2008.01.27

Gazteek jasandako “torturen erantzule” egin dute EAJ

ukberri.net

> Algorta, Durango eta Galdakaoko mobilizazioak GazteSarean: hemen

“Gazte eta aske, irabazi arte!” irakur zitekeen pankartaren atzean, Uribe Kosta eta Erandioko 200 lagun baino gehiago manifestatu da, gaur eguerdian, Algortan, Espainiako Auzitegi Nazionalean 16 bizkaitarri egin dieten epaiketa salatzeko. Martxa kaleetan barrena joan ahala ugariak izan dira euskal gazteriaren aldeko eta EAJ eta Ertzaintzaren kontrako oihuak. Azken horiek, baina, manifestazioa batzokiaren aurretik (argazkian) igaro denean areagotu egin dira: “Zipaioek ere torturatzen dute” eta “EAJ torturatzaile” bota dizkiete bertan bildutakoei. Izan ere, epaitutako gazteak 2002an atxilotu zituztenean, Arkauten jasandako “torturen erantzuletzat” jo dute alderdi jeltzalea manifestariek. Herenegun eta atzo epailearen aurrean aurkeztu behar izan ziren Urtzi Paul eta Kepa Saratxaga ere egon dira manifestazioan.

2002ko atxiloketak ez ezik, orain hiru hilabete pasatxo Uribe Kostan eta aste honetan Lea-Artibain izandako polizia operazioak ere “gazteonganako errepresio basatiaren” adierazletzat jo dituzte, manifestazioa bukatuta irakurritako oharrean. Egun Aner Mimenza, Lander Labajo, Mikel De Gregorio, Gorka Oribe, Joseba Elorriaga eta Juan Bautista Galdiz “Batxi” algortarrek jarraitzen dute kartzelan eskualdean izandako sarekadaren ondorioz. Asteazkenean, berriz, Oliba Gorriak musika taldeko Iban Etxebarria “Ezkerra” eta Eneko Ostolaza atxilotu zituzten beste 6 gazteekin batera. “Oraingoan, polizia nazionalak izan dira txakurrak. Baina berdin dio, Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaintza. Denek dituzte helburu berberak”, ohartarazi dutenez. Hartara, PSOE eta “haren laguntzaile” EAJ egin dituzte “independentziaren aukera suntsitzea” helburu duen “errepresio basati honen erantzule”.

Manifestazio bukaeran irakurri duten idatzia:

Alde bateko eta besteko biktimez hitz egiten digute, beraiek neutralak balira bezala. Baina hemen herritarrak gara biktima bakarrak, sistema neoliberal hiltzailearen biktimak.

Gure aitona-amonei frankismoa odolean sufritzea tokatu zitzaien, eta hamarkada batzuk beranduago, beren bilobok Frantzia eta Espainia kapitalisten inperialismoa pairatzera kondenatuta gaude. Baina iraganean bezala orain ere, gazteok biktima hutsak izatetik haratago borrokalariak izatea erabaki dugu. Belaunaldiz belaunaldi, eskuz esku igaro da borrokaren lekukoa, orain geuk daukagu, geure eskuetan dago.

2002ko azaroan 17 gazte bizkaitar atxilotuak izan ziren operazio bakar batean. PNVren polizia autonomiko espainolak atxilotu eta bortizki torturatu zituzten. Orain, 5 urte beranduago, torturapean egindako deklarazioetan oinarrituz epaitu egin dituzte. Gaur egun ere ehunaka dira errepresioa pairatzen duten gazteak: jarraipenak, mehatxuak, kartzelaratzeak, baita torturak ere, Igor Portu bezala ospitalean bukatzeraino edo kasu gehienetan norberak baino jakin eta sufritu ez dituenak.

Errepresio basati horren adierazgarriak dira herri honetan, Algortan, orain dela 4 hilabete inguru eman ziren 9 gazteen atxiloketak. Oraindik ere horietatik 6k kartzelan jarraitzen dutela. Oraingoan, polizia nazionalak izan dira txakurrak. Baina berdin dio, Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaintza. Denek dituzte helburu berberak.

Errepresioaren uholdea etengabea da. Izan ere, aste honetan ere Polizia Nazionalak Markinako 8 gazte atxilotu ditu, independentzia eta sozialismoaren aldeko zortzi borrokalari.

PSOE eta haren laguntzaile PNV dira errepresio basati honen erantzuleak. Errepresioa erabiltzen dute euren asmo alderdikoi eta elektoralistak erdiesteko, helburu zehatz batekin: independentziaren aukera suntsitzea.

