EPPKren agiria: Mikel Gil eta Bautista Barandalla kideak kalean

2009.07.05 | atalak: 

Mikel Gil eta Bautista Barandalla kideak kalean

Osasun arazoekin bizitzea zama bada, zer esanik ez espetxean, etxetik urrun eta inguru arrotz eta oldarkorrean. Espetxetako baldintzak gogorrak badira edonorentzat, zer esanik ez gaixo larri diren kideontzat. Askatasuna berriz ere espetxe arinduarekin mozorrotu nahi izan badute ere, Mikel Gil iruinsemea eta Bautista Barandalla Etxarri-Aranazkoa kalean dira. Etxean, senide eta lagunekin. 17 eta 19 urte hurrenez hurren giltzapeturik egon ondoren, sufrikario handiak pasatutakoak ditugu bi lagunak.

Bautistaren kasuan, 19 urte giltzapean egon ondoren ez da aski izan hori, zigorra, zapalkuntza, eta mendekua bere jokabide ez gizatiarraren ardatz duenarentzat. Hala da agintari espainolena. 19 urte itzalean eta kaleratzea erabakita izanik ere azken unerarte hor ibili dira, lagunak damuketa sinatu zezan saiatzen, hau eta hori eskaintzen, finean umilazioa sinatuarazi asmotan. Kontestu berean eta argia ikusi baino lehentxeago jarri diote ezpata buru gainean, Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrina aplikatuz eta beraz, aske beharko lukeen eguna iritsi aurretik zigorra beste 10 urtez luzatuz. Politika humanitario honetaz ari ote da Rubalcaba ministro espainola?

Baldintza zorrotzak ezarri dizkiote, osasun zaintza egokia eramateko kontraesanean direnak, eskumuturreko elektronikoa kasu. Onartezinak zaizkio EPPKri zirkunstantzia normaletan espetxe politikaren halako neurriak, maiz gogoratu dugun bezala erabilpen politikorako tresna diren neurrian. Preso gaixoen kasuan ari zaizkigu oso makur agintariak, egoera humano latzenetan miseria politiko apur bila itsu. Ez da Kolektiboa izango etsaiaren joko horretan eroriko dena. Kasu honetan aurretiko beste batzuetan bezala, lagunaren bizitza baita jokoan izan dena, eta heriotzaren korridoretik ateratzea lortu da. Bautista, Mikel bezala eta aurretik besteak, kalean da, etxean bere senide eta lagunekin. Hori da irabazi duen azken borroka, denok irabazi dugun borroka.

Herriaren mobilizazioak atera ditu azken bi preso gaixoak sartu zituzten ataka horretatik. Herriari dagokio ezarritako baldintza murrizkor horietatik libratzea, osasun asistentzia egoki eta duina jaso dezaten. Gure aldetik, dagozkigun eskubideak errespetatuak izan arte borrokan tinko jarraituko dugu.

Agur beroa Bautistari, Mikeli eta bere inguruari! Agur beroa espetxean gaixorik dauden kideoi!

Euskal Presoak Euskal Herrira! Kondena beteta dutenak kalera!

Gaixo larri diren beste guztiak baldintzarik gabe kalera!

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

2009ko ekaina

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Askatasunak mobilizatzeko deia egin du

2007.11.30 | atalak: 

askatasuna

Duela 30 urte demokrazia ekarriko omen zuen prozesua burutu zen espainiar estatuan, baina 30 urte geroago gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoerak argi erakusten digute norainoko iruzurra egin zioten herri honi.

Burgoseko prozesutik 37 urtera, oinarri bera duen epaiketa ezagutu du Euskal Herriak. Herri oso baten aurkako epaiketa, demokrazia batean baino benetako salbuespeneko egoera batean kokatu behar duguna.

Espainiar estatuak tresna errepresibo guziak erabiltzeko apostua egin du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko. Kasu honetan espainiar justizia izan da norabide honetan militante independentistak epaitu eta atxilotu dituena.

