Mobilizazioak Uribe Kostan



Frantziako ministerioari gutunak bidaltzeko



Jon Etxeandia preso ohia zendu da gaur

2010.02.09 | atalak: 

bilboko branka

47 urteko Jon Etxeandia Indautxuko preso ohia zendu da gaur arratsaldean. 18 urte baino gehiago eman du espetxean. Ateramiñeko kolaboratzailea eta GITE-IPESek bultzatutako San Frantziskoko gau eskolako euskara irakaslea izan da hil arte.

Bihar, urtarrilak 10, asteazkena, autopsia egin ostean Zumalakarregiko tanatoriora (Udaletxeko atzekaldean) eramango dute, eta agur ekitaldia egingo zaio 19:00etan.

>> ekintza zuzena: LA CÁRCEL ES PARA LOS POBRES Y PARA LOS REBELDES. Entrevista a dos presos de ETA

Agur eta ohore, Jon. Irabazi arte!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Sopelako Udaletxean Presoen aldeko itxialdia 2010-01-29

sopela.net


Euskal presoekiko elkartasunez bilkura eta itxialdia egin zuten. Ertzaintza agertu zen baina ez zuten istilurik sortu. Udaletxe barruan gaua eta baraua egin ostean hurrengo egunean ekimenari amaiera eman zioten.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrezi auziperatze autoaren berri eman die Garzonek

2010.02.08 | atalak: 

ukberri.net

Getxo zein Algortako Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano, Iñigo Gutierrez eta beste lau laguni deklarazioa hartu die gaur Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko magistratuak. Aitor Artetxe eta Asier Borrero algortarrak zein beste lau herritar ezin izan ditu galdekatu epaileak, atxilotu zituztenetik Frantzian espetxeratuta daudelako, Europa Press albiste agentzia espainolak adierazitakoaren arabera. Garikoitz Aspiazu “Txeroki”, Jurdan Martitegi eta Aitzol Iriondorekin batera auziperatu ditu uribekostarrak Garzonek, ETAren Bizkaia komandoko kide zirelakoan, 2007 eta 2008 urte bitarteetan hainbat atentatu egitea leporatuta. Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.

>>europapress.es: Garzón procesa a siete presuntos miembros del último ‘comando Vizcaya’

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Txetxu Fernandez Euskal Preso Politikoen Kolektibotik irten da

| atalak: 


Txetxu Fernandez (Algorta)

Txetxu Fernandezek bere ingurukoei eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduari idatzitako gutun batean adierazi duenez, Euskal Preso Politikoaren Kolektiboaren diziplina eta babesetik at kokatu du bere burua eta hemendik aurrera soilik bere izenean jardutea erabaki du.

Gutunean bere egoera eta erabaki honen arrazoiak azaldu, eta eskerrak ematen dizkie orain arte jasotako laguntzagatik.

Txetxu 1992ko maiatzaren 12an atxilotu zuten, eta legearen arabera 2010eko irailaren 22an amaituko du ezarritako kondena osoa. Hala ere, El Correo Españolek argitaratu zuen artikuluaren arabera, Tribunal Goreneko doktrinaren aplikazioarekin, 2022ko maiatzaren 4ra arte luzatuko bide diote kondena.

Txetxu urtarrilean eraman zuten Burgosetik Langraitzera, eta egun batzuk beranduago El Pais egunkariak Txetxu eta beste bost preso politikok EPPKtik desbinkulatzeko idatziren bat sinatua zutela zabaldu zuen.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik salatu behar dugu euskal preso politikoak erabiltzeko aplikatzen zaien irizpide politikoaren araberako sari-zigorra eskema ankerra. Eskema hori errepresioan oinarrituta dago: tortura, sakabanaketa, giza-eskubideen urraketak, tratu txarrak, bejazioak, irainak, kondena luzatzea, legearen nahierarako erabilera… Euskal Herria makurraraztuko dutelakoan.

Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira, dagozkien eskubide guztien jabe!
Amnistia Osoa!
Euskal Herriak askatasuna behar du!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Otsailak 13 Torturaren Aurkako Eguna: Mobilizazioak Uribe Kostan


Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian.

