Jagoba Terrones eta Berangotik Espainiako Auzitegi Nazionaleko Madrilgo Casa de Campoko egoitzara hurbildutako lagunak bueltan zirela, 35 lagun elkartu ziren Gudarien plazan (argazkian), Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) kontrako epaia salatu eta Terrones berari eta zigortutako gainontzeko 20 herritarrei elkartasuna adierazteko. Berangoztarrari 8 urteko espetxe zigorra ezarri diote eta, epaia irmoa izan arte, baldintzapean aske utzi dute. Mitxel Sarasketa getxoztarra, berriz, libre geratu da kargurik gabe. Beraren aurkako akusazioa erretiratu egin zituen fiskalak epaiketa amaitzean. Dena dela, 120 bat algortarrek ere 33/01eko auzipetuei keinu egin zieten, Telletxe plazan egindako kontzentrazioan. Bestalde, Leioan (65 lagun), Itzubaltzeta / Romon (50 lagun) eta Urdulizen (8 lagun) ere mobilizazioak egin zituzten. Azkenik, Sopelako kaleetan zehar egindako kotxe karabanan 15 ibilgailuk baino gehiagok parte hartu zuten. Gaur ere kontzentrazioa egingo dute Berangon, 20:00etan. Bien bitartean, Erandion 14 lagun elkartu ziren astelehenean, Jon Bilbao Mororen askatasuna aldarrikatzeko. Atzoko argazki gehiago hemen ikus daitezke.
33/01 auziaren sententziari aurre egiteko mobilizazioen egitaraua:
El Mundok zabaldutako bideo honetan argi eta garbi ikusten da Asierren atxiloketa: ertzain batek atzetik kulataz jo, lurrera bota…
Manifestazioak ertzainen ilararekin topo egin zuenean atxilotu ninduten. Manifestazioa mozten saiatzen eta bultzatzen aritu zen Ertzaintza. Une horretan ertzainek andre bat jo zuten, eta inguruan geundenak buelta eman eta gerturatu egin ginen, emakumea nola zegoen ikusteko. Ertzainak orduan atzetik etorri eta kolpeka hasi ziren. Niri kulataz kolpe bat eman eta lurrera bota ninduten, bertan esku-burdinak jarri eta listo, atxilotuta. Beraien atestatuan 14:07an gertatu zela jartzen du. Kamera mordoa zegoen ni eta beste atxilotua grabatzen, eta ertzainek azkar eraman gintuzten furgoira irudiak ekiditeko. Arratsaldean, medikuarenera eraman ninduten; jasotako kolpeengatik bizkarreko mina nuen eta bertan pilulak eman zizkidaten. gaur ere minez nago, lepoaldea batez ere minduta dut. Gaua komisaldegian pasako genuela esan ziguten baina azkenean, 21:30ak aldera, nire gauzak eman eta aske utzi ninduten. kanpoan nire lagunak zeuden zain eta arratsaldean zehar birritan identifikatu zituzten komisaldegi inguruan. Argazkian, Sellanen atxiloketaren irudi bat / Askatu.org.
Asier Sellanek “Gara” egunkariari egindako adierazpenak
Sellan Areetako gaztea igandean atxilotu zuten presoen alde egindako manifestazio ilegalizatuaren inguruetan eta egun berean, gauean, askatu zuten.
Atxiloketaren bideoa eta argazkiak
>> elmundo.es gunean jarritako bideoan ikusten da Asier atxilotzeko momentua, atzetik oldartzen diotela: bideoa
>> elcorreodigital.com: atxiloketaren argakiak
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako 33/01 sumarioko auzipetuek hilaren 17an sententzia jasotzera Espainiako Auzitegi Nazionalera joan joango direla azaldu dute eta horren zentzua adierazi dute prentsa aurrean egindako agerraldian.
Asteazkenean amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren epaia emango dutela-eta, auzipetuek salatu dute epaiarekin “txeke txuria” eman nahi diotela “Euskal Herriaren aurkako errepresio estrategia osoari”. Amnistiaren aldeko mugimenduak mobilizazioak deitu ditu etzirako, herri guztietan.
Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auzian epaitu zituzten hamalau euskala herritarrek –guztira 24 auzipetu zituzten azkenean– agerraldia eskaini dute gaur Donostian, etzi Auzitegi espainolak deitu dituela-eta.
