
33/01 : Jagoba Terrones eta besteen aurkako zigor eskaera mantendu du fiskalak

Espainiako Auzitegi Nazionalak 33/01 sumarioan zigortutako 21 herritarrak absolbitzea eskatu diote Auzitegi Gorenari, gaur egindako bistan, horien guztien abokatuek, albiste agentziek zabaldu dutenez. Horretaz gain, Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren legezkotasuna aitortzeko eskaria egin diote Juan Saavedra Goreneko Zigor Salako presidenteak eta Manuel Maza, Joaquin Gimenez, Miguel Colmenero eta Francisco Monterde epaileek osatutako tribunalari. Letradunen arabera, “Auzitegi Nazionalak -aipatu erakundeei- egozten dizkien zereginen artean, bakar batean ere ezin da frogatu indarkeriazko ekintzekin edo ETArekiko zuzeneko lotura dagoenik”. Gainera, “frogatutzat ematen diren gertaerei begiratuta, neurrigabeak dira ezarritako zigorrak”. Fiskalak, ordea, hori ukatu eta guztientzako zigor eskaerak mantendu ditu, “egozten zaizkien karguei eusteko froga nahikoak” daudelakoan. Epaitutako lagunen artean, Jagoba Terrones berangoztarrari 8 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Argazkian, AAMren kontrako epaia salatzeko Berangon egindako manifestazioa.
Hamar urteko espetxe zigorra jarri nahi dieten Juan Mari Olano, Julen Zelarain eta Aitor Jugok “Amnistiaren Aldeko Batzordeen goi-karguak izanik, horien jardueran parte-hartze garrantzitsua” izan zutela aipatu du fiskalak; beti ere albiste agentziek aipatzen dutenez. Hala ere, Jugoren kasuan, “salak berak baloratu beharko lituzke bere aurka dauden frogak”, bere ustez. Bitartean, fiskalaren arabera, “militante hutsak ez dira” zigortutako gainontzeko lagunak: “Amnistiaren Aldeko Batzordeen arlo zehatzetan ardurak zituzten horiek”, aipatu duenez. “Mobilizazioak, kanpainak edota Batzordeei ‘harengak’ kriminalizatzen ari ez” direla ere adierazi du fiskalak; “ETAren aginduetara aritzea baizik”, gaineratu duenez.
>> askatu.org: “Errepresioaren aurrean antolatzen den herria da Amnistiaren Aldeko Mugimendua”
>> berria.info: AAMren ustez, zigorra berretsiko du Gorenak, «errepresioa zilegi izateko»
>> gara.net: «Gu espetxeratu arren, preso bakar bat ere ez da bakarrik geratuko»
>> europapress.es: La Fiscalía pide al TS que avale la condena a 21 responsables de Gestoras porque seguían “consignas impuestas por ETA”








































