
Ibaetako dokumentua
29 gizarte eragilek sinatu dute Ibaetako dokumentua: ELA, LAB, ESK, EILAS, HIRU, EHNE, ELB, AEK, Herria 2000 Eliza, Bai Euskal Herriari, Torre de Babel, Hegoaren Sarea, Segi, Duina, Etxerat, Askatasuna, Bilgune Feminista, EHGAM, TAT, Eguzki, Gurasoak, Askapena, Behatokia, Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Euskal Herrian Euskaraz, Iratzarri, Anai Artea eta Komite Internazionalistak.
Bildu garen erakunde, talde, mugimendu eta sindikatu kideok
- Gure egiten dugu, beste behin ere, “EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA” oihua.
- Gure kideei, eta oro har euskal jendarteari presoen egoera larriaz jabetu, aldarrikapen hauekin bat egin eta aktiboak izan daitezela eskatzen diegu.
- Bereziki, hileko azken ostiraletan preso politikoen senideen elkartea den ETXERAT-ek Euskal Herriko herri eta hirietan burutuko dituen ekintzetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.
- Eta aldi berean Euskal Presoak Euskal Herrira ikurra berriro hartu eta bere presentzia publiko masiboa ziurtatu dezagula Euskal Herri osoan.
Ibaetako dokumentua osorik
Ia 700 euskal herritar daude kartzelan, “terrorismoaren aurkako borroka” deitutakoak eragindako salbuespen arauen ezarpena dela eta. Eta espetxetako egoera okertzen ari da.
Presoek pairatzen dituzten bizi baldintza gogorren adierazle, 20 dira dagoeneko espetxeetan hil diren lagunak, azkena orain dela gutxi.
Presoen gehiengo izugarria (%98,5) Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dago, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezartzen duten sakabanaketa politikaren ondorio.
Sakabanaketa euren legearen eta presondegiko oinarrizko tratamendu ororen aurka doa. Preso daudenekiko zein euren senide eta inguru sozial eta politikoarekiko mendekuan eta xantaian oinarritutako erabaki politikoetan oinarritzen da.
Sakabanaketak preso dauden lagunen bizi baldintzak gogortzen ditu, eta zigorra senide eta inguruko pertsonei zabaltzen die. Izan ere, preso dagoen lagunarekin denbora labur batez egon ahal izateko izugarrizko esfortzua suposatzen du, bai denbora aldetik, bai espetxeetara joateko egin behar diren bidai luzeek eskatzen duten arriskuen aldetik, eta, baita ere horrek guztiak suposatzen duen dirutzagatik. Honako datu hauek esandakoa berresten dute:
1.- Presoak Euskal Herritik 616 kilometrora daude, batez beste.
2.- Bisitak mantentzeko urteroko batezbestekoa 13.812 eurokoa da presoen senideentzako.
3.- Dagoeneko 16 lagun dira presoak bisitatzeko desplazamenduetan hildakoak.
4.- 2005. urtean 28 auto istripu izan dira, eta 72 lagun izan dira kaltetuak.
Egungo Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzela eta zigor arloetan aurreko gobernuen ildo bera daramatela salatu beharra dago: zigorren handitzea, sakabanaketa, isolamendua, komunikazioen murrizketa, gaixo dauden presoen eskubideen urraketa, presoen hezkuntza eskubiderako eta euskararen erabilerarako trabak jartzea, espetxe zigorraren iraupenaren murrizketarako aukeren ezabaketa, legeak onartutako mesedeen aplikazioaren murrizketa kartzelatik ateratzea eragozteko asmoarekin… Neurri horiek, batetik, espetxeetako bizi baldintzak gogortzea bilatzen dute, eta, bestetik, preso dauden lagunek espetxean igaro behar duten denbora ahalik eta gehien luzatzea. Frantziako Estatuan legez indarrean den bkiziarteko kartzela zigorra bezala, Espainiako Estatuan praktikan norabide horretan ari dira.
Erabaki eta politika hauen guztien larritasunaren aurrean agiri hau sinatzen dugunok Espainiako eta Frantziako gobernuei honako hau exijitzen diegu:
1.Tratu duin eta begirunezkoa jasotzeko Eskubidea:
Tortura eta tratu krudelik ez.
Ez isolamendurik, ez jipoirik.
Beren nazio zein kultur identitatearekiko begirunea.
2.Osasun Eskubidea:
Osasun zainketa duina.
Konfiantzako sendagileek ere bisitatuak izateko aukera.
3.Komunikazio Eskubidea:
Ez interbentziorik, ez murriztapenik.
Euskaraz ere komunikatzeko askatasuna.
4.Hizkuntz Eskubidea:
Euskaldun legez, beren garapen integrala euskaraz burutzeko askatasuna.
5.Hezkuntza Eskubidea:
Ikasteko zangotrabarik ez.
Ikasketak euskaraz ere burutu ahal izateko aukera.
6.Ama eta aitatasuna eskubidea:
Duintasun osoz presoen ama izateko eskubidea
Aitarekin komunikazioei trabarik ez.
Kartzela barruan umeen bizitza kalitatearen errespetua.
7.Askatasunerako eskubidea:
Baldintzapeko askatasuna aplikatzea zigorraren ¾ edota 2/3 bete dituzten presoei (epaituak izan ziren Kode Penalaren arabera).
Legez dagozkien erredentzioak aplikatzea inolako diskriminalizaziorik gabe.
Larriki gaixo direnen berehalako kaleratzea.
8.Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa, Euskal Herrian eta
elkarrekin bizitzeko Eskubidea:
Kolektiboak izendaturiko Mintzakidetzaren aitortza.
Kolektibo gisa gainerako eragileekin harremanak izateko askatasuna.
Euskal gizartean eztabaida eta erabaki guneetan parte hartzeko aukera eta askatasuna.
Bildu garen erakunde, talde, mugimendu eta sindikatu kideok
- Gure egiten dugu, beste behin ere, “EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA” oihua.
- Gure kideei, eta oro har euskal jendarteari presoen egoera larriaz jabetu, aldarrikapen hauekin bat egin eta aktiboak izan daitezela eskatzen diegu.
- Bereziki, hileko azken ostiraletan preso politikoen senideen elkartea den ETXERAT-ek Euskal Herriko herri eta hirietan burutuko dituen ekintzetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.
- Eta aldi berean Euskal Presoak Euskal Herrira ikurra berriro hartu eta bere presentzia publiko masiboa ziurtatu dezagula Euskal Herri osoan.
Euskal Herrian, 2005eko azaroan







