Zitazioan zehaztu ez dieten arren, epaiaren berri emango dutela aurreikusten da, eta epaiketan egin zuten bezala, asteazkenean ere Madrilen izango direla jakinarazi dute, “beti eman dutelako aurpegia”. Nolanahi ere, sententzia “instantzia politikoetan dagoeneko erabakita” dagoela uste dute”.
Juan Mari Olanok eta Julen Larrinagak hitz egin dute guztien izenean eta salatu dute amnistiaren aldeko mugimenduaren “jazarpen eta debekua legeztatu” egin nahi dutela epaiaren bidez.
“Legeztatu eta txeke txuria eman era berean Euskal Herriaren kontrako errepresio estrategia osoari, torturari, guda zikinari, askatasun eta eskubide demokratiko oinarrizkoen zanpaketari, espetxe politika kriminal eta hiltzaileari eta espetxeratze masiboei”, esan dute.
Azken batean, “errepresioak dituen aurpegi guztiak garatu ahal izateko txeke txuria” ematea eta “herri salaketa erabat kriminalizatzea” da helburua, auzipetuen ustez.
Bereziki “larritzat” jo dute ez “soilik mudimendu honen kriminalizazioa lege bilakatuko dutela”; are gehiago, horren atzean preso eta errepresaliatuekiko elkartasuna, errepresio eta eskubide urraketen salaketa eta “askatasun demokratikoen defentsaren kriminalizaizo eta debekua” dagoela uste dute, azken finean, “lan politiko eta sozial honen legez kanporatzea”.
Auzipetuen iritziz, PSOEren Gobernuak epaiarekin zera bilatzen du: “Euskal Herriari begira abian duen ziklo errepresiboak bidea garbi eta eskuak libre izatea”.
Elkartasuna ez da desagertuko
Sententzia “ilegalizazio politikaren bultzadaz burutzen ari diren erasoaldiaren baitan” kokatu dute, Euskal Herria “salbuespen egoerara” eramateko. Adibide gisa aipatu dute duela bederatzi urte edozein sektore politikok hautagaitzak aurkez zitzakeela hauteskundeetan, eta orain ez; “duela zazpi urte mobilizazioak egin zitezkeen, orain ez”; “duela hiru urte preso bat kartzelan sartu eta bazekien noiz irtengo zen, orain ez”, eta “herri honentzat irtenbide demokratikoak bilatzetik ez baizik eta ukatzera” pasa da.
Horrek guztiak Estatu espainolaren “izaera ez demokratikoa” agerian uzten duela nabarmendu dute, Euskal Herriaren auziari eta gatazka politikoari dagokionean.
Nolanahi ere, Auzitegi espainolaren epaiak errepresaliatuekiko elkartasuna ez duela desagerraraziko ziurtatu dute auzipetuek.
Mobilizazioak
Amnistiaren aldeko mugimenduak mobilizazioak deitu ditu herri guztietan asteazkenerako, sententziari erantzuteko.
Asier Seian Erromoko gaztea atxilotu eta Uribe Kostako beste lagun bat zauritu dituzte Ertzainek Donostian presoen eskubideen aurkako manifestazioan. Atxilotuak Antiguako komisaldegian daude eta Ertzaintzak adierazi duenez posible da gaur bertan aske uztea.
Orain arteko balantzean gutxienez 5 pertsona atxilotu eta zauritu ugari eragin ditu ertzaintzak Donostiako manifestazioan.
Gogor oldartu da ertzaintza eguerdian Donostian bildutako lagunen aurka.
Pertsona bat Donostiako ospitalera eraman behar izan dute eta beste bi artatu behar izan dituzte zauri ezberdinegatik. Enfrentamenduak arratsaldeko ordu biak aldera hasi dira Sarriegi plazan.
Bost lagun atxilotu dituzte. Bat Donostiako ospitalera eraman behar izan dute eta beste bi artatu behar izan dituzte “pilotakadek” sortutako zauriengatik.
Arratsaldeko ordu biak aldera karga egin du Ertzaintzak presoen eskubideen aldeko manifestazioaren aurka Donostian.
Arratsaldeko ordu biak aldera ehunka lagun Boulevardeko oinezkoentzako aldean ibiltzen hasi dira, antolatzaileek hasiera batean iragarritako kontrako noranzkoan. Bertan ziren 100 bat ertzain martxaren hasiera ekiditeko.