Uribe Kostan hainbat mobilizazio egingo dira:

> Otsailaren 12a: eskualdeko manifestazioa, 20:00, Boulevard, Leioa.
> Otsailaren 13a: elkarretaratzea, 13:00, Telletxe, Algorta
(herrietako beste mobilizazioak hemen gehitzen joango gara)

Torturaren aurkako eguna

1981. urtea zen Joxe Arregi Zizurkilgo herritarra atxilotu eta 9 egunez bortizki torturatua izan zenean. Komisariako infernua atzean utzi zuen 9 egun inkomunikaturik igaro eta gero, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian. Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailak 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. Oso latza izan da esan eta heriotzaren marra igaro zuen.

Azken 40 urteotan 7000 euskal herritar baino gehiago izan dira basakeria hau sufrita dutenak. Euskal Herritarren aurkako errepresio eroan tortura egunero erabili baitute unean-uneko gobernu ezberdinek. Independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko tresna politiko bezala erabiltzen du tortura espainiar gobernuak, informazioa politikoa eskuratu, atxilotuen autoinkulpazioak lortu eta euskal herritarren artean benetako beldurra zabaltzeko helburuarekin. Tortura sistematikoa dela esaten dugu, eta atzean utzi ditugun hilabeteak dira esten dugunaren adibide. 2009. urtean 45 euskal herritar torturatu dituzte Guardia Zibilek, Ertzainek eta Espainiar Poliziek. Azaroan gazte independentisten aurka buruturiko polizia operazio zabalak torturaren ankerkeria erakutsi digu berriz ere, tartean hainbat neska gazte sexualki jazarriak izan zirelarik.

Honez gain, urte honetako lehen hilabetean gogor jo gaitu ostera torturaren errealitateak. Pello Olano lizartzarra ankerki torturatu zuen Guardia Zibilak inkomunikazio aldian. Eta Ondarroan Ertzaintzak atxiloturiko euskal herritarrei inkomunikazio egoera muturreraino luzatu diete, hauek ere tortura larriak salatu dituztelarik. Gure aldetik, data hauetan gogoan izan nahi ditugu Euskal Herrian torturatuak izan diren herritarrak, bereziki torturak hil dituenak. 2010. urteko otsailaren 13an oraindik orain torturaren errealitatearekin aurrez aurre aurkitzen gara, atxilotuen inkomunikazioak horretarako inpunitate guztia eskaintzen dielako torturatzaileei.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Xabi de la Mazaren urtebetetzea otsailaren 8an izango da

2010.02.05 | atalak: 


Xabi De la Maza (Gorliz)

Xabier De la Maza (Gorliz) euskal preso politikoaren urtebetetzea izango da astelehenean, otsailaren 8an, Xabier Gallagak (Algorta) urteak egiten dituen egun berean hain zuzen.

Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri dugun pertsona berezi honi zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Xabi. Eta eskerrik asko erakusten duzun adore eta kemen horregatik!

Helbidea:

Xabier De la Maza Peña
Centro Penitenciario MADRID V
28791 SOTO DEL REAL
MADRID

XABI ASKATU!

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Adierazi EH web berria

2010.02.04 | atalak: 

Adierazi EH webgunea martxan jarri dute: Hona hemen horren aurkezpena:

Zeintzuk gara?

ADIERAZI EH! Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko Ekimen Herritar honetan biltzen garenok euskal herritarrak gara. Sektore eta eremu ezberdinak ordezkatzen ditugu guk. Jarduera soziala, kulturala, sindikala, politikoa, akademikoa zein kirol jarduera burutzen dugu. Esan beharra tristea izanik ere, gure jarduera modu garden eta publikoan burutzen dugula gogora ekarri behar dugu. Eskubide politiko eta zibil oinarrizkoenek babesturiko honako jarduera, hemen bildu garenon artean ikuspegi ezberdinez burutu izan dugu ordea. Askotan sakoneko ñabardurekin.

Honenbestez, ez gaitu errealitatearekiko ikuspegi bakarrak batzen. Ez eta jarduera publiko berbera partekatzeak ere. Bai ordea, gure jarduera premiazkoa ulertzeak edo bederen, inolako zilegitasunik gabe ezindu ezin daitekeela jakiteak.

Ideia eta jarduera horiek burura eramateagatik izan gara hain zuzen ere hemen gauden batzuk atxilotuak eta espetxean sartuak. Hainbatetan gainera, toleragarriaren maila aski gainditu duen tratua jasan behar izan dugu. Epaileak eta epaimahaiak izan, fiskalak edo eskuin muturreko elkarte edo sindikatuak izan, guztiak ere guretzat ezezagunak eta arrotzak izanik ere, auzipetu egin gaituzte, eta ez buru eta ez hanka dituzten salaketen ondorioz Inkisizioko prozedurak ezarri dizkigute.