Errepresio estrategia bortitzaren aldeko hautua egin dute estatu zapaltzaileek, gatazka konpontzeko inolako borondate politikorik ez dutela argi erakutsiz. Bide baketsuetan ideia guziak aurrera eramatea posible denaren beraien ohiko mezua hankaz gora utzi dute beste behin ere. Eta honek agerian uzten du estatua bera jakitun dela herri honetan konpondu gabeko gatazka politiko bat dagoela.

Oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen dituzte atxiloketa hauek, edozein demokraziatan eskandalu politiko izugarria suposatuko lukeen eskubideen ukazioa hain zuzen ere.

Euskal Herrian lan politiko eta soziala egitea ukatua dago, eta Euskal Herriak izan behar du zapalkuntza guzi honi aurre egin behar diona. Inoiz baino gehiago herri bezala kalera ateratzeko garaia da.

Dei egiten dugu gaur herriz herri burutuko diren mobilizazioetara agertzera, baita datozen egunetarako deituko diren protestetan modu aktibo batean parte hartzera ere.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Askatasunaren agiria gaurko atxiloketen aurrean

2007.10.17 | atalak: 

Askatasunatik gaurko atxiloketak eta berauetan polizia espainiarra erabiltzen ari bortizkeria salatu nahi ditugu.

Bai gaurko atxiloketak, bai azken egunetan burutu diren atxiloketa eta miaketak, estatu espainiarrak aurrera daraman estrategia errepresiboaren baitan datoz. Independentziaren aldeko borroka polizia operazio basatien, makrosumarioen, espetxe politika hiltzailearen eta antzeko bide errepresiboen bidez zapaltzeko hautua egin dute. Baina herri honetan urte luzez erakutsi da errepresioa antzua dela.

Uholde errepresiboa bizitzen ari gara Euskal Herrian, eraso gehiago etorriko dira luze gabe. Zentzu honetan errepresioaren aurkako borroka indartu behar dugu herriz herri eta auzoz auzoz.

Amaitzeko dei egin nahi dugu operazio honen aurka deitu diren mobilizazioetan parte hartzeko.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Trukerako txanponak

2007.04.08 | atalak: 

GARA portada

GARA egunkarian argitaratutako elkarrizketan Espainiako gobernua presoak txantajerako eta negoziaketan trukerako txanpon bezala erabiltzen ari dela esan du ETAk. Prozesuak aurrera egingo badu presoei aplikatzen zaien salbuespeneko neurriak eta Euskal Herriak bizi duen errepresioa eten behar direla ere azaldu du elkarrizketan.

Elkarrizketa osoa: hemen.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Azken urteko hausnarketa eta errepresio balantzea

2007.03.23 | atalak: 

Martxoaren 22an ETA erakundeak ekintza armatuen etenaldi iraunkorra iragari zuenetik urtebete bete denean, ASKATASUNA antolakundeak Euskal jendarteari hausnarketarako hainbat elementu luzatu nahi izan dizkio.

ASKATASUNA-ren hausnarketarako elementuen oinarrian Estatuen eta estatuen estrategiarekin bat egiten dutenen jarduera dago. Gerra jarduera horren urtebeteko balantzea aurkeztu du ASKATASUNAK.

> hausnarketarako.doc
> balantzea.doc
> errepresioaren balantzea, o6 abendutik 07 martxora.rtf

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Autodeterminazioa eta Amnistia; Independentzia eta Sozialismoa!

2007.02.25 | atalak: 


Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Bilboko manifestaziorako egindako agiria

AUTODETERMINAZIOA ETA AMNISTIA; INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

Gure agurrik beroena Bilbon bildu zareten guztioi. Gure agur eta gure animurik bizienak autodeterminazioaren eta amnistiaren alde indarrak metatzen segi dezazuen, segi dezagun guztiok. Gaur milaka herritar bildu bezala, ehunka mila euskal herritarron indarra bildu beharko baitugu askatasuna gure herrira ekartzeko.

Euskal Herriak bizi behar du, libre, batu, euskaldun eta justizia sozialean oinarriturik. Horretarako, ordea, aitortua behar du izan, erabakitzeko bere eskubidea errespetatua, eta berau ahalbidetuko duen marko demokratikoa adostua. Euskal Herriak gainditu behar ditu Frantziak eta Espainiak ezarritako mugarri legalak, politikoak, ekonomikoak eta errepresiboak.
(more…)

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





EUSKAL HERRIAK BADU BIDEA: BORROKA!

