
berria.info
Julen Arzuaga AAMren kontrako auzian epaitua
Herritar bakoitza bere eskubideak defendatzen hasten denean hasiko dira gauzak aldatzen Arzuagaren iritzian.
«Herrietan lan egiteko garaia da; konfiantza dut herritarrengan»
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako auzian epaitu zuten Julen Arzuaga. Epaimahaiak absolbitu egin zuen. Nolanahi ere, ez ditu ahaztu espetxean dauden 11 lagunak, eta batzuk preso sartzea besteak libre uztea bezain «injustua» dela uste du. Bihar, 17:30ean Bilboko Aita Donostiatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, errepresioa salatzeko.
AAM zigortzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zer ondorio dakartza horrek?
Epaiak esaten du Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna legez kanpokoak eta terroristak direla. Aste honetan bertan ikusi dugu Segi talde armatu bezala tratatu dutela komunikabideetan. Txarrenean jarrita, ondorio bera ekar dezake. Baina AAM oso mugimendu zabala da, herrietan sustraituta dago. Zaila edukiko dute uholde hori guztia gelditzea. Ikusiko da noraino eraman nahi duten.
Epaiak errepresioari bidea libre uzten diola salatu duzue. Zergatik?
Espainiar agintariak eroso daude gazteluetan, giharrak erakusten. Esan zuten indarkeriaren ziklo luzea pairatuko genuela, eta nik ulertzen dut Estatuaren biolentziaren ziklo baten aurrean egonda, errepresioaren kontrako ahotsak isilaraztea nahiko dutela. Beti esan dugu AAM lekuko deseroso bat izan dela estatuarentzako, bere zabor guztia mahai gainean jarri dugulako.
Epaiketaren hasieran esan zenuten helburua estatua epaitzea zela. Lortu duzuela iruditzen zaizu?
Epaiketan eraman dugun lerroa hori izan da. Estatua salatzea, mahai gainean jartzea AAM zer den eta zeri erantzuten dion. Hori lortu dugu nolabait. Beste kontu bat da komunikabideetan zein arrakasta lortu dugun, baina badakigu komunikabide batzuek nola jokatzen duten. Mezu deseroso horrekin jokatu dugu «estatu horrek torturatzen du, kartzela politika kriminal bat dauka, salbuespen neurri eta epaitegiak erabiltzen ditu Euskal Herriaren kontra…». Hori esatera joan ginen salbuespen tribunal horretara.
Epaiak jasotzen du egiazkoa ez den mezua zabaltzen duzuela…
Bereziki iltzatuta daukat «egiazkoa ez den» mezuarena. Saiatu ginen gure hitzarekin eta lekukoekin mezua zabaltzen. Bertan egon ziren torturatuak, kartzela politika sufritzen dutenak, Estatuak exekutatutako pertsonen familiakoak… Epaileak etengabe esaten zuen kontu horiek ez zirela epaitzen. Ez ziguten utzi hori azaltzen, baina epaitu egin zuten, eta sententzia sartu, gure mezua gezurrezkoa dela esanez. Bi irakurketa egiten ditugu: gure mezuak min ematen diela eta mezu hori estaltzen saiatzen direla. Baina ez dute lortzen mezua ez delako gurea bakarrik, errepresioa sufritu duten guztiena delako.
Mezu hori entzun zen epaiketan eta bestaldetik poliziaren bertsioa. Eta epaia atera dute. Norbanakoen kontra egiteko argudioak oso ahulak dira. Zer balorazio egiten duzue?
Gure ardura banan-banan jartzerakoan erabili duten argudioa gure lana da. Iker Zubiak esan zuen torturatu egiten dela; hori esateagatik AABko kidea da, eta, beraz, erakunde terroristakoa. Beste batek esaten zuen Euskal Herria desmilitarizatzeko dinamikak martxan jarri behar direla; beraz, AABko kidea da, eta terrorista, kartzela politika salatzeagatik… Baina hori guztia geuk onartu genuen, ez genuen behar polizia baten interpretazioa. Epaia penagarria da teknikoki eta juridikoki.
Batzuen kontra epaiketan esandako hitzak jasotzen dira. Epaiketaren aurretik ez zuten ezer haien kontra?
Elementu hori ere larria da, eta ez bakarrik zigortu dituztenengatik, baita absolbitu gaituztenengatik ere. Epaiketan zehar esandakoengatik batzuk zigortu eta beste batzuk absolbitu egin gaituzte, baina gu ez gara defenditu, guk ez dugu ezer esan ez gure alde eta ez kontra ere. Jende guztiak ezagutzen zuena esan genuen. Baina beren burua justifikatzeko norbait absolbitu behar zuten; eta lau urtez espetxean eduki dituztenak zigortu dituzte ez esateagatik estatuak huts egin duela. Ez diete erreparatu justizia tribunal batek erreparatu behar dien gauzei. Baina hori aldez aurretik ere bagenekien.
Zu libre utzi zaituzte, baita Ixone Urzelai eta Juan Antonio Madariaga ere. Aurretik beste hiru lagunen kontrako akusazioa erretiratu zuen Fiskaltzak. Zein desberdintasun dago zuen eta zigortu dituztenen artean?