Argi geratu da ez gintuztela ezagutzen. Ez gu, ez eta gure xede eta jarduerak ere. Hala ere, gu epaitzeko ausardia izan dute. Euskal Herritik urrun, ehunka, milaka kilometrora diren organoak izan dira, justiziaren goiburuz aritu direnak. Errealitatetik ezin urrunago, alegia. Alabaina, hemen aurkitzen garenotatik askok, espetxe zigor luzeak pairatu ditugu prozesu hauen ondorioz. Beste asko, orain ari dira halako zigorrak betetzen.

Azkenik, ADIERAZI EH Ekimen Herritar honetan parte hartzen dugun beste batzuek ez dugu zitalkeria hori zuzenean jasan. Baina horrek ez du esan nahi gurekin zerikusirik ez duenik. Askatasunak murrizteko estatuak jarraitzen duen bidea ez da mugatu pertsona zehatz batzuk zigortzera edo elkarte, talde eta alderdi batzuk legez kanpo jartzera, egunkari eta irrati batzuk ixtera, edo jarduera batzuk bertan behera uztera. Hori guztia aski larria izanik, horretaz gain zentsura inposatzeko eta zuzenak diren aldarrikapenak ezkutarazteko ere balio izan du. Gizarte honetan sektore askok eta askok konpartitzen dituzten aldarrikapenak susmopean kokatu ditu. Ehunka eta milaka lagun biltzen dituzten ekitaldiak eta mobilizazioak debekatzeko aitzakia izan da. Ideiak eta proiektu politikoak libreki ibil daitezen galarazi du. Gaur egungo instituzioen osaketa desitxuratu du. Funtsean, Euskal Herriko bizitza politiko eta sozialean, parte hartze politiko eta demokratikoan eragin itzela izan du, Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna baldintzatuz.

Azken batean, eskubide politikoen ukapenak eragin maila ezberdinak izan ditu gure artean, gutariko bakoitza modu ezberdin batean kolpatu du. Baina halere, hemen gauden guzti-guztiok egoera horren parte sentitzen gara, egoeraz kezkatuta, egoerak laidotuta. Sarri askotan esan dugu egoera hori gainditu beharra dagoela, inolako berandutza edo aitzakiarik gabe. Egoera iraultzeko unea oraintxe dela diogu. Hau da bultzatzen duguna: Eksubide zibil eta politiko guztiak guztientzako, behin betirako, modu positibo eta kolektibo batean.

Guk bezala oinarri-oinarrizko eskubide zibil eta politikoen murriztapen zitalaren aurrean kezka sentitzen duten pertsona guztiei dei egiten diegu. Euskal gizarteari dei egiten diogu, piz dadila, jazar dadila

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Urtebetetzeak: Jabier Gallaga eta Irantzu Gallstegi


Jabier Gallaga (Algorta) Irantzu Gallastegi (Berango)

Jabier Gallaga
(Algorta) euskal preso politikoaren urtebetetzea izango da astelehenean, otsailaren 8an. Irantzu Gallastegirena asteazkenean, otsailaren 10ean.

Aukera ona ere bada, postal, gutun edo zerbait bidaltzeko, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri ditugun pertsona berezi hauei zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Zorionak Jabi. Zorionak Irantzu. Eta eskerrik asko erakusten duzuen adore eta kemen horregatik!

Helbideak:

Jabier Gallaga Ruiz
C.P. Cordoba
14.015 ALCOLEA (CORDOBA)

Irantzu Gallastegi Sodupe
Centro Penitenciario Teixeiro
15310 CURTIS (A Corunha)

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Urtebetetze jaia egingo da ostiralean Algortako Amnistia tabernan


Urtebetetze jaiaren kartela

Urtebetetze jaia egingo da ostiralean Algortako Amnistia tabernan, 20:30etatik aurrera: musika, giroa… eta sorpresak.