Zalantzarik gabe, beren helburu kapitalistak bete asmoz, borrokalari guztiak paretik kentzeko apustua egin dute. Gazteok errepresioaz mehatxatu gaituzte, beren interesak oztopatzen ditugun heinean zapalduko gaituztela adierazi digute. Baina guk oso argi daukagu: Euskal Herria eta euskal herritarrak defendatzera goaz, herri honetan ez dute nahi dutena egiterik izango. Eta gazteoi egurra ematera badatoz, aurrean izango gaituzte. Belaunaldi ezberdinak torturatu eta kartzelaratuko dituzue, baina independentziaren alde borrokatzeko prest egongo den belaunaldi berri batekin topatuko zarete, duela 5 urte balio ez zuena, gaur egun ere ez, errepresioarekin ez dago euskal gazteriarekin bukatzerik, Uribe kostan, Burlatan, Donostian edota Markinan belaunaldi berriekin topatuko zaretelako. Bidea argi daukagulako Jo Ta Ke independentzia eta sozialismoa lortu arte.

Gazte eta aske irabazi arte!

2007.10.19

Asteazkenean atxilotutako sei gazteak espetxeratu dituzte

ukberri.net

Arratsaldeko 8etan Algortako Telletxe plazatik abiatutako manifestazioa (argazkian) bukatu eta berehala jakin berri du, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Baltasar Garzon epaileak Joseba Elorriaga “Peski”, Mikel de Gregorio “Degre”, Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez “Nekora” baldintzarik gabe espetxeratzea erabaki duela; eta horrela jakinarazi die bertan bildutako 900 bat lagunei. Zigor Goikoetxea “Gorrion”, berriz, ospitalera eraman dute, 6.000 euroko fidantzapeko askatasuna ezarri ostean: “kimioterapia ematen ari zaizkio eta larria da bere osasun egoera. Hala ere, egurtu egin dute”, salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Gainontzeko seiak ere “torturatuak” izan direla baieztatu du AAMk, senide eta lagunek emandako informazioan oinarrituta.

Horietako batek Labajoren berri eman du manifestazioa hasi baino lehen, “asko egurtu” dutela adieraziz: “Guztiak berotu dituzte, baina batez ere Landerrek hartu du jipoirik handiena. Psikologikoki oso indartsu daude, baina dena muntaia dela badakiten arren, argi daukate barrura sartuko dituztela”, gaineratu du oraindik ere epailearen azken erabakiaren berri ez zekiela. Rodriguez inkomunikaziopean eta konfidantzazko abokatua bertan ez zegoela deklaratu behar izan badu ere, gero gurasoekin hitzegiteko aukera izan duela jakinarazi du AAMk. Goikoetxearen fidantza ordaintzeko, berriz, diruz laguntzera deitu dituzte bertan bildutakoak. Bost eguneko epea dute horretarako. Horrekin batera, datorren astean zehar, asanblada bat egiteko asmoa adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak, “operazio honen inguruan informazioa eman dezaketen guztien parte hartzearekin; senide, lagun, abokatu eta medikuak, besteak beste”. “Atxiloketa horien atzean zer ote dagoen desestaltzea” da AAMren helburua.

Harrapatze saiakerak

Giroa bero zegoen arren, ez da gorabehera nabarmenik izan manifestazioa Telletxe plazatik abiatu eta Telletxe eta Algortako etorbidearen arteko bidegurutzean amaitu bitartean. Neska-mutilak ziren bildutako gehienak eta “torturaren” eta “gazteriaren kriminalizazioaren” aurkako oihuak entzun dira nagusiki. Batzokiaren aurretik igarotzean, berriz, EAJren aurkako aldarriak egin dituzte elkartutakoek. Alabaina, “Eusko Gudariak” abestuta protesta bukatu eta berehala, une oro manifestazio atzetik joan diren Ertzaintzaren Brigada Higikorreko bi furgoiak errepide kantoietan zeuden herritarrak zapaltzen ahalegindu dira, abiadura bizian eta ateak zabalduz. Behin baino gehiagotan egin dute gainera, lehendabizi Amnistia taberna bidean joan eta, ondoren, errepidean gora eginez. Polizia autonomikoaren aurkako oihu zaparradaren artean joan dira, azkenik.

2007.10.07

Askatasunaren balorazioa

Batasunako mahai nazionalaren atxiloketak urrats berri bat suposatzen du azken asteotan salatu dugun estrategia errepresibo berriaren baitan. Mahai nazionala espetxeratu izanak gobernuak egin duen apostu errepresiboaren tamaina erakusten digu. Baina urte hauetan guzietan argi gelditu da errepresioa antzua izan dela independentziaren aurkako borroka gelditzeko bide bezala. Beraz, bide hau alboratu eta gatazkaren erroetara jotzeko deia luzatzen diegu espainiar eta frantziar gobernuei.

Gogoratu nahi dugu azken bi asteotan 40 atxilotu baino gehiago izan direla Euskal Herriaren luze zabalean, polizia frantziar eta espainiarrak eskuz esku burutuak.

Azken atxiloketak PSOE-ko gobernuaren eskutik etorri zaizkigun arren, ezin dugu ahaztu Segurako polizia operazioa Balzak zuzentzen duen Ertzaintzaren kolaborazioz burutu zela. Kasu honetan Batasunako mahai nazionalaren atxiloketa, inkomunikazioa, espetxeratzea eta sakabanaketari bidea erraztuz. Ibarretxe jauna, zer egin behar duzu gertaera latz hauen aurrean? Legearen aitzakian ezkutatu beste behin? Zein da zuk independentziaren aldeko hautua egiten duten herritarrei etengabe erasotuak diren honetan eskaintzen diezun babesa?

