Agur eta ohore eusko gudaria

Bidegabe aritzen diren horiek ondo merezi duan omenaldia galarazi nahi ditek. Bihozgabeak eta ergelak. Bortxaz ekitaldi jakin bat oztopatuko ditek, baina ezingo ditek hire herrikideen begirunea eta esker ona eragotzi. Agur eta ohore, Sabin Euba Pelopintxo, eusko gudaria.
Lanbropean ikusi diagu Ziburuko kaia. Herioak langarraz bete dik itsasertza, baina hire oroitzapenak eguzki izpiak ekarri dizkik berriro ere laino artetik.
Izan ere, guretzat, hire heriotza baino gehiago, hire bizitza duk aipagarri. Horixe esan nahi zioagu ozen, garrasika, Euskal Herriari, denek entzun dezaten: Sabin Eubaren ibilbidea eredugarria izan da, aberatsa eta eskuzabala.
Ez du bizi erraza izan. Zornotzako etxeko suaren ondoan Euskal Herria eta askatasuna maitatzen ikasi zuen; ederki ikasi ere, konpromisoan eta ahaleginean gauzatu baitzuen, orduz geroztik eta etenik gabe, maitasun hori, azken-azken unera arte.
Frankismo garaian atxilotu zuten lehenik, eta jaioterria utzi behar izan zuen ondoren, frankismo ostean. Demokrazia hitzarekin Euskal Herria behin betiko desegiteko amarrua jarri ziguten orduan. Sabini eta bera bezala konpromisoa azken bururaino eraman zuten ehunka laguni esker, erronka hura gainditu genuen. Sabini eta gainerako euskal gudariei esker ondoko erronkak ere gainditu ditugu; herriarekin, herritarrekin, herri nortasunarekin… Horregatik guztiagatik gaude gaur egun Euskal Herria irabazteko bidean. Mila esker Sabin.
Makina bat arrazoi dugu Sabini eskerrak emateko. Iheslaria izan aurretik ere, iheslarioi babesa eman zigun. Gure artera etorri zenean, berriz, bizitza egin eta borrokan segitzeko adorea erakutsi zuen. Egoera latzak ezagutu ditu, gainerako iheslariek bezalaxe; baina, betiere, aurrera egiteko borondate eta indarrarekin. Horrelaxe gainditu ditugu, eta gainditzen ari gara, eraso eta txantaje guztiak. GALeko garaiak, kanporaketak eta asignazioak ezagutu zituen Pelopintxok. Haatik, Ziburun izan dugu azken urteotan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herrian bizitzeko hautuari jarraituz.
Hautua egin genuen, Euskal Herriaren eta askatasunaren alde. Horregatik, hain zuzen, kolpatzen gaituzte inposizioari eutsi nahi diotenek. Otzanak nahi gaituzte, baina gure eskubideen eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu, inongo mugarik gabe.
Bide horretan, Sabin Euba burkideak irakaspen ederra utzi digu. Bere hitzetan eta, batez ere, bere portaeran. Arazoak arazo eta egoerak egoera, Euskal Herri askea lortzeko norabidean konfidantza izan behar dugula, egindako lanak uzta dakarrela eta, ahaleginean, gure helburuak erdiesteko aukerak sortuko ditugula. Azken batean, lasaitasun estrategikoa izan behar dugula erakutsi digu Pelopintxoren ibilbideak.
Hiretzat dizkiagu azken hitzak, Sabin laguna: joan haizen larre horietan, lagun zahar asko topatuko dituk. Esaiek aurrera egin dugula, eta enbor beretik sortu direla jada besteak, ametsa zena egia bilakatzeko.
Izan zirelako gara, garelako izango dira
Euskal Iheslari Politikoen KolektiboaEuskal Herrian, 2007ko abuztuaren 11
- Iheslariak |

Mikel Ibañezen egoera 


Audioak:



