
Agur, maitia.
Agur hunkigarria egin diote gaur goizean Marikruz Cadarsori Portugaleteko hilerrian ehun bat lagunek.
Marikruzen argazkiaren aurrean, Edorta Agirre Marikruzen errautsekin, ahizpa, etxekoak, lagunak, herritarrak, burkideak, preso ohiak, amnistiaren aldeko mugimenduko kideak… Loreak eskaini eta txalapartaren taupada bizien ostean, aurreskua dantzatu dute haren ohorez. Ondoren, lagun batek “Agur maitia” hunkigarria kantatu dio. Amaitzeko, Eusko Gudariak abestu dute bertaratutako guztien artean.
Marikruz Cisteronen (Frantzia) jaio zen 1955. urtean. Gurasoak bilbotarrak zituen. Gerra ostean bertara joan ziren, errepresiotik ihesi eta lanaren bila. 20 urte zituenean, aita hil eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten. Leioan zituzten sustraiak. Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako fakultatean hasi zen lanean, administrazioaren alorrean. 1990.11.12an atxilotu zuten, Oskar Armentiarekin (Galdakao) batera. ETAko Bizkaia komandoari laguntza ematea leporatu zioten. Kordobako espetxean ezagutu zuen Edorta Agirre, senarra izango zuena. 2001.06.17an irten zen kalera. Ertzaintza izan zen Leioan egin zioten omenaldian. Debekuak eta baldintzak jarri zituzten omenaldia egin ahal izateko, baina azkenean egin zen. Gero, EHUko liburutegian hainbat urte eman ostean, azken urteotan Mari Cruzek Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ikasleentzako Arreta Zerbitzuan egiten zuen lan, administrari gisa. 2007an, Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonal (AZP) funtzionarioaren hauteskunde sindikaletan parte hartu zuen, LABeko zerrendan. Abuztuaren 20an aurkitu zuen Edortak hilik ohean, telefonoari erantzuten ez ziola eta bertara joan zenean. Iaz, tumore bat topatu zioten buruan eta ebakuntza egin zioten. Hori guztia gaindituta zuela ematen zuenean bat-batean hil egin da.
Marikruzen gogoari jarraituz, Gorbeia mendian zabalduko dituzte haren errautsak. Oraindik eguna zehazteke dago.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eskelak
Etxekoek, Ezker Abertzaleak, LAB sindikatuak, lagunek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jarritako eskela argitaratu dira egunotako egunkarietan.

Urak dakarrena,
urak daroa.
Zuk emandakoa,
gurekin geratzen da.
Beti arte, laguna!








