Aro errepresibo bortitza dugu aurrez aurre, eta herri eta auzoetan errepresioaren aurkako borroka antolattu behar dugu eremuz eremu. Atxilotuen askatasuna eskatzen dugu eta dei egiten dugu datozen egunetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

2007.10.04

Erdaraz eta Gabi Basañezik gabe egin dute bere aurkako epaiketa

ukberri.net

Hamairu urteren ostean, behingoz epaiketa egin diote Gabi Basañezi, 1994ko Sopelako San Pedro jaietan egin zen zezenketen aurkako eserialdiagatik. Alabaina, epaiketa erdaraz egin dute, Basañez euskaltzaleak Bilboko justizia epaitegitik alde egin ostean. Izan ere, goizeko 9:45ean, epaile andereak erdaraz epaiketa hasteko agindu bezain laster, altxatu da Basañez akusatuen aulkitik eta “nire defentsa eskubidea eta hizkuntz eskubideak errespetatzen ez direnez ez dut epaiketa hau onartzen eta alde egin nahi dut” adierazi du ozen eta itzultzaileak bere asmoen berri eman behar izan dio ezer ulertu ez duen magistratuari. Epaileak isiltzeko agindu dio, fiskalak beraren aurkako zigor-eskaera egin arte. “Gero egin nahi duzuna” gaineratu dio epaileak. Basañezek, berriz, itzultzailearen bidez bere eskubideak ez direla errespetatzen berresten, “Euskal Herrian Euskaraz” kanta abesteari ekin dio era lasai baina ozenean. Bitartean, arin-arin fiskalak irakurri du Basañezi leporatzen dizkioten istiluak, erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatuengatik egindako zigor-eskaera, lehengo sei urteak urte batera nabarmen jaitsiz. Fiskalak bukatu bezain laster, epaileak birritan adierazi dio Basañezi alde egin zezakeela, eta honek horrela egin du, “Euskal Herrian Euskaraz” kanta behin amaiturik. Kanpoan, hogei bat lagunek kontzentrazioa egin dute “Euskaldunontzat ez dago justiziarik!” lelopean. Bestalde, ertzainek pertsona bat identifikatu dute, epailearen aginduz, epaiketa bideoz grabatzeagatik.
(more…)

2007.09.10

Bat Egin egunerako autobusa

Irailaren 23an Urdiain-Altsasun egingo den BAT EGIN egunera joateko autobusa egongo da Uribe Kostan.

Izena emateko epea irailaren 20an amaituko da, 20:00etan.

Autobusa 09:00 aldera irtengo da.

Eman izena ohiko lekuetan.

2007.09.03

Algortako Amnistia taberna

Algortako Amnistia taberna

2007.05.22

SexuGaua Algortan

SexuGaua

SexuGaua jaia egingo da Algortako Amnistia tabernan (Sarrikobaso kalea) larunbatean, maiatzaren 26an.

Programa berezia, sorpresak… etorri eta gozatu!

2007.05.21

Elkartasun zozketan saritutako zenbakia

Elkartasun Zozketan azken hiru zenbaki hauek dituen paperak eramango du ordularia: 328

Zuri tokatu bazaizu, zorionak!

Bestela ere, ez ahaztu:

Gure armarik onena, ELKARTASUNA!

2006.12.18

Liburu azokak arrakasta izan du Leioan

Atzo, abenduak 17, Euskal Preso Politikoen aldeko liburu erabilien azoka egin zen Leioan, bertako azoka eguna zela-eta.

Goizean jarritako saltokian liburu ugari saldu zen, euriaren ondorioz ohi baino jende gutxiago ibili bazen ere. Liburuak euro bat eta bitan saldu ziren.

Liburu erabilien azoka hau Uribe Kostako ekimena izanik, hurrengoan Sopelan jarriko da eta gero eskualdeko herrietatik ere ibiliko da.

Azoka honen helburua, presoentzako dirua lortzeaz gain, irakurketa eta trukearen kultura sustatzea ere bada.

Ekarri etxean soberan dauzkazun liburuak eta aldizkariak ohiko lekuetara.

ELKARTASUNA EUSKAL PRESO POLITIKOEKIN

2006.11.06

Furgonetaren zozketa

Batek baino gehiagok galdetu digu furgonetaren zozketan ateratako zenbakia. Horretara, hauek dira saritutako zenbakiak:

KARABANA:013.844
BIDAIA:038.811
PORTATIL:097.692

ordezkoak
KARABANA:142.870
BIDAIA:058.192
PORTATIL:015.810

Zozketa urriaren azken astelehenean egin zen, Gernikako azokan.

2006.10.20

Futbito Txapelketa 2006 Elorrion jokatuko da azaroaren 4an

futbito
Eman izena urriaren 26an baino lehen!

TXAPELKETAREN NONDIK-NORAKOAK
(more…)

«« MEZU ZAHARRAGOAK : : : : : : : :