2007.02.21 | atalak: 


EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA

EUSKAL HERRIAK BADU BIDEA: BORROKA!

Urtarrilaren 5eko planto orokorrarekin hasitako borrokaldia urratsez urrats bururaino eramaten ari gara. Otsailaren 6tik 11ra bitartean itxialdia burutu ondoren, otsailaren 12tik 18ra, propaganda astearekin jarraipena eman genion. Eta egun, 19tik 25era, komunikazio greba burutzen ari gara. Aipatu behar da, otsailaren 24an, Kolektiboak sustaturiko manifestazioarekin batera barau eguna egingo dugula.

Euskal Herriaren autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia oinarri hartzen dituen prozesuaren beharra eta premia inoiz baino ozenkiago aldarrikatzen dugu. Euskal Herriaren ukazioan tematuz eta trantsizio demokratikoa ahalbidetuko duen akordio politikoari muzin eginez, gatazkaren jarraipenaren aldeko jarrera berresten baitute bai frantziar eta espainiar gobernuek.

Euskal Preso Politikoak bizi dugun egoera eta errepresio ororen atzean, prozesua desitxuratzeko gobernuek adierazten duten gogo maltzurra salatzen dugu, prozesua desblokeatuko duen akordio politikoan baino, hauen ondorioetan kokatu nahi bai du prozesuaren zio nagusia.

Blokeatuta dagoen prozesuak ez du aurrera egingo Iñaki kaleratzen dutelako, ez espetxe politika aldatzen dutelako, ez eta euskal preso politiko guztiok kaleratzen gaituztelako. Horiek guztiak ere ezinbestekoak izan arren, blokeatuta dagoen prozesuak aurrera egingo du trantsizio demokratikoa dakarren akordio politikoari eusten diotelako gobernuek. Hau da, autodeterminazio eskubidea gauzatze bidean jartzen duen akordio politikoari eusten diotelako. Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa defendagarri eta gauzagarritzat jotzen dituen marko demokratikoa ekarri behar du akordio politikoak.

Hortaz, berresten dugu gure deialdia indarrak metatzeko gatazkaren gorapilo nagusia askatuko duen aldarriaren inguruan, hau da, autodeterminazioaren eta amnistiaren inguruan. Deialdia egiten dugu otsailaren 23an izango diren lanuztetan eta otsailaren 24an izango den manifestazioan parte hartzeko. Euskal Herriak badu bidea, borroka, alegia.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

Euskal herrian, 2007ko otsaila

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Autodeterminazioaren eta amnistiaren bidean borrokari eutsi!

2007.02.06 | atalak: 

EPPKren agiria:

«Urtarrilean Anoetako belodromora zuzendu genuen komunikazioan iragarri bezala, borrokaldi berri bati ekin diogu Frantziako eta Espainiako espetxe guztietan. Menpe hartzen gaituzten bi Estatuetako ziega zuloetan bizi irautea, berez, borroka iraunkorra bada ere, gure jarrera trinkotzea erabaki baitugu.

Atzo hasiera eman genion borrokaldiari planto orokor baten bidez. Segidan, otsailaren 6tik 11ra bitartean, itxialdi bat burutzen ari gara. Otsailaren 12tik 18ra, propaganda astea izango da. Eta, azkenik, 19tik 25era, komunikazio greba egingo dugu. Aipatu behar da, otsailaren 24an, Kolektiboak sustaturiko manifestazioarekin batera barau eguna egingo dugula.

Euskal Herriaren autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistia oinarri hartzen dituen prozesua blokeatu dute. Gure herriaren ukazioan tematurik, gatazkaren aldeko apustu garbia egiten dute, bai frantziar eta espainiar gobernuek, bai beren estrategiaren morroi dabiltzan eragile erregionalistek. Blokeoa eragin duen faktore nagusia Euskal Herria aitortzen duen akordio politikoaren eza delarik.

Bi urrats dira ezinbesteko, beraz, prozesuak ibilbide demokratikoa egingo badu: Euskal Herriaren erabakitzeko gaitasuna berrestea, bata; eta berau ahalbidetuko duen marko demokratikoaren zehaztea, bestea.

