
Eli Zubiaga, inputatu gisa deklaratzera
Eli Zubiaga (Algorta) deklaratzera deitu du Fernando Grande-Marlaska epaileak, datorren astelehenean, Rafa Diez deitu duen egun berean. ETAko kide izatea egozten dio. Efe berri agentziak iturri judizialak aipatuz jakinarazi zuenez, litekeena da euskal preso batekin espetxean izandako elkarrizketa batengatik deklaratzera deitzea. Izan ere, Aukera Guztiak hautesle elkartea baliogabetzeko epaileak erabili zuen argudiotako bat izan zen Zubiaga eta Jorge Sertutxa (Algorta) euskal presoaren artean Huelvako espetxean izandako elkarrizketa. Beste argudiotako bat Rafa Diezi egindako entzuketetan oinarritzen zen. Defentsak argudiatu zuen elkarrizketa baimenik gabe grabatu zela. Epaileak esan zuen espetxeko zuzendariaren baimenarekin grabatu zirela elkarrizketak.







