Idatzi egiezu:

Pol Asensio Millan
C.P.Alicante II
03400 Villena (Alicante)

Iker Beristain Gutierrez
5246
C.P de Meaux- Chauconin-Neufmontiers
BP 20177
Rue de Lycée- RD5
77351 MEAUX Cedex
Frantzia

Endika Lejarzegi Olabarrieta
C.P. Monterroxo
27568 MONTERROXO (LUGO)

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Abokatuek salaketa jarriko diote Itzubaltzetaren desalojoaren epaiketan deklaratu duen ertzainetako bati

2010.02.02 | atalak: 

ukberri.net


Argazkian, ostiralean manifestazio zaratatsuak zeharkatu zituen Itzubaltzetako kaleak; gaur, ordea, ez dute epaitegiaren aurrean kontzentraziorik egin, azkenean (argazkiak: ukberri.net)

Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoaren harira, bost gazte juzgatu dituzte gaur, astelehena, Bilboko Penaleko bigarren zenbakiko epaitegian. Horietatik lauk ez dute zalantzarik izan, eraikin barruan zein kanpoan, 2004ko irailaren 27ko goiz horretan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kalean egon zirela aitortzeko. Hala ere, lauek ukatu dute ertzainei harriak bota, gaztetxe barruan su-itzalgailu bat hustu, kalean zaramontziak gurutzatu edota polizia agenteei “ETA, hil itzazu!” bezalako oihuak zuzendu zizkietenik. Bitartean, ertzainek egindako deklarazioetan zalantza izan da nagusi: abokatuek kontra egin dietenean, orduan egindako atestatuari heldu zaizkio, “ia sei urte” igarota, “ondo gogoratzen ez” dutela argudiatuta. Akusazio publikoak deituta, lekukotza eman duten bederatzi polizia agenteetatik batek baino ez du seinalatu auzipetuetako bat: gertaeren egunean Itzubaltzetan ez zegoela esan duen gazte bakarra, alegia. Aldamiotik erori eta bizkarrean kolpea hartu ostean, “ia mugitu ezinik”, bajan zegoela azaldu du Alfontso Zenon abokatuak defendatutako mutilak. Haren lekukotza berretsi dute bere anaiak, lankide ohi batek eta lan egiten zuen enpresaren nagusiak; baita horren ordez gaztetxe barruan egon zen gazteak ere. Azken horri ahoz hartu zioten DNI zenbakia ertzainek; “gaizki hartu ere”, Zenonek aipatu duenez. Epaileak berak aitortu du, letra eta zenbaki bat gora behera, bataren zein bestearen DNIak antzekoak direla. Bitartean, orduan Bilboko San Inazio auzoan bizi zen gaztea ezagutzen zutenik ukatu dute gainontzeko auzipetuek. Hala ere, fiskalak ez du mutilaren kontrako akusazioa atzera bota. Abokatuek 52.478 zenbakidun agentearen kontrako salaketa iragarri dute, “testigantza faltsua ematea” egotzita. Epaiaren zain geratu da auzia.

Auzipetutako zazpi gazteetatik bi ez zeuden arren, gaur egin dute lehengo Itzubaltzeta gaztetxearen hustuketaren inguruko epaiketa, Bilboko Penaleko bigarren zenbakiko epaitegian, Buenos Aires kalean. Falta ziren bi mutiletako bat ez zegoen etxean zitazioa eraman ziotenean. Beraz, ez zuen jasotzerik izan. Bestea, aspaldi bizi da Galizian eta, bideokonferentziaz deklaratu nahi zuen arren, ezin. Zazpientzat 21 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, “ordena publikoa nahastea” egotzita. Horretaz gain, 40 eguneko kalte ordaina (10 euro eguneko) eskatzen du gaztetxe aurrealdean identifikatutako hiru lagunentzat, ertzainei aipatu irainak egitea leporatuta; baita 15 eguneko kalte ordaina (10 euro eguneko) ere, kalteak eragin zituztelakoan.

2004ko irailaren 27a

2004ko irailaren 27an, goizez, dozenaka lagun batu ziren Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kaleko gaztetxe aurrean, Getxoko Udalak eraikina botatzera bidalitako hondeamakinari bidea oztopatzeko asmoz. Salaketak dioenaren arabera, “Gora ETA!”, “Zipaio, entzun, pin, pan, pun!”, “ETA hil itzazu!” eta horren pareko oihuekin hartu zituzten bertaratutako ertzainak. Bitartean, beste hainbat gazte omen zebiltzan zaramontziak gurutzatzen, trafikoa moztuz. Gaztetxe barruan zeuden lau gazteak, berriz, harriak botaka aritu zirela eta su-itzalgailu bat hustu zutela dio akusazioak.