Zehaztapen hori, gainera, Pirinioen bi aldeetara eman beharra dago. Estatuek ezartzen dizkiguten bi errealitate politiko-instituzionaletatik abiaturik, Euskal Herri aske, batu, euskaldun eta sozialista baterako bide luzean urrats sendoak emanez.

Kari horretara biziki txalotzen dugu urtarrilaren 27an, Uztaritzen, abertzale zintzo eta saiatu andanada batek plazaratutako aldarria, Ipar Euskal Herriak ere marko demokratiko propioa izan dezan Frantziaren aurrean. Instituzionalizazio proposamen horretan borroka tresna eragingarri bat ikusten dugu, eta ez dugu dudarik berau lortzera garamatzana borroka ibilbidea izango dela.

Euskal Herriak behar duen marko demokratikorako bidean, ordea, errepresio ekimen oro indargabetu behar da. Kari horretara, berriz salatzen dugu gure kide Iñaki de Juanarekin egiten ari den ankerkeria. Gure Kolektiboak ez du onartuko errepresioaren adierazpen gordin eta krudel hori, eta are gutxiago bere egoerak izan lezakeen bilakaera tamalgarriena. Deialdia egiten diogu euskal gizarteari tamaina horretako bidegabekeriaren kontra altxatzeko, oldartzeko.

Jakitun izan behar dugu, hala ere, errepresio honen guztiaren atzean gobernuen gogo maltzurra dagoela, borondate iruzurgilea, prozesuak aurrera egitea ahalbidetuko duen akordio politikoaren ukazio eta desitxuratzea, alegia. Hortaz, autodeterminazioaren eta amnistiaren alde indarrak metatzetik soilik lortuko dugu Iñakirena eta beste askoren estatus errepresiboa gainditzea.

Agerian denez, prozesuak guztion bultzada behar du aipaturiko norabidean, eta gure Kolektiboak bere indar guztia jartzen du horretara garamatzan auzolanean, une honetan, borrokaldi berri honen bidez. Autodeterminazioa, lurraldetasuna eta amnistiaren alde eginez, prozesuaren bideragarritasun eta atzeraezintasuna berrindartuko direlakoan.

Urtarrilean Euskal Herriari, eta bereziki presoon alde jarduten duzuen guztioi, egindako deialdia berresten dugu, otsailean barna espetxeetan gauzatuko dugun borrokaldiarekin batera, inoiz baino ozenkiago autodeterminazioa eta amnistia! aldarrikatzeko, guztiok batera.

Euskal Herriak bizi behar du eta borroka da bidea!»

Euskal Herrian, 2007 otsaila

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Iñaki de Juanari buruzko dossierra

2007.01.30 | atalak: 

Inakiurtarrila

Etxeraten dossierra (pdf formatoan): euskaraz / espainolez

Deskargatu, zabaldu… Iñaki askatu!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Preso ohien gutuna: Jon Bilbao “Moro”, 25 urte espetxean

2007.01.18 | atalak: 


Jon Bilbao (Astrabudua 1955.11.05)

Jon Bilbao Moro Morito-k 25 urte bete ditu espetxean; bizitza oso bat Espainiako ziegetan, espe- txe erregimen gogorretan, gizabanako baten bizi erdia. Hemendik kanpo izugarri gaitzetsia izango litzateke, baina, gure politikari demokratikoek kanpokoa argi ikusten dute, baina etxekoari uko egiten diote. Nork daki zenbat diren amakume/gizon baten bizitzan, egunez egun? Horixe darama gure Mo- rito-k espetxean, 8.130 egun, alegia. Askotan, erromes gisa, beren tramankuluekin espetxerik espetxe, ehunka kilometrora familia eta lagunengandik urrun.

Horrela, Moritok 25 urte espetxean beteko dituen kariaz, bere figura eta gizatasuna ekarri nahi ditugu gogora. Esaten da bere espetxeratze luze hori noizbait espetxeren batetik ihes egiten ahalegindu zelako dela. Gure ustez, preso baten aurreneko betebeharra, ahal badu, espetxetik ihes egitea da. Gobernuak eta espetxeetako zuzendaritzak hartutako mendekuzko neurrien kariaz Moritok preso jarraitzen du, eta gure gogoeten artean, gaur bihar baino hobe aske geratzea dago, azken finean, bere ihesaldiaren asmakizuna muntaia bat delako.