Ertzainek kargatu ondoren Donostiako alde zaharretik sakabanatu dira manifestariak eta liskarrak hasi dira. Protestan parte hartu dutenek “presoak kalera” edo “EAJ espainol” oihukatzen zuten besteren artean.
Zaurituak eta atxilotuak eragin dituzte ertzaintzak buruturiko karga bortitzek. Ertzain batek pistola atera eta airera hainbat tiro bota ditu konstituzio plazan.
Informazioa
Gaur Donostian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitu duen manifestazioaren aurka ertzaintzak burutu duen kargaren ondoren ertzaintzak gutxienez lau lagun atxilotu ditu, hauetako bat Haritz Orueta Donostiako Egia auzokoa da eta bestea Asier Seian Erromokoa. Une honetan atxilotuak Antiguoko komisaldegian aurkitzen dira eta Ertzaintzak adierazi duenez posible da gaur bertan aske uztea.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakin duenez manifestazio behin deseginda alde zaharreko kaleetan ertzainek gutxienez 9 herritar bortizki jipoitu dituzte, hauetako bati klabikula hautsi diotelarik, kolpeka eta ostikoka. Bestetik konstituzio plazan kalez jantzita zioan ertzain batek bere pistola atera du eta airera gutxienez 8 tiro bota ditu, ondoren ertzaintzako beltzak ibili dira kaskiloak jasotzen. Honez gain gomazko pilotaz zauritu bat baino gehiago eragin dute, hauetako bat pilotak zuzenean buruan jo du eta belarritik odola zeriola eraman dute anbulantzian ospitalera.
Salaketa:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu nahi du beste behin ere ertzaintzak erabili duen bortizkeria euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzen zituen manifestazio honen aurka. Herritarrak gorrotoz nola jipoitu dituzten ikusi dugu, nola atxilotu dituzten, nola beldurtu dituzten. Manifestazio eskubidearen aurkako eraso argia izan da gaur Donostian ikusi duguna.
Euskal preso politikoei apaindutako heriotza zigorra ezarri nahi die espainiar gobernuak eta ugari gara egoera krudel honen aurrean isilik gelditzeko prest ez gaudenak. PNV eta eusko jaurlaritza osatzen duten alderdiak egoera honen aurrean itsu, mutu eta gor egoteaz gainera, egoera hau salatu nahi duten herritarrak nola jotzen dituzten ikusteak benetako lotsa ematen digu.
Ibarretxe jauna, milaka herritarren aurka ertzaintzak burutu duen karga bortitz hau babesten al duzu? Presoen eskubideen aldeko aldarriak bortxaz erasotzeak ez al ditu hainbat herritarren eskubideak zangopilatzen? Ez al dugu euskal herritarrok eskubiderik kalean euskal preso politikoen aldarrikapenak egiteko?
Biltzea eta manifestatzea oinarrizko eskubide demokratikoak dira, baina oraindik orain PNV-ren erabaki politikoz milaka gara eskubide demokratiko hau ukatua ikusten dugunak astea joan eta astea etorri. Datorren asteazkenean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaia emango dute Madrilen, baina PNV-k ez du epai honen beharrik presoen eskubideen aldeko ekimenak erasotzeko, Rubalcabak eta Zapaterok ezarri duten salbuespen egoerari ezinbesteko ekarpenak eginez.
Gaur Bulebarrean milaka lagun bidlu gara gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatuz eta gogor salatu nahi dugu hainbat komunikabidek nola ezkutatu duten Donostian bildu den jendetza.
Besterik gabe, euskal preso politiko bat espetxean dagoen bitartean kalean preso politikoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu.
ASKI DA!
EUSKAL HERRIAK ASKATASUNA BEHAR DU!
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA, DAGOZKIEN ESKUBIDEEN JABE!
Algortan manifestazioa egin da atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko. 300 lagun inguru bildu dira Telletxen. Baina Ertzaintzak hartuta zeuzkan Telletxe eta Algortako beste hainbat leku.
AAMko kide batek atxilotuen egoeraz informazioa eman du. Hasiera batean atxilotuen etxekoek ez zekitela ezer. Gerora, ordea, Guardia Zibilak Arkaitz Goikoetxearen etxekoei deitu die Madrilera eraman dutela esateko.
Manifestazioa abiatzerakoan Ertzainak aurrean jarri eta norbait identifikatzeko eskatu dute. Ez da inor identifikatu, ordea, eta 5 minutu eman dute sakabanatzeko.
