
Jon Bilbao Moro askatu!

Abenduaren 16an, 13:00etan, Astrabuduako Josu Murueta plazan elkarretaratzea egingo da JON ASKATU leloarekin.
Jon, Astrabuduako auzotarra, 1982ko urtarrilaren 15ean Guardia Zibilak atxilotu zuen. Bederatzi egunez inkomunikaturik egon ondoren eta tortura bortitzak salatu ondoren 30 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten.
26 urte beteko dira Astrabuduatik eraman zutenetik, eta 26 urte luze hauetan 18 hilabetez bakarrik egon da Euskal Herriko kartzeletan. Egun, 850 kilometrora dagoen Fontcalent (Alicante) espetxean bahiturik dago, 2002. urtean bete baitzuen kondena (ohiko erredentzioak kontutan hartuta).
Jonen kontra eta orokorrean, euskal preso politikoen kolektiboaren kontra gobernuak ari diren esterminiozko politikarekin bukatu behar dugu. Guztioi dagokigu egoera hau salatzea, aski dela esatea, eta Jonen askatasuna eskatzea. Bere eskubidea delako, kalean, Erandion, aspaldi egon behar zuelako.
Honekin batera, jadanik gaixotasun larriak dituzten presoak eta, Jon bezala, kondena beterik espetxeetan bahituta dituzten 100 preso baino gehiagoren askatzea ere eskatu behar dugu.
Horregatik, Jonen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.







