Batetik, guztiok lan berdintsua garatu dugu. Batzuek Senideetan, beste batzuek presoen alde, askatasun demokratikoen alde, nire kasuan nazioartean… baina guztiok izpiritu berarekin. Bestetik, guztiok egin dugu hori inoren aginduak bete gabe. Eta hirugarrenik, guztiok eduki dugu epaimahairen aurrean jarrera bera: epaimahaia salatu, estatu errepresioa salatu eta defentsa juridikoari uko egin. Beraz, maila berean izan da injustua haien zigorra eta gure absoluzioa. Argi geratzen da inolaz ere ez zutela justizia egingo gure kasuan.
Esan duzu nazioartean aritu izan zarela lanean. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak onartu al dezake epai hau?
Estrasburgoko Auzitegiak ez dakit, baina kasu honek alarma gorria piztu du hainbat sektoretan. Justizian aritzen diren erakunde eta abokatu elkarteek adierazpenak ere egin dituzte. Urrian Nazio Batuetako Giza Eskubideen Komitea batuko da, eta kasua aztertuko dute; Nazio Batuetako kontalari bat joan zen epaiketara… Arreta lortu da. Nazioartean ulertzen da lan publiko, garden eta baketsua egin duen giza eskubideen aldeko erakunde bat epaitu dutela. Eta horrek zeresana piztu du. Hemen gertatzen dena ez da posible Europako gainontzeko herrietan. Estrasburgo, 7-8 urtetara iritsiko da. Ikusi beharreko bide bat da. Emaitza polita atera daiteke. Urrats baikorrak egingo diren itxaropena dut.
AAMk egiten duen salaketa milaka lagunek egiten dute Euskal Herrian, azpimarratu duzuen bezala. Orain, zer gertatuko da mugimendu horrekin. Eta salaketarekin?
Larria da epaia, oso larria da 21 pertsonaren kontrako epaia, eta haiek sufritu egingo dute. Pertsona horien egoera kontuan hartu behar da. Baina 21 pertsona horien atzean milaka daude. Zer gertatuko da? Nik ez dakit noraino iritsiko den estatuaren apustu errepresiboa, orain 754 preso politiko daude, ez dakit marra hori non ipini nahiko duten. Baina herrietan salaketa egiten jarraituko dute. Orain da momentua herrietan lan bat egiteko. Ez dira arrazoiak falta lanean jarraitzeko. Ez daukat zalantzarik lan emankorra egiten dela. Konfiantza dut herritarrengan.
Haika-Segi eta 18/98 etorri ziren aurretik; EHAK, ANV, Udalbiltza, Batasuna, Egunkaria… Noraino iritsiko da ilegalizazioen soka?
Hori da hasieratik genuen zalantza. Hau zoramena da. Mozkorraldi errepresibo batean gaude. Bat da mozkorraldi hori noiz amaituko den, eta bestea errepresio horrek eragindako ondorioak nola konponduko dituzten. Nire kezka nagusiena da: demokrazia non? Eta noiz arte dira kapaz oso kaltetuta dagoen demokrazia hori murrizten jarraitzeko? Kezka handia dut. De la Vegak esan zuen ez garela sartzen beren demokrazian. Demokrazia batean herri eta herritar guztiek daukate lekua. Zer nahi dute? Gu guztiok preso edukitzea? Eskubide zibil eta politikorik gabe egotea? Haiek erantzun behar diote galdera horri.
Eta nola baloratzen duzu politikarien jarrera?
Kezka sortzen dit horrek ere, gure gertuko autoritateek noiz arte jasango duten demokrazia honen atzerapauso etengabea. Arduradun autonomikoek onartzen dute Zuzenbide Estatua gero eta atzerago dagoela, baina ez dut entzuten zein neurri eraginkor jarriko dituzten martxan herritarrak eta herritarrek hartzen dituzten erabakiak defenditzeko. Eskubideez hitz egiten ari gara, eskubide urraketen biktimez. Biktima horiei egindako kaltea nola konpondu? Noiz bermatuko zaie berriro ez zaiela hori guztia gertatuko?
Manifestazioa izango da larunbatean, debekatzeko eskatu duten arren. Zer izan nahi du manifestazioak?
Paradoxikoa da manifestazioa debekatzeko eskatzea. Epaiketan ere gauza bera gertatzen zen, nola da posible errepresioaren kontrako talde bat errepresio gehiago erabiliz amaitu nahi izatea? Tamalgarria da. Balorazio bakarra egin daiteke: gauzak aldatzen hasiko dira herri honetako herritar bakoitzak hartzen duenean bere eskubideak defendatzeko indarra. Epaiketan zehar esaten genuen alderdi politikoetan ez genuela konfiantza askorik. Nik inorengan konfiantza baldin badaukat herritarrengan dut. Espero dut debekurik ez etortzea eta jende andana bat biltzea Bilbon.
>> gara.net: Errepresioari aurpegia jarriko diote bihar Bilbon
zabaldu |
bildu