
Ertzaintzak bideoz grabatu ditu Algortan elkartutako herritarrak
ukberri.net

Argazkian, ertzainetako bat bideokamera eskuan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
Gaur iluntzean 200 bat herritar batu dira Algortako Telletxe plazan, ezker abertzalearen aurkako azken sarekada salatzeko asmoz. Pankarta zabaldu eta berehala, Ertzaintzaren furgoneta bat Telletxe eta Amesti arteko kale bazterrean sartu da eta bertatik jaitsi dira dozena erdi polizia. Orduan hasi dira ertzainen kontrako oihuak. “Alde hemendik, utzi bakean” eta “Gure eskubideak non daude” bezalako aldarrikapenak entzuten ziren bitartean, plazara gerturatu dira polizia agenteak. Bertan bildutako gizon-emakumeen aurpegiak zehaztasunez hartu nahi izan ditu bideokameraz ertzainetako batek, beste bi agentez lagunduta. Hala ere, herritarretako askok bizkarra ematea erabaki dute. Bitartean, istiluen aurkako materialaz hornitutako bete bi polizia plaza inguruan biribila osatzen zuten lagunen atzetik ibili dira. Kameralariak arreta berezia jarri du pankartari eusten ari ziren herritarrengan. Hala ere, hamar minutu inguru igarota, atzera egin eta furgoneta parean jarri dira ertzainak, elkarretaratzea bukatu artean.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kideetako batek adierazi duenez, “argi erakusten ari dira errepresioa zertarako nahi duten”. Ezker abertzalearen aurkako sarekadaz gain, Frantzian gertatutako azken atxiloketan izan ditu hizpide. “Zurrunbilo horretan sartu nahi gaituzte. Baina, aurre egitea daukagu aukera bakarra. Nahiz eta Ertzaintza edo besteak etorri, borroka dugu bide bakarra”, aipatu du AAMko eledunak. Ildo horretan, egunotan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.







































