
Lexuri Gallastegi bakartuta dago Soto del Realen

Lexuri Gallastegi (Berango) eta Ainhoa Mujika (Donostia)
-irudiak handiago ikusteko sakatu argazkiaren gainean-
Asteburu honetan Lexurik bere familiarrei azaldu dienez isolamenduko moduluan bakartuta dago Soto del Realeko espetxean, lehenengo graduko bizibalditzetan.
Lexuri Frantziatik Espainiara eraman zuten abuztuaren 9an Ainhoa Mujikarekin batera.
Frantziatik Leganeseko (Madril) aireportu militarrera eraman zituzten, kargako hegazkin militar batean.
Madrilera iritsi orduko poliziek aldean zeraman dirua kendu nahi izan zioten, baina Lexuri ukatu egin zen, diru hori bere familiarrek espetxean dituen gastuetarako sartutakoa baita. Del Olmo epaileak azkenean erabaki zuen ezin diotela pekulioko dirua kendu, baina frogatu behar duela familiarrek sartutakoa dela.
Gogoratu behar da Irantzu Gallastegiri ere aurreko traslado batean diru guztia kendu ziotela, eta gero eskatu, gestioak egin eta diru hori familiarrek sartutakoa zela frogatu arren ez diotela dirua bueltatu.
Irantzu Gallastegi ere Soto del Realen dago gaur egun, amen moduluan, baina ahizpa biak espetxe berean izan arren ez dute elkar ikusterik izan.
Orain deklarazioa hartuko dio Del Olmo epaileak eta gero epaitu egingo dute Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Berarekin batera Manex Zubiaga ere epaituko dute eta, horretara, Frantziatik Espainiara eraman beharko dute luze gabe.
Bere aldetik, Ainhoa Mujika ere bakartuta dago Soto del Realeko espetxean, 15. moduluan.







































