2008.01.08

Anjel Figueroaren familiarrek ertzain baten kontrako salaketa jarri dute

Anjel Figueroaren familiarrek salaketa egin dute epaitegian ertzain baten aurka Txagorritxu ospitalean Anjel bisitatzera joan diren bi egun desberdinetan ama eta arreba biluzarazi nahi izan eta bisita egin gabe utzi dituelako.

Izan ere, bisitako miaketak raketa elektromagnetikoaz egin ohi dira, eta modu horretan ez da gainerako bisitetan inolako arazorik izan.

Urtarrilaren 5ean, ordea, Mari Carmen, Anjelen ama, semea ikustera joan zenean, biluztu behar zela agindu zion. “¡Qué pocas ganas, qué poco interés tienes de ver a tu hijo!”, esaten zion ertzainak. “¡Si sólo tienes que desnudarte! ¡Entre mujeres qué mas te da!”

Urtarrilaren 6an Karmen arrebari tokatu zitzaion. Egun honetan gainera Karmenen gizonak ez zuen inolako arazorik izan bisita egiteko, raketaz miatu baitzuten. Salatutako emakumezko ertzain horrek ordea biluzteko agindu zion Karmeni. Eta antzeko hitzak esan zizkion Karmeni ere: “¡Qué pocas ganas tienes de ver a tu hermano!” eta holakoak.

30 urte errepresio etengabean… ASKI DA!!
ANJEL ASKATU!

Erantzun bat »

  1. Anjel Figueroaren senideei presoa bisitatzea galarazi die Ertzaintzak

    Gasteizko Txagorritxu ospitalean dago Angel Figueroa preso politikoa, berarekin egotea debekatu zien Ertzaintzak amari eta arrebari joan den asteburuan. Sendiak, gainera, Madrilen baimen zehatza du presoaren ondoan hogeita lau orduz egoteko.

    GARA |

    Gaixotasun larriak jota, Txagorritxuko ospitalean dago Anjel Figueroa preso politikoaren amari eta arrebari galarazi egin zion Ertzaintzak algortarrari bisita egitea joan den larunbatean eta igandean, nahiz eta horretarako espetxe espainolen agintaritzaren baimen zehatza eduki, eta presoaren medikuen mandatua bereziki hori izan. Algortarraren gaixotasun larria dela-eta, presoaren mediku taldeak hogeita lau orduz berarekin, haren alboan, egoteko gomendioa egin du, eta lau zuzeneko senideri horretarako baimena eman die Madrilek. Figueroaren sendiak auzitara jo du Ertzaintzaren aurka.

    Joan den larunbatean, hilak 5, preso politiko algortarraren amak ez zuen inolako arazorik izan goizean bere seme Anjel Figueroarekin egoteko. Arratsaldean, aldiz, Figueroaren zaintza lanetan aritzen diren ertzainen txanda aldatu, eta beste polizia batzuek hartu zuten zaintzaren ardura. Hala, goizean ez bezala, gela batera eraman, eta emakumezko ertzain batek biluzteko agindu zion Figueroaren amari. Hark ezetz erantzun zion, ordea, goizean, eta aurretiaz ere, ez zuelako halakorik egin beharrik izan, ezta zertan egin ere. Hala, salaketa judizialean jasota geratu denez, ertzainak ukatu egin zion semea bisitatzeko eskubidea, nahiz eta espresuki horretarako mandatu judiziala izan.

    Biluzteari uko egin zioten

    Igandean, hilak 6, Figueroaren arreba eta senarra joan ziren Txagorritxura. Bi senideok ere presoaren alboan hogeita lau orduz egoteko eskubidea dute, Madrilgo agindu judizialaren arabera.

    Alta, preso algortarraren koinatari «erraketa elektronikoa» gorputzaren inguruan igarota Figueroaren gelara pasatzen utzi zioten. Ez, ordea, arrebari. Amari aurreko egunean gertatu bezala, eta aurreko eguneko ertzain berberak, gela batera eraman, eta biluzteko agindu zion. Arrebak ere ezetz esan zion, eta aurreko egunean halakorik gabe sartu zela gelara esan arren, ertzainak ez zion Figueroa bisitatzen utzi.

    Hori dela-eta, Figueroaren sendiak salaketa judiziala aurkeztu du Bilboko guardiako epaitegian preso politikoaren amari eta arrebari biluztea agindu eta bisita galarazi zien ertzainaren aurka. Bertan, aipatutako ertzainari bere eskumenez abusatu izana egozten diote, senitartekoak behartzen saiatuta.

    Nabarmentzekoa da Figueroa larriki gaixoturik dagoela Txagorritxun; horren erakusgarri, izan daitezke, joan den azaroan Cordobako espetxera zeramatela, bidean izan zituen hiru atake epileptiko larriak.

    GARAren kronika — 2008.01.09 @ 11:06

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat

IDATZI ZURE ERANTZUNA



Anti-spam neurria: mesedez, idatzi zenbaki hauek goiko karratuaren barruan

: : : : : : : :