Bestelakoa da gazteen ikuspuntua. Mutiletatik bik adierazi dutenez, eraikinaren azken pisuko balkoian jarri ziren beste bi lagunekin batera, koltxoien azpian, “gerturatutako komunikabideek gaztetxea husten ari zirela erakuts zezaten”. Hori berau berretsi du gaur deklaratu duten bederatzi ertzainetatik batek. Aipatu beharra dago polizia horietatik lau ez zirela tokian bertan egon, gertaeren ostean komisarian beste ertzainei testigantza hartzen baizik. 52.477 zenbakidun agenteak aipatu duenez, sartu zirenean ez zuten erresistentziarik aurkitu barruan zeuden gazteen partetik; euren kaxa atera ziren. Eraikinetik “txuri-txuri eginda” atera ziren arren, ez du ziurtatzerik izan aipatu lau lagunek su-itzalgailua hustu zuten ala ez. Gaur epaitutako gazteetatik bi, berriz, kanpoan identifikatu zituzten. Euren hitzetan, Ertzaintzaren aldetik baino ez zen eman indarkeria, eserialdi baketsu baten kontra oldartu zirela, hainbat lagun zaurituz.

Mutiletako batek aipatu duenez, besotik helduta eduki zuen ertzainetako batek. Auzipetuaren hitzetan, agenteek “kontua ez atzera, ez aurrera” zegoela ikusi zutenean, zera esan zion polizietako batek besteari: “utziozu, egurra ematen hasiko gara eta”. Bere garaian, lesio agiria ere aurkeztu zuen gazteak, sudurra apurtu ziotela frogatzeko. Lehenengo oldarraldiaren ostean, tokira bueltatu ziren neska-mutilak, “barruan zeuden lagunen egoeraz kezkatuta”. “Orduan, bi agentek datuak eskatu eta ukabilka hartu ninduten, gainean piza egin nuen arte. Koltxoi baten kontra ere jarri ninduten, sudurra zapalduz”, gazteak salatu duenez. Gaztetxe barruak atzeman zuten mutiletatik batek, berriz, “tortura psikologikoak” salatu ditu: “Banan-banan gela ilun batean sartu gintuzten eta bertan utzi, paretak jotzen zituzten bitartean. Gutako baten gaua Basurtun emango zuela ere esan ziguten”, azaldu duenez.

Argudio nahikorik ez

Andoni Hernandez lau gazte horien abokatuaren arabera, “agenteetatik batek berak ere ez du eman, auzipetuak, leporatzen dizkieten delituengatik zigortzeko argudio nahikorik”. Bi ertzainek baino ez dute auzipetu banak irainak bota zituztela aitortu, harriak jaurtitzeaz eta zaramontziak gurutzatzeaz ezertxo ere ez. 52.475 zenbakidunak gazteetako batek objektuak botaka ibili zela esan arren, Hernandezek kontra egin dionean, “dagoeneko sei urte direla” erabili du aitzakiatzat. Izan ere, ez zuen horrelakorik aipatu gertaeren egunean, atestatuaren arabera. Irainen izaera, ordea, “argi” zeukaten gaztetxe aurreko lerroan egon zirela deklaratu duten lau polizia autonomikoek, baten “Entzun, entzun, pin, pan, pun!” esan ziotela aipatu duen arren. Halaber, “zalantzarik ez” dute izan, “ordena publikoa nahastu” zela esateko orduan. 121 zenbakiko Getxoko udaltzainak, baina, ez zeukan horren argi. Tokiko poliziak aipatu duenez, “bortitza beharrean aktiboa” izan zen gaztetxe aurrean bildutako lagunen jokabidea. “Agian, irainen bat botako zuten, bai; baina, inondik inora leporatzen zaizkienak”, aipatu duenez. Eraikin aurrean egon zirela onartu zuten bi auzipetuek adierazi bezala, bildutakoek egindako oihuak gaztetxeen aldeko aldarriak izan zirela esan du udaltzainak; “Herri bat, gaztetxe bat”, adibidez. Kalte delituari buruz, “txintik ere ez” da aipatu, Hernandezen hitzetan.

Alfontso Zenon abokatuak defendatutako mutilaren egoerari dagokionez, lan egiten zuen aldamio enpresaren nagusiak ere deklaratu behar izan du gaztearen bertsioa berresteko. Azaldu duenez, 2004ko irailaren 13an izan zuen lan istripua orduan San Inazion bizi zen lagunak, gaztetxearen hustea gertatu eta bi aste lehenago beraz. Egun batzuk ospitalean egon ostean, Mutuan egin behar izan zuen errehabilitazioa, 2004ko abenduaren 8an sendagiria eman zioten arte. Hori dela eta, bere defenditua seinalatu duen 52.478 zenbakidun agentearen kontrako salaketa iragarri du Zenonek (mp3). Beste horrenbeste egingo du Andoni Hernandez gaur epaitutako beste lau gazteek abokatuak (mp3). Biek ala biek euren bezeroen absoluzioa eskatu dute.