Orduan, jendea Etxeraten eguneroko enkarteladara joan da. Hala ere, denbora gutxira hasi dira jendeari oldartzen, gazteak hartu dituzte identifikatzeko, lasterketak hasi dira, pilotakadak…
Gutxienez pertsona bat atxilotu dute. Ertzaintzaren kargatik ihesi lasterka zihoala lurrera jausi, bertan egurra eman diote eta identifikatu ondoren atzean esposatu eta eraman dute furgoneta batean.
Beste hiru atxilotu gehiago egon direla komentatu da. Baina konfirmatu gabe daude oraingoz.
Inkomunikazioak dirauen artean egunero 20:00etan telletxen manifestazioa/mobilizazioa egingo da
Ertzaintza presoen aldeko protesta indarrez isilarazten saiatu da
“Baina, baina… Guardia Zibila baino okerragoak ez zarete ba!” edo “gezurra ematen du zuek euskal herritarrak izateak!” bezalakoak entzun behar izan dizkiote dozenaka ertzainek 80 bat urteko amama bati gaur iluntzean Algortan, Jon Mungiola gizonari (argazkian) lurrean zegoela ostikada bat eman, zaplazteko pare bat banatu eta furgonetan bilurrak jarrita atxilotuta eraman ondoren, lekukoek adierazi dutenez. Aurretik, bidea itxi diote 300 bat lagunek egin nahi zuten manifestazioari, gaur atxilotutako Arkaitz Goikoetxea getxoztarra eta Iñigo Gutierrez, Aitor Kotano Sinde eta Mikel Saratxo algortarrak eta beste 5 lagunen askapena eskatzekoa. Ondoren, protestakoak Etxeratek egunero egiten duen enkarteladara batu direnean, eta presoen aldeko eta ertzainen aurkako oihuak nagusitu direnean, herritarrak xaxatzen hasi, haien aurka oldartu eta azkenean hainbat karga egin dituzte herri osoan zehar, tartean agureak jipoituz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, herritarrei eskatu die atxilotuen senide eta lagunak babestea eta gogoratu du “inkomunikazio egoeran daudela eta, gainera, haien torturaren aurkako protokoloa bera ere ez dutela ezarri eta gazteak torturatuak izateko arriskuan daude”. Hori dela eta, inkomunikazioa irauten duen bitartean manifestazioa izango da egunero, Algortako Telletxe kaletik, 20:00etan.
Ertzainek, herritarrek preso politikoen senideen protestarekin batu ondoren, Etxerateko kideei edozer gauza gertatuz gero haiek erantzule egingo luketeela eesan diete, baina minutu batzuen ondoren, eta kontzentrazioa komunikatua egon arren hainbat gazteri identifikazioa eskatu hasi dira. Ondoren, bultzatu eta karga egin dute, lehenengo borraz eta ondoren gomazko pilotakadaz. Era horretan, 200 bat gazte ehizatzeari ekin diote hainbat karga eginez herrian zehar. Besteak beste, Salsidu, Villamonte, Amezti, Basagoti eta Teilagorri kale eta plazetan. Era berean, hainbat identifikazio izan dira herrian zehar eta, baieztatuta ez badago ere, Amezti kaleko BBVAn hiru gazte atxilotu dituzteneko zurrumurrua zabaldu da. Gazteek, berriz, ihesean zihoazela hainbat edukiontzi bota dute euren atzean. Bestalde, 20:30ean, Etxeraten kontzentrazioaren baimena agortzearekin batera, ertzainek errepikatu dute bertan gelditzen zirenen aurkako jokamoldea, ezkutuekin hainbat gazte, heldu zein aitite-amama kolpatu dituztela. Une horretan Mungiola jipoitu eta atxilotu dituzte. Bukatzeko, Etxeratek erabiltzen duen pankarta eraman dute polizia autonomikoek.
Hamar bat minutu beranduago, agure bat erori da Bikain jatetxetik metro eskasetara eta horra joan da ertzain bat galdetzera ia anbulatzia deitzea nahi zuen. Agurearen ondokoek galdetu diote ia haiek “sorturiko zaurituentzat” izango ote zen.
