
Goizaldean ospitalera eraman eta berriro bueltatu dute espetxera Anjel Figueroa
ELKARRETARATZEA: apirilak 11, ostirala, 20:00etan, Telletxen; Etxeratek deituta
MANIFESTAZIOA ETA EKITALDIA: apirilak 18, ostirala, 20:30ean, manifestazioa Telletxetik abiatuta. Ondoren, ekitaldia Txiki Otaegin, 21:00etan
HITZALDIA: apirilak 24, osteguna, 19:30ean, Algortako kultur etxean
Anjel Figueroa preso politiko algortarraren osasun egoera larriagotuz doa egunetik egunera: epilepsia krisialdiak maizago eta gogorragoak izaten ari dira. Martxoaren 20an ospitaleratu behar izan zuten Txagorritxun (Gasteiz) eta, hurrengo egunean, Langraitzeko espetxera bueltatu zuten. Aste bete beranduago ere, hilaren 27an, Txagorritxura eraman eta apirilaren 4ra arte eduki zuten bertan. Apirilaren 7ko krisialdia, berriz, oso gogorra izan zen. Hala ere, goizaldean ospitaleratu eta gauean bueltatu zuten Langraitzera, sendagiria jasota. Bada, gaur goizaldean, sartu eta pixka bat pasatu zaionean itzuli egin dute, urgentziazko tratamendua ematearen ondorioz. Espetxean eritegian da Josu Uribetxebarria preso gaixo arrasatearrarekin batera, ziega batean. Azken horrek medikuei esan die Figueroaren biziarekin jolasten ari direla, eta erabaki bat hartu beharko dutela. Bestalde, espetxeko zuzendariak Madrilera txosten bat bidali ei du, algortarra kaleratzearen aldekoa. Txagorritxu ospitalean ere lehenengo graduko tratamendua ematen adi zaizkiola, eta horrek ere arazoak sortzen dizkiola salatu dute etxekoek.
Bitartean, bihar iluntzerako (apirilak 11) Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egitera deitu ditu herritarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Hurrengo ostiralean (hilak 18), berriz, manifestazioa izango da 20:30ean Algortako Telletxe plazatik abiatuta eta ekitaldia, ondoren, 21:00etan, Txiki Otaegi plazan. Azkenik, hilaren 24an, ostegunarekin, Figueroaren egoeraren gaineko hitzaldia egingo dute, 19:30ean, Algortako kultur etxean.





