Hemen dagoena da, herri bat zutik bere askatasun nazional eta sozial baten alde. Berak, 25 urte hauetan, bi edo hiru belaunaldi ezagutu ditu espetxean. Eta, ongi daki, errepresioaren ondorioak nolakoak diren.

Moritoren duintasuna, eta berak bezala pairatzen duten gainontzekoen erresistentzia da egun Euskal Herriaren eraikuntzako euskarritariko bat. Morito hitz handietako gizona ez da, hitz gutxi, argi eta ozen. Sozialismoa eta Independen- tzia. Eta horretarako odola isuri behar bada, prest izan zen, prest izan zen bezala, borroka armatuaren konpromisoa hartu zuenean. Eta sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik, tinko jarraitzen du, eta gu harro gaude bera ezagutu izanaz; harro bere familia; eta nola ez, harro bere neska laguna eta lagunak.

Morito gogoratzen dugun egun honetan, gainontzeko euskal preso guztiak gogoratu nahi ditugu, eta batez ere, Iñaki De Juana Chaos, 70 egun baino gehiago gose greban, bere bizia hil arrisku larrian, injustiziaren ikurra bilakatu delako. Gaur, beti bezala, Espainia eta Frantziako estatuek inposatzen diguten marko politikoa salatu behar dugu. Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren eta EAEko Gobernuaren jarrera eta lotsagabekeria salatu behar ditugu, baita gobernu hori osatzen duten EAJ, EA, EB alderdiak eta morroi lanak egiten dizkien Aralar.

Jon Bilbao Moro, Morito, ez zaude bakarrik. Elkartasun sarea zurekin dago; egon ziur borroka dela bide bakarra, eta zure eta gainontzeko presoen askatasuna lortu arte, ez dugula etsiko.

Horregatik guztiarengatik, bihar Astrabuduan ondo merezitako omenaldi bat eskaini eta egingo zaio. Bertara joateko dei ozen bat egiten diegu herritar eta lagun guztiei. Eta lerro hauen bidez gure besarkadarik beroena.

Jose Antonio Torre Altonaga “Medius”, Fernando Irakulis, Juan Jose Larrinaga, Bernardo Arregi, Jose Maria Astola, Juan Antonio Olagorta, Kiko Martinez Apestegia… - Presoak eta
preso ohiak

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Euskal Preso Politikoen Kolektiboak burrukaldi bati ekingo dio otsailean Amnistia eta Autodeterminazioaren alde

2007.01.10 | atalak: 

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak honako agiria zabaldu nahi zuen larunbatean amnistiaren aldeko mugimenduak Donostian egitekoa zuen eta Gobernu espainolak, Auzitegi Nazionalaren bidez, debekatu zuen ekitaldi politikoan.

Euskal Herriaren geroaldia jokoan!

Gure agurrik beroena helarazten dizuegu Anoetan bildu zareten guztiei! Urte berriari ekindakoan, gure adore eta kemen osoa helarazten dizuegu Euskal Herriaren askatasunaren alde indar egiten ari zareten guztiei. Gaurkoa zinez hitzordu garrantzitsua da, abian den prozesuaren jite demokratikoa kolokan baitago, Euskal Herriari bere eskubide guztiak aitortuko dizkion prozesua gune ziringatsu batean sartua baita. Aurreko mende luzeotan zein azken ha- markadetan bezala, gobernuak gure herriaren ukazioan oinarrituriko politikagintzan tematzen dira eta!
(more…)

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu
















etengabe[abildua]gmail.com | eskerrik asko: Blogsome





Uribe Kostako presoak
Euskal preso politiko guztiak
Espetxeen helbideak

Bilatu blog honetan:



Atalak:



Artxiboa:



RSS .92
RDF 1.0
RSS 2.0
Atom
Iruzkinak RSS 2.0














>> lotura gehiago <<