Gaur goizaldean egindako operazioan, Arkaitz Goikoetxea atxilotu dute Bilbon. Algortan Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo atxilotu dituzte euren etxeetan. Aitor Kotano (Algorta) Galizian atxilotu dute, bertan oporretan zegoela.
Polizia Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxoren etxeetan izan dira goizeko lauretatik zazpi t’erdietara arte gutxi gorabehera. Ordenadoreak eta zehaztu gabeko beste gauzak eraman dituzte bertatik.
Oraingoz hauen izenak ezagutzera eman dira: Bilbon Arkaitz Goikoetxea (Getxo), Maialen Zuazo Aurrekoetxea eta Ana Belen Prieto Furundarena bilbotarrak atxilotu dituzte. Elorrion Gaizka Jareño Ugarriza eta Adur Aristegi Aragon atxilotu dituzte. Algortan Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo atxilotu dituzte eta Galizian Aitor Kotano Sinde (Algorta). Fuengirolan berriz Elorrioko Liber Agirre Mazaga atxilotu dute.
Atxiloketa hauekin, espainiar gobernuak errepresio basatienaren alde egiten duen apustuaren beste adibide bat iritsi zaigu gaurkoan. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren aurrean bide polizialetan itsutua jarraitzen du PSOE-ren gobernuak. Salbuespeneko edozein neurri hartzeko prest dago euskal herriaren independentzia ekiditeko bidean. Azken 30 urteetan gatazka politikoaren ondorioz 35.000tik gora pertsona atxilotu dituztela gogorarazi nahi dugu. Ez al dira konturatzen ez duela ezertarako balio izan? Gatazka gordinenaren aldeko apustua egiten dutela salatu behar dugu, herritarron eskubide demokratikoak behin eta berriro zanpatuz.
Hori ikusita gure kezka agertu nahi dugu atxilotutako pertsonak momentu hauetan Guardia Zibilaren eskutan torturatuak izateko duten arrisku larriarengatik.
Gogor salatu nahi dugu baita ere, komunikabide gehientsuenak atxiloketa hauen aurrean erakusten ari diren jarrera. Gobernuaren estrategia errepresiboarekin bat eginda ari dira, atxilotutako herritarrak medioetan zuzenean epaitu eta beraien aurkako lintxamendu larria burutuz. Komunikabideei arduraz jokatu eta informazio objetiboa eman dezaten exijitzen diegu.
Azkenik dei bat luzatzen diegu euskal herriatarrei atxiloketa hauen aurrean egingo diren mobilizazioetan parte hartu dezaten.
Atxilotuak askatu! Aski da!
Bilbon atxilotutako emakumetako bat
Atxilotuta dauden pertsonen eskubideak bermatzeko iragarri zuen protokolo berezia aplikatzeko eskatu du TATek
TATen oharra:
Torturaren Aurkako Taldeak, gaur goizean egin diren atxiloketen inguruan adierazi nahi du:
Gaur goizean Euskal Herriko zein estatuko hainbat lekutan, Guardia Zibilak egin dituen atxiloketak, atxiloketa inkomunikatuak dira.
Denok dakigun bezala, inkomunikazio egoerek tortura arriskua dakarte berarekin, nazioarteko hainbat erakunde eta adituk urtero urtero berresten duten bezala.
Atxiloketa hauek agindu dituen epailea, Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon izan da.
TATek, Garzon epaileari eskatzen dio, 2007an inkomunikazio egoeran atxilotuta dauden pertsonen eskubideak bermatzeko iragarri zuen Protokolo berezia, atxilotu hauei ere aplikatzea.
Horrela, ez ohizko hiru neurri bete beharko lituzke Guardia Zibilak atxilotu hauekin:
1. Senitartekoak informatuta eduki atxilotuaren egoeraz.
2. Konfidantzazko mediku baten bixita baimendu egunero.
3. Inkomunikazio aldi guztia bideokamaraz grabatu.
TATek gogorarazi nahi du, Protokolo hau lehenago aplikatu izan dela, eta nahiz eta tortura kasuak ez dituen errotik desagertarazi, tortura gertatu dadin zailtasun nabarmen bat suposatu duela.
TATek, adierazi nahi du, Garzon epaileari eskaera zuzena egin zaiola, eta dagoeneko hainbat mediku prest daudela asistentzia hau egiteko.
Errepresioa ez da bidea
Inkomunikazioa = Tortura
Atxilotuak askatu!
60:39 minutuko bideo guztiz gomendagarria. Agerraldia osorik.
