2007.01.12

Berretsi egin dute Orkatzen aurkako 26 urteko zigorra


Orkatz Gallastegi (Berango)

Ertzantzak torturatu eta erruduna asmatu + Espainiako Auzitegiek zigortu + Lidonen familiak dirutza gehigarria kobratu (errudun zuzenik gabe atal hori kobratu gabe geldituko zen) + El Correok pozoina sartu + Orkatz bizitza osorako kartzelara + eta zer ari da gertatzen herri honetan?

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Orkatzen aurkako 26 urteko espetxe zigorra. Bere aldetik El Correok titular hau sartu du: El Supremo ratifica la pena de 26 años de cárcel contra el asesino del juez Lidón.

Zalantzak ere izan dira epaia berresteko: validez de las declaraciones policiales

Orkatz hasieratik zegoen kondenatuta. Horretarako atxilotu zuten. Lidon ustez hil zutenak hilak ziren, eta errudun zuzenen bat behar zuten, bide batez, Lidonen familiarrek kasu hauetan errudunei aplikatzen zaien “erantzukizun zibila” jasotzeko. Eta Orkatz kandidato ona zen Ertzaintzarentzat, Eusko Jaurlariarentzat. Eta hor dago, espetxean, Ertzaintzak+Eusko Jaurlaritzak+Espainiako Auzitegiek+Espainiako Gobernuak+Dirua legezko itxurak eginez kobratu beharrak+El Correok eta bestek kondenatuta.

Kasu honetan ere agerian gelditzen da Balza eta Ibarretxek errepresioan eta zapalketan daukaten erantzukizun zuzena. Izan ere, nahikoa litzateke horietako batek Orkatz torturatu egin zutela aitortzea muntaia guztia bertan behera lagatzeko. Baina, horixe da, eurek egindako muntaia.

Orkatz askatu!!!

Orkatzek jasotako torturei buruz idatzitakoa:


“Ahalik eta zehatzen idazten saiatuko naiz atxiloketa momentua eta inkomunikazio egunak. Agian, detaileren bat edo beste ez ditut gogoratuko baina dena gogoratzen saiatuko naiz.

ATXILOKETA MOMENTUA- Goizaldeko seiak aldera ateari joka hasi ziren eta “zabaldu atea, Ertzantza!”, “zabaldu atea, bestela behera botako dugu!” esaten. Etxe ingurua guztiz hartua zeukaten ertzain ugarik, linternekin argiztatzen zuten etxe aurrea, baita “ertzantza, irten etxetik” oihukatuz ere. Orduan, anaiak zabaldu zuen atea eta nere izena oihukatzen hasi ziren. Metrailetaz armaturik zeuden eta ni agertzearekin batera lurrera bota ninduten lepoa indar handiz zapalduaz eta besoa, bortizki, atzera botaz eskuburdinak jarri ahal izateko. Azkenean, sokazko eskuburdinak jarri zizkidaten eta kanpo aldera eraman ninduten hormari begira belaunikaraziz. Horrela eduki ninduten idazkari judiziala etorri arte, terrorismo delitu bategatik atxilotua nengoela jakinarazi zidan eta, “nire presentzian”, etxea arakatzeari ekin zioten. Baina kanpoaldean eduki ninduten denboran eta arakatze momentuan ere ertzain mordoa ibili ziren etxe barruan, beraz, ni egon barik etxea miatu zezaketen. Miaketa bukatuta furgona batean sartu ninduten eta Arkautera eraman. Furgona barruan, justu-justu jesarri nintekeen toki batean sartu ninduten eta leiho txiki batetik ikusi nuen Arkautera eramanak ginela.