Kaltetutako autoa

Akusatuek epaiketa egin arte sei urte itxaron behar izana aringarri izateko eskaera egin du Hernandezek. Bere hitzetan, “sei urteko aulki-zigorra bete behar izan dute, euren bizitzako sei urte. Beraz, bidegabetzat jotzen dut gazte hauek zigortzea”. Alfontso Zenonek defendatutako mutilari dagokionez, “nahikoa dela” adierazi du. Zenonek berak “demokrazioan berez egin beharko litzatekeen gauza” egin behar izan duela aipatu du: “nire bezeroaren errugabetasuna frogatzea, alegia, akusazioa denean horren erruduntasuna ziurtatu behar duena”. Gertaeren egunean kalteak jasandako autoari dagokionez, hori ere aringarri izateko eskaera egin du Hernandezek. Ibilgailuaren jabeak hasieran salaketa jarri, baina gerora kendu egin zuen gaztetxeko neska-mutilek kalteak ordaindu zizkiotelako. Gaur aipatu duenez, kalteak “gazteek eraginda, zaramontziak kentzeko orduan edo hondeamakinak eraginda” izan ziren ez daki. Izan ere, lanetik etorrita aparkatu eta, hurrengo egunean, hartzera joan zenean ikusi zituen kalteak. “Ordaindu zidaten gazteek ez zuten sekula esan kalteen eragileak eurak zirenik. Desalojoaren ondorioak auzotarrek ordaindu behar ez izatea baino ez zuten nahi”, azaldu du autoaren jabeak. Hernandez abokatuaren arabera, “ertzainen pilotakada batek eraginda ere” izan zitezkeen kalteak.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu





Itzubaltzetako bost auziperatuak babestu dituzte herriko gazteek

2010.02.01 | atalak: 

ukberri.net


argazki gehiago hemen ((ukberri.net))

Gaur goizeko 10:30etik aurrera Bilbon epaituko dituzten Itzubaltzeta / Romoko bost gazteei beren babesa eskaini zieten dozenaka gaztek pasa den ostiralean. Lehenengo Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoan, 2004 irailaren 27an, “ordena publikoa nahastea, agintaritzari desobeditzea eta irain delitua” egitea leporatu dizkietela, herriko gazteek agerraldi bateratua (mp3) egin zuten, propio, bigarren Itzubaltzeta gaztetxean. Bertan, herriko kolektibo, koadrilek eta auzokideek salatu zuten “epaiketa fartsa” eta erakundeei “espekulatzaile hutsak” izatea leporatu zieten. Bestalde, desalojoaren egun hartan bortxakeria erabili zuen bakarra Ertzaintza izan zela gogoratu zuten. Ostiralean ere, gaztetxetik 130 lagun atera ziren manifestazioan eta kargatzearekin mehatxatu ostean, hainbat baldintza ezarri zizkien Ertzaintzak. Auziperatuek 21 hilabeteko espetxe zigorra eta milaka euroko isuna eskaera banari egin beharko diote aurre. Goizeko 10etan, elkarretaratzea deitu dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean. Argazkian, hainbat gazte erakutsi zuten epaiketaz pentsatzen dutena.

Orain lau hilabete izan ziren bost urte Ertzaintzak Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia kalean zegoen gaztetxea hustu zuenetik. Egun Errekagane kalean lekutzen dena bezala, Itzubaltzeta zeukan izena. 2004ko irailaren 27ko goiz horretan gogor aritu ziren poliziak, gune autogestionatuaren barruan zeuden lagunei babesa emateko bildutako dozenaka neska-mutil, heldu zein agure sakabanatzen. Orduan identifikatutako gazteetatik bosti, orain heldu zaie epailearen aurretik igarotzeko aldia.

logoaren irudia zabaldu | logoaren irudia bildu
















etengabe[abildua]gmail.com | eskerrik asko: Blogsome










Uribe Kostako presoak
Euskal preso politiko guztiak
Presoen zerrenda
Espetxeen helbideak

Bilatu blog honetan:



Atalak:



Artxiboa:



RSS .92
RDF 1.0
RSS 2.0
Atom
Iruzkinak RSS 2.0

Jaso blog honetako
albisteak e-postaz























>> lotura gehiago <<