Etxerat-eko ordezkaritza bat Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan zen 2008ko ekainaren 26an. Jose Cruz Cotok, Egoitz Coto euskal presoaren aitak, batzordean parte hartu zuten alderdietako ordezkariei preso hauek bizi duten egoeraren inguruko txosten bat eman zien. Jose Cruz Cotorekin batera Angel Figueroaren ama Mari Carmen Fernandez, Joseba Asensio euskal preso zenaren arreba Bego Asensio eta Ainhoa Baglietto abokatua izan ziren Legebiltzarrean.
1.- Mikel Ibañezen osasun egoera larria izanik, bere berehalako askatasuna eskatzea. Halaber, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten gure senide presoei 92. artikulua aplikatzeko eskatzea.
2.- Gure senide preso politikoei aplikatzen zaien espetxe politikak eragiten dituen ondorio larriak salatzea. Ildo honetan, gure senideek osasun tratamendu egokia jasotzeko, eta, beren konfiantzazko medikuek gaixotasunen jarraipen zuzena egiteko beharrezko dituzten bitartekoak indarrean jartzeko exijitzea.
3.- Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari larriki gaixorik diren gure senide presoak EAEko ospitaleren batean ingresaturik dauden bitartean gu beraiekin egoteko Ertzaintzak oztoporik ez jartzeko eskatzea.
4.- Batzorde honek larriki gaixorik diren presoak kaleratzeko esuakl jendarteak duen nahia artikulatzea exijentzia hori egiten duten ekimenak-manifestaldiak, elkarrizketak, mozioak… bultzatuz.
5.- Larriki gaixorik diren presoen askatasuna edo beste edozein eskubide aldarrikatzen duten ekimenak ez erasotzeko eskatzea batzorde honen segurtasun indarrei. Ildo horretan, Giza Eskubideen Batzordeak preso gaixoen askatasuna exijitzen duten ekimenetara bere ordezkaritza bat bidaltzeko konpromisoa hartzea.
6.- Hartzen diren erabakiak ondokoei jakinaraztea:
- Europako Parlamentuari
- Espainiako Gobernuari
- Frantziako Gobernuari
- Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako komunikabideei
“Euskal Herriak askatasuna behar du!” lelopean eta ozenki “aski da!” esanez, Berangoko Gudarien plazatik abiatuko da manifestazioa, uztailaren 13an, igandearekin, 13:00etan. Uribe Kostako hainbat txokotatik bertaratutako 70 lagunen babesa zutela, aipatu udalerriko pilotalekuan egin dute iragarpena, gaur eguerdian, Mitxel Sarasketa algortarrak eta Jagoba Terrones berangoztarrak. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izan dira berriki biak, beste 25 lagunekin batera, Etxerat, Askatasuna, Senideak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak edo Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia erakundeetan lan egiteagatik. Sententzia dena delakoa izan, “herri honetara minimo demokratikoak ekarri arte, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak lanean jarraituko duela” berretsi dute Sarasketak eta Terronesek. “Euskal Herriaren hitza eta erabakia lortu eta Amnistiaren bidean lanean” jarraituko duela alegia. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
Bide berean mintzatu dira Sarasketa eta Terronesekin batera agertutako Askatasuneko bozeramaileak. 33/01 auziaren bitartez, “zigortu nahi dutena finean Amnistiaren Aldeko Mugimendua” dela salatu dute errepresioaren aurkako erakundeko kideek. Hala ere, “lanean gogor eta tinko” jarraituko dutela ohartarazi dute. “Euskal Herriak askatasuna behar du, preso eta iheslariek elkartasuna behar dute eta gure oihu, aldarri eta salaketek presente egon behar dute. Askatasunaren aldeko borrokak eta elkartasunak ekarriko du estatu zapaltzaileen ezintasuna eta errepresio tresna guztien antzutasuna”, adierazi dutenez.
Gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:
Errepresioa salatu eta AMM aldarrikatu
Eguerdion eta mila Esker guztioi etortzeagatik:
Orain dela 30 urte uko egin zitzaion gatazka politikoa konpontzeari, Konstituzioa inposatu ziguten eta urte guzti hauetan bi estatuek dituzten tresna errepresibo guztiak erabili dituzte Euskal Herriaren askatasuna eta eraikuntzaren aldeko lana anikilatzeko.
