
Jagoba Terronesi elkartasuna adierazi dio Bizarra Lepoanek

Leioako Betiko ikastolako LAB sindikatuak egin bezala, Jagoba Terrones berangoztarraren atxiloketa eta espetxeratzea salatu ditu Bizarra Lepoan Getxo udalerriko euskara elkarteak. “Zuetako askok aukera izan duzue berarekin egoteko toponimia-ibilbideetan. Bizarra Lepoaneko batzordeko kideok atxiloketa hau salatu nahi dugu eta Jagobari, bere familiari zein lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu”, adierazi dutenez. Bestalde, Terronesek “lan politikoa eta publikoa” egiten duela nabarmendu du euskara elkarte getxoztarrak. Horrexegatik, “bidegabekeria” iruditzen zaie bere atxiloketa. “Bizarra Lepoanen uste dugu gatazkaren konponbidea soilik etorriko dela bide demokratikoetatik, elkarrizketaren eta Euskal Herriaren aitortzaren bidetik”, gaineratu dute. “Berriro ere gurean laster izatea” opa eta “besarkadarik beroena” bidali dio berangoztarrari Bizarra Lepoanek. Argazkian, igandean dozenaka lagunek salatu zuten Jagoba Terronesen espetxeratzea Berangon.
Bizarra Lepoan, Getxoko euskara elkartearen oharra:
Jagoba Terrones Bizarra Lepoaneko lankidea eta laguna atxilotu eta espetxeratu dute. Zuetako askok aukera izan duzue berarekin egoteko toponimia-ibilbideetan. Bizarra Lepoaneko batzordeko kideok atxiloketa hau salatu nahi dugu eta Jagobari, bere familiari zein lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu.
Jagobak lan politikoa eta publikoa egiten du. Horrexegatik, bidegabekeria iruditzen zaigu bere atxiloketa. Bizarra Lepoanen uste dugu gatazkaren konponbidea soilik etorriko dela bide demokratikoetatik, elkarrizketaren eta Euskal Herriaren aitortzaren bidetik.
Espero dugu Jagoba laster izatea berriro ere gurean. Hemendik besarkadarik beroena bidali nahi diogu.







































