
Mikel Gil eta Bautista Barandalla kideak kalean
Osasun arazoekin bizitzea zama bada, zer esanik ez espetxean, etxetik urrun eta inguru arrotz eta oldarkorrean. Espetxetako baldintzak gogorrak badira edonorentzat, zer esanik ez gaixo larri diren kideontzat. Askatasuna berriz ere espetxe arinduarekin mozorrotu nahi izan badute ere, Mikel Gil iruinsemea eta Bautista Barandalla Etxarri-Aranazkoa kalean dira. Etxean, senide eta lagunekin. 17 eta 19 urte hurrenez hurren giltzapeturik egon ondoren, sufrikario handiak pasatutakoak ditugu bi lagunak.
Bautistaren kasuan, 19 urte giltzapean egon ondoren ez da aski izan hori, zigorra, zapalkuntza, eta mendekua bere jokabide ez gizatiarraren ardatz duenarentzat. Hala da agintari espainolena. 19 urte itzalean eta kaleratzea erabakita izanik ere azken unerarte hor ibili dira, lagunak damuketa sinatu zezan saiatzen, hau eta hori eskaintzen, finean umilazioa sinatuarazi asmotan. Kontestu berean eta argia ikusi baino lehentxeago jarri diote ezpata buru gainean, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatuz eta beraz, aske beharko lukeen eguna iritsi aurretik zigorra beste 10 urtez luzatuz. Politika humanitario honetaz ari ote da Rubalcaba ministro espainola?
Baldintza zorrotzak ezarri dizkiote, osasun zaintza egokia eramateko kontraesanean direnak, eskumuturreko elektronikoa kasu. Onartezinak zaizkio EPPKri zirkunstantzia normaletan espetxe politikaren halako neurriak, maiz gogoratu dugun bezala erabilpen politikorako tresna diren neurrian. Preso gaixoen kasuan ari zaizkigu oso makur agintariak, egoera humano latzenetan miseria politiko apur bila itsu. Ez da Kolektiboa izango etsaiaren joko horretan eroriko dena. Kasu honetan aurretiko beste batzuetan bezala, lagunaren bizitza baita jokoan izan dena, eta heriotzaren korridoretik ateratzea lortu da. Bautista, Mikel bezala eta aurretik besteak, kalean da, etxean bere senide eta lagunekin. Hori da irabazi duen azken borroka, denok irabazi dugun borroka.
Herriaren mobilizazioak atera ditu azken bi preso gaixoak sartu zituzten ataka horretatik. Herriari dagokio ezarritako baldintza murrizkor horietatik libratzea, osasun asistentzia egoki eta duina jaso dezaten. Gure aldetik, dagozkigun eskubideak errespetatuak izan arte borrokan tinko jarraituko dugu.
Agur beroa Bautistari, Mikeli eta bere inguruari! Agur beroa espetxean gaixorik dauden kideoi!
Euskal Presoak Euskal Herrira! Kondena beteta dutenak kalera!
Gaixo larri diren beste guztiak baldintzarik gabe kalera!
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
2009ko ekaina
zabaldu |
bildu