Urte guzti hauetan Euskal Herriak hainbat bortizkeri jasan behar izan ditu bai estatu espainolaren bai estatu frantsesaren eskutik: 10 erakunde politiko ilegalizatuak izan dira, 4 komunikabide itxiak, 4.000 preso politiko baino gehiago egon dira, 35.000 pertsonatik gora atxilotuak, 321 euskal herritar erailak, ehunaka eta ehunaka lagun torturatuak …
PSOEk indar polizialarekin herri honek duen askatasun egarriarekin bukatuko duela uste du eta hor kokatzen dira azken hilabeteetan jasan duguna. Aipatutako errepresio guzti horren ondorioa da Euskal Herriko bazter guztietan hedatuta dagoen milaka eta milaka pertsonak osatzen dugun errepresaliatuen kolektiboa. Hori da Amnistiaren Aldeko Mugimendua. Hori da Espainiako Audientzia Nazionaleko epaiketan isildu, zigortu eta espetxeratu nahi dutena. 27 euskaldun daude eserita Audientzia Nazionalean eta inputatuei ezarri nahi dieten eskaera fiskala 10-13 urte bitartekoa da. Inputatuen artean, Jagoba Terrones berangoztarra eta Mitxel Sarasketa algortarra aurkitzen dira. Baina argi dugu nahiz Jagoba, Mitxel eta gainontzeko 25 inputatuak zigortuko dituzten ez gaituztela isilduko, preso politiko bakar bat dagoen bitartean, AAM bertan egongo baita elkartasuna, babesa eta Euskal Herriak pairatzen duen edozein errepresio bide zein metodo oro salatzeko.
Estatu espainolaren eta frantsesaren politika zapaltzaileak atal berezia du espetxean. Estrategia errepresibo orokorraren baitan espetxean ere garatuz doa salbuespeneko neurrien aplikazioa. Sakabanaketa eta urrunketa oinarri, isolatze politiko eta sozial planifikatua aurrera daramate. Espetxealdi prebentiboa, salbuespeneko neurria izan ordez mugarik gabe darabilte, modu are eta larriagoan presoa gaixorik den kasuetan. EPPKk espetxe egoera beti ukatu du, are espetxe politikaren neurri eta klasifikazio oro, euskal preso politikoei tratamendu berezia emanez erabilpen politiko hutserako bazka diren neurrian. Egun 13 euskal preso politiko aurkitzen dira gaixotasun larri eta sendaezinekin. Egoera honetan, Mikel Ibáñez-en euskal preso politikoa aurkitzen da, osasun egoera larrian egonik. Era berean, algortako Anjel Figeroaren gaixotasunak okerrera egin du azken aldian, eta egun, gurpil zoro batean sartuta dago: espetxera eraman, baldintza okerrak izanik berriro krisialdiak izan, egun batzuetarako ospitalera atera eta berriro espetxera. Horrela darama azken urtea, etengabe.
Egun Berangok 8 euskal preso politiko ditu, Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izan direnak eta egun gugandik milaka eta milaka kilometrotara aurkitzen direnak: Patxi Markes, Irantzu Gallastegi , Lexuri Gallastegi , Orkatz Gallastegi, Martin Etxegarai , Ibai Aginaga, Borja Gutierrez eta Saioa Sanchez.
“Euskal Herriak askatasuna behar du!” lelopean eta ozenki “aski da!” esanez, uztailaren 13an 13:00etan Berangoko Gudarien Enparantzatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu eta denon kaleratzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu. Euskal Herriak askatasuna behar du, preso eta iheslariek elkartasuna behar dute eta gure oihu, aldarri eta salaketek presente egon behar dute. Askatasunaren aldeko borrokak eta elkartasunak ekarriko du estatu zapaltzaileen ezintasuna eta errepresio tresna guztien antzutasuna.
Bukatzeko guk gure partetik, ozenki esan nahi dizuegu gogor eta tinko jarraituko dugula lanean gure eskubideen zanpaketa onartzen ez dugulako eta gure ametsak egi bihurtuko direla sinesten dugulako. Euskal Herriak askatasuna behar duela aldarrikatuko dugu. Errepresioaren ondorioz sortutako mugimendu bat garen heinean, gu desagertzeko modu bakarra errepresioa desagertzea da.
Gogoratu: gaur Donostiako Bulebarretik 17:30ean preso gaixoen askatasuna exigituko da.