INKOMUNIKAZIOA- Furgonatik jaistearekin batera lurrera begiratzera edota begiak ixtera eta makurtutik ibiltzera behartu ninduten bertan izan ninduten denbora guztian. Argazkiak atera, hatz markak hartu eta grabatua izan ostean kalabozora eraman ninduten. Bertan, zutik mantentzera eta hormara begiratzera behartu ninduten. Jarraian, galdeketekin hasi ziren. Begiak ixtera eta makurtzera behartzen ninduten eta gela batera eraman. Sarritan, begiak itxirik izanagatik hormen kontra kolpatua izaten nintzen. Galdeketetan hormaren aurka, besoak altzata eta belaunak flexionatuak izatera behartzen ninduten. Orduan, galderak egiten, mehatxatzen eta kolpeak ematen hasten ziren. Beno, galderak beharrean egozten zitzaizkidan gauzak esaten zizkidaten, mehatxuak era guztietakoak ziren: “egun batean, bide bazterrean utziko zaitugu buruan tiro bat duzula”, “hemetik, hankak aurretik dituzula irtengo zara, gero, istripu bat izan dela esan eta ezer gertatu izan ez balitz bezala izango da”, “anaia atxilotuko dugu baina etxean ez badago ama atxilotuko dugu”, “Lasai egon, nik ez zaitut hilgo, elbarri utziko zaitut”… mehatxuak heriotzezkoak eta familiaren aurkakoak ziren. Galdeketetako batean, “kolaborazioa eta negoziazioa” eskaini zidaten. Kolaboratuz gero bost aukera eskaintzen zizkidaten: espetxe zigorra murriztea, Euskal Herriko espetxeren batean sartzea, EAJ-k dena kontrolatzen duenez aitaren lan-eskeintzetan esku ez hartzea… ez ditut besteak gogoratzen.
Bi galdetegi mota bereiztuko nituzke, batetik informazioa eskuratzeko egiten zutena bestea, aldiz, egurtua eta mehatxatua izaten nintzen. Bi galdetegi mota hauek tartekatu egiten zituzten.
Postura behartuetan izaten ninduten, garrasika eta mehatxatzen zidaten bitartean ukabilkadak zein ostikadak ematen zizkidaten gorputz guztian eta ezintasunagatik lurrera erortzen nintzanean kolpeka hasten ziren eta postura behartuan jartzen ninduten. Horrela behin eta berriz egiten zidaten konortea galtzen nuen arte. Ondoren, aulkian eserita agertzen nintzen eta ura edanarazten zidaten, orduan, galdetegia hasten zen baina lortu nahi zutena lortzen ez zutela ikusirik berriro hasten ziren. Noizbehinka, kalabozora eramaten ninduten eta hormaren kontra, besoak altzata eta belaunak flexionatuta egotera behartzen ninduten, horrela egon ezean kalabozora sartu eta kolpeka hasten ziren. Galdeketetako batean ahoa zabaldu zidaten eta zerbait sartu zidaten ahoan eta hau izan daiteke hormetan ikusten nituen irudien arrazoia (neska baten aurpegia, zaldi gurdi bat…). Baita, barrabilak indar handiz ebatzen zizkidaten ere eta hankatartean ostikadak eman, anaia edo ama atxilotuko zutenaren harira “anaiaren” ahotsa entzuten nuen kalabozoan eduki ninduten batean, gainontzeko atxilotuen garrasiak entzuten nituen ere.
Momentu batean hospitalera eramango nindutela esan zidaten baina nik ezetz esan nien, “ondo” nengoela. Ez bainuen haiekin atzera eta aurrera ibili nahi, kontaktu minimoena izan nahi nuen, beste barik. Forensea bi aldiz ikusi nuen, esan nion belaunean min nuela (herrenka nenbilen) eta bizkarraldea zein zerbikalak minduak nituela.
Azkenean, igande goizaldera gutxi gora behera, deklaratzera eraman ninduten. Deklaratu ostean kalabozora jaitsi ninduten eta jarraian mehatxatua eta zorabioa arte kolpatu ninduten. Ondoren, bigarrren deklarazioa egitera eraman ninduten, igandeko goizladeko zortziak edo bederatziak ziren, eta bukatu ostean kalabozora eraman ninduten berriro ere. Berttan, etzanda egotea baimendu zidaten, lo egiteko esan eta zerbait jateko erregutu zidaten.
Lehenengo eta bigarren deklarazioen artean, eta egurtua izan ostean, txarto pasatu nahi ez banuen eta familiari buruzko mehatxuekin bat, deklaratu behar nuena errepikatzen zidaten behin eta berriz.
Astelehen goizaldera furgonan sartu eta Madrilera eraman ninduten, oraingoan tratu zuzena edukiz.
Beno, espero dut ahalik eta zehatzen deskribatu izana. Nahi izanez gero, dena delakorako prest egongo nintzateke.
Bakarrik esatea, torturaren profesionalak direla, den dena neurtua daukatela. Noiz, nola eta non jo; zerekin mehatxatu; zein hizkera eta hizkuntza erabili…

Beste barik, zerbaitetarako balio izango duelakoan

Orkatz.”

Erantzun bat »

  1. Hau beste eskandalu bat da!

    Auzitegi Gorenak Orkatz Gallastegiren aurkako zigorra berretsi du. Begiratu bat ematea komeni da. Gero manifestazioa bai edo ez edo holako kontuetan ari direnean, Ibarretxe eta konpainiak errepresioaren eta herri honen aurkako zapalketan duten erantzu…

    zabaldu.com — 2007.01.12 @ 12:38

RSS jarioa mezu honen iruzkinentzat

IDATZI ZURE ERANTZUNA



Anti-spam neurria: mesedez, idatzi zenbaki hauek goiko karratuaren barruan

: : : : : : : :