudelako antzeko beste auzi batzuetan. Guztiei irailaren 10ean, ostegunarekin, jarri diete deklarazioa hartzeko hitzordua, 10:00etan. Rodrigo, Zubiaga, Urkaregi eta beste bost lagun urtarrilaren 23an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Zortziak martxoaren bukaeran atera ziren kartzelatik. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Altzagan.

>> berria.info: D3M eta Askatasunarekin lotutako 13 lagun auzipetu ditu Garzonek

Aski da!
Euskal Herriak askatasuna behar du!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Jon Anza non dagoen galdetuko du bihar LAB sindikatuak Erandion

2009.07.09 | atalak: 

ukberri.net


Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Eskumaldeko LAB sindikatuak deituta, “Rubalcaba, non dago Jon?” lelopean elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, Erandioko metro geltokiaren aurrean. Horren bidez, desagertuta dagoen Jon Anza iheslari donostiarra gogoan izan nahi dute sindikalistek, baita Espainia eta Frantziako ministerioek gertakari horretan izan dezaketen esku hartzeari buruzko beren susmoak plazaratu ere. Hitzordua, sindikatu abertzaleak azken urteotan Ipar Uribe eskualde handian darabilen “Euskal presoak Euskal Herrira! Euskal presoak lantokietara!” dinamikaren barruan txertatzen da eta goizeko 11etan izango da. Argazkian, Algortan pasa den ekainaren 5ean egindako elkarretaratzearen irudi bat.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Debekuaren gainetik Iker Rodrigori bere maitasuna erakutsi diote erandioztarrek

2009.04.05 | atalak: 

ukberri.net



Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Atzo goizean ziren Erandioko auzokideak Iker Rodrigo preso ohiari ongi etorria egitekoak. Herenegun, baina, Espainiako Auzitegi nazionaleko 5. Instrukzio epaitegiko Baltasar Garzon magistratuak aipatu ekimena debekatu zuen. Gainera, ertzainak Egoki eta Hegoalde herriko tabernetan sartu eta ekimena bertan behera uzteko ohartarazi zieten ezker abertzaleko kideei: “ezta luntxarik ere”. Ongi etorria beharrean, 120 bat auzokidek debekua salatzeko manifestazioa egin zuten atzo udaletxetik irtenda. Herrizaingo Sailak bere aldetik, 40 bat ertzain mobilizatu zituen balizko ongi etorria ekiditeko. Ordua heldu baino lehen polizia batzuk urduri paratu ziren, plazan txistulari bat jotzen hasi zenean, baina laster egiaztatu zuten ongi etorria beharrean, bertan ospatzen ari ziren ezkontzako ekitaldiak zirela. Beste batek, berriz, eskoltatutako manifestazioan zehar irratiaren bidez ertzain-etxeren batera eman zituen martxan erabilitako leloak.

Manifestazioa bukatuta, ezker abertzaleko kideak komunikatua irakurtzera zihoazela, ertzainek berriro ere ohartarazi zieten ezin zutela ongi etorririk egin eta kasu egin ezean oldartuko zitzaiela. Bildutako lagunek demokrazia eza, presoen egoera eta Espainiarengandik eta Eusko Jaurlaritzatik “jasaten dugun errepresioa” salatu zituzten. Gainera, “adierazpen askatasunaren urraketa” ageriagoan uzteko, mikrofonoa irekita utzi zuten hitz egin nahi zuenarentzat. Horrela egin zuen Iker Rodrigok berak. “Momentu honetan kalean nago, askatasunean nago baina ezin naiteke askatasunean bizi, preso dagoen herri batean” salatu zuen lutxanarrak txalo artean. Ondoren, ekitaldia bukatu eta trikitixaren doinupean herri poteoa egiteari ekin zioten bildutakoek. Hortik metro batzuetara bi auzokidek lore sorta eta txapel eman zioten Rodrigo opari gisa.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Iker Rodrigori egitekoa den ongi etorria debekatu du Garzonek

2009.04.04 | atalak: 

ukberri.net

Baltasar Garzon epaileak debekatu egin ditu gaur eguerdiko ordubatetan Erandioko udaletxeko plazan Iker Rodrigo preso ohi lutxanarrari ongi etorria emateko abiatu behar zuten ekitaldia eta hari lotutako bestelako ekimen guztiak. Erandioko ezker abertzaleko kideek jakinarazi dutenez, atzo arratsaldean hainbat ertzain sartu ziren Egoki eta Hegoalde Astrabuaduako eta Altzagako herriko tabernetan eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua jakinarazteaz gain, herriko tabernetan “ezta luntxik ere” ez egiteko ohartarazi zieten aipatu lokaletan zeudenei. Poliziek esandakoa “zentzugabekeria” zela tabernakoak azaltzen hasi zirenean ertzainek “bada, ateak itxita izan dadila” erantzun zieten. Udalari ere autoaren berri eman zioten atzo eta erakundeak aurretik emandako baimen eta azpiegitura guztiak ukatu zituen ondoren. Auzokideek, berriz, debekua salatzeko mobilizazioa deitu dute eguerdiko ordubatetan ere, baina metroko plazan. Argazkian, Iker Rodrigo Hegoalde herriko tabernan zegoen bere argazkia kentzen.

Bestalde, debekuak lehenengo elkartasun keinuak ere eragin ditu herrian. Atzo, esate baterako, Korrikak Erandioko udalerritik igaro behar zuen azken kilometroan, Lutxanan, Lutxanako arraun taldea zen lekukoa eramatekoa, Erandioko Udalak sarituta. Arraun taldeko kideek, baina, ordurako bazuten ongi etorriaren debekuaren berri eta Iker Rodrigo auzoko semea eta arraunlari ohiari eskatu zioten euskararen aldeko lasterketako zurezko heldulekuari heltzeko, giro ederraren artean.

Iker Rodrigo urtarrilaren 23an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Egun horretan, Eli Zubiaga algortarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea eta beste bost lagun atzeman zituen Poliziak. Zortziak joan den astean atera ziren kartzelatik.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Ongi etorri, Iker

2009.04.01 | atalak: 

Apirilaren 4an ekitaldia egingo da Erandio Bekoan, udaletxeko plazan. Ekitaldia 13:00etan izango da eta bazkaria 14:30etan.

Bazkariko txartelak ohiko lekuetan daude salgai, Erandio eta Astrabuduan.

Ongi etorri, Iker!
Preso guztiak kalera!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Harrera beroa eskaini diote Iker Rodrigori

ukberri.net


Iker Rodrigo Erandion Hegoalde tabernan.

Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

D3Mren aurkako operazioan, urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak atxilotutako zortzi lagunak espetxetik irten ziren atzo eta herenegun. Eskualdeari dagokionez, Iker Rodrigo Erandion eta Itzubaltzeta / Romon hartu zuten. Eli Zubiagari harrera egin zioten Algortan eta Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea den Arantxa Urkaregi Bilboko Zazpi Kaleetan jaso zuen bere auzokideen berotasuna. Guztiak aske daude 6.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Jone Goirizelaia abokatuak Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan (mp3) kaleratze autoak zortziak “lan politikoa” egiteagatik espetxeratu zituztela frogatzen duela dio.

Rodrigo 20:20ak aldera heldu zen Erandioko Altzaga auzoko Hegoalde herriko tabernara, bertan 110 bat senide, lagun eta auzokide zituela. Lehenengo besarkada eta musuen ostean, aurreskua dantzatu eta lore sorta eskaini zioten lutxanarrari. Ondoren, ezker abertzaleko kideek ongi etorria (mp3) eman zioten eta Ikerrek bere argazkia batu eta oparitu zuen. Ekitaldia amaitzeko, xanpainaz ospatu zuten unea.

21:30ak aldera heldu zen Iker Rodrigo Itzubaltzeta / Romora, lutxanarra adoptatu duen herrira. Branka herriko tabernaren aurrean, “Buru handi”ri harrera egiteko zain zeuden 120 bat lagun eta auzokide. Txalapartaren ttakun doinuen artean hartu zuten Rodrigo, ondoren aurreskua dantzatzeko. Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideek berriz, segidilla eta bertsoak (mp3) kantatu zizkioten. Jendeak besarkatuta ia mugitzeko aukerarik ez zuela eta nabarmen hunkituta, hitz gabe gelditu zen Rodrigo, aurrean zituen lagunei beren maitasun adierazpenengatik eskerrak eman ziela. Azkenean, bere argazkia kendu eta xanpainez ospatu zuten gertaera. Bestalde, Rodrigo hurrengo egunotan, litekeena da astelehenean izatea, Astrabuduako Egoki tabernatik igaroko da bertan duen argazkia batzeko.

Aipatzekoa da D3Mren aurkako operazioan kaleratuko zituzteneko albistea herenegun arratsaldean zabaldu bazen ere, Rodrigo ez zuela ezer jakin atzora arte. Izan ere, 13:00ak aldera komunikatu zion kaleratze agindua agente judizial batek. Aske uzteko autoan azpimarratutako argudioak Rodrigo gizartean erabat errotuta dagoela eta alderdia disolbatu dutenez berriz delitua egiteko aukerarik ez duela izan ziren.

AAMren balorazioa

Bere aldetik, AAMk “pozez” hartu du zortzi euskal preso politiko horien kaleratzea eta herritarrei dei egin die kaleratu berriei egingo zaizkien harrera eta Ongi Etorrietan parte hartzeko: “une hauetan gogora ekarri nahi dugu oraindik orain espainiar estatuko espetxeetan ugari direla lan politikoa egin izanagatik preso dauden euskal herritarrak. Espainiar estatuan lan politikoa espetxearekin ordaindu daiteke, eta zortzi hauen kasua da horren adibide argiena. Hauteskundeetan parte hartu nahi izanagatik atxilotu, espetxeratu eta ehunaka kilometrotara sakabanatuak izan dituzte. Besterik gabe, errepresioaren aurkako lanean jarraitzeko deia luzatzen diegu herritarrei”.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Goizaldean iritsi dira etxera Ibai, Guti eta Amets


Ibai eta Guti 01:30 aldera iritsi ziren Leioako gasolindegira, bidean elkartu ondoren. Bertan ziren lagunak agurtu ostean bakoitzak bere herrira jo zuen, Guti Leiora, Kurkudi tabernan zain zituen herritarren harrera jasotzeko eta Ibai Algortara, herriko sarreran, ertzainek ere euren motako harrera egiteko Euskal Herria kalean jarritako kontrolean gelditu egin zutelarik.

