
Ebakuntza egin diote Anjel Figueroari
Anjel Figueroa maiatzaren 9an operatu zuten Gurutzetako ospitalean. Ebakuntza oso delikatua izan da, arrisku portzentaia nahiko handia baitzuen. Dena dela, ebakuntzaren ondorioak guztiz baloratzeko denbora gehiago behar izango den arren, ebakuntzaren arriskuak pasa ditu behintzat.
Orain Anjel Langraitzeko espetxean dago, maiatzaren 16tik. Langraitzen espetxeko ospitalean sartu nahi izan zuten, baina Anjelek berak eskatu zuen modulora eramatea, bertan diren burkideen laguntza izango duelako. Izan ere, espetxeetako ospitaleak isolaturik utziko zuen, laguntza gehien behar duen momentuan hain zuzen.
Dena dela, aipatu behar da medikuen arabera estres, zarata eta arazorik gabeko egoera batean izan beharko litzatekeela. Gutxienez 15 egun lasaitasun osoz igaro beharko zuen ebakuntzaren ondoren. Baina, astebete pasa eta zuzenean berriro espetxera bidali zuten.
Anjelek tratamenduarekin jarraitu beharko du, eta denborarekin ikusiko da ebakuntzaren eragina. Orain daukan arazorik handiena horixe da, lasaitasun osoa behar duela, eta espetxean denok dakigu zer dagoen. Beraz, nolabait esateko bere egoera kezkagarria dela esan beharko dugu, bere kasuan lasaitasun ezak trastornoak ere eragin ahal dizkiolako. Tratamenduaz gain Gurutzetako medikuek jarraipen zuzena egin beharko diote abendurarte gutxienez gaixotasunaren bilakaera jarraitzeko.




