Algortako Amnistia tabernan 80 lagun inguruk harrera beroa egin zioten Ibairi. Lagunak agurtu, loreak eskaini, aurreskua, bertso bat eta amnistiaren aldeko mugimenduaren eta bertan zeuden guztien izenean batek agurtu ondoren, Ibaik berak eskerrak eman zizkien bertan zeuden guztiei eta bera eta etxekoak lagundu dituztenei. Barruan gelditu direnak gogorarazi zituen, eta aipatu zuen goizean Joseba Elorriagarekin gimnasia egin eta arratsaldera arte ez zuela izan kaleratzeko abisua. Irtetea ere gogorra egin zitzaiola esan zuen eta denak animatu zituen aurrera segitzeko. Gero tabernako argazkia kendu, brindisa egin eta Ametsen zain gelditu zen lagunekin batera.

Amets ordu bat beranduago edo iritsi zen, bere bila joandako etxekoen eta lagunekin batera. Ordurako 100 bat lagun bilduta zeuden tabernaren atarian bere zain, Leioako lagunak Guti etxean utzi eta bertara joan ziren-eta. Ibai eta Amets biak batera izateak are hunkigarriago egin zuen berari eskainitako harrera beroa. Lagunak agurtu eta Ibairekin egindako zeremonia guztia errepikatu zen, baina kasu honetan, Ametsen pozerako, Ibaik berak eman zizkion loreak. Gero aurreskua, bertsoa, eta agurraren ostean Ametsek ere eskerrak eman zizkien bertan bildutakoei, presoak gogorarazi zituen eta horiek guztiak kaleratzeko lan handia egin beharko dugula esan eta jendea animatu zuen lanean jarraitzeko. Argazkia kendu, brindisa egin eta poza eta algaren artean pixkana-pixkanaka jendea erretiratzen joan zen…

Gaur Iker Rodrigo (Erandio) eta Eli Zubiaga (Algorta) ere kaleratuko dira, 6.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Arratsaldean kaleratzea espero da, eta ateratzen diren orduaren arabera iritsiko dira herrira ere.


Ongi etorri, Ibai, Guti eta Amets!
Preso guztiak kalera!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Iker Rodrigo eta Eli Zubiaga bihar aterako dira kalera

2009.03.24 | atalak: 

D3Mren aurkako operazioan espetxeraturiko zortzi herritarrak aske geldituko dira

6.000 euroko bermea ordainduta gaur eta bihar aterako dira espetxetik zortziak. Beraien herri eta auzoetan lehen harrerak egingo zaizkie.

Aske geldituko diren euskal preso politikoak:

Agurtzane Solabarrieta (Usurbil). Brievan dago preso.

Hodei Egaña (Donostia). Herreran dago preso.

Eli Zubiaga (Algorta). Cordoban dago preso.

Iker Rodrigo ( Erandio ). Ocañan dago preso.

Arantza Urkaregi (Bilbon). A Laman dago preso.

Imanol Nieto (Sestao). Foncalenten dago preso.

Iñaki Olalde (Agurain). Teruelen dago preso.

Amparo Lasheras (Gasteiz). Valladoliden dago preso.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:

AAMtik pozez hartzen dugu zortzi euskal preso politiko hauen kaleratzea eta herritarrei dei egiten diegu kaleratu berriei egingo zaizkien harrera eta Ongi Etorrietan parte hartzeko. Una hauetan gogora ekarri nahi dugu oraindik orain espainiar estatuko espetxeetan ugari direla lan politikoa egin izanagatik preso dauden euskal herritarrak. Espainiar estatuan lan politikoa espetxearekin ordaindu daiteke, eta zortzi hauen kasua da horren adibide argiena. Hauteskundeetan parte hartu nahi izanagatik atxilotu, espetxeratu eta ehundaka kilometrotara sakabanatuak izan dituzte.

Besterik gabe, errepresioaren aurkako lanean jarraitzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

>> gara.net: Arantza Urkaregi e Iñaki Olalde recuperarán hoy su libertad

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu
















etengabe[abildua]gmail.com | eskerrik asko: Blogsome





Uribe Kostako presoak
Euskal preso politiko guztiak
Espetxeen helbideak

Bilatu blog honetan:



Atalak:



Artxiboa:



RSS .92
RDF 1.0
RSS 2.0
Atom
Iruzkinak RSS 2.0














>> lotura